Legebiltzarreko Justizia Batzordearen aurrean agertu da, gaur goizean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua, EAErako dituen zigor-arloko betearazpenaren eta espetxeen eredua aurkezteko.

Hasieran Azkarragak aipatu duenez, bere proposamena “eskumena –estatuak guri era esklusiboan onartua– gure gain hartzerakoan politikak ezartzen ahalbidetuko digun eztabaidarako abiapuntua da”. Eta gehitu duenez, “Estatutua onartu eta 26 urte igaro ostean, transferentzia jaso barik jarraitzen dugu”.

Azkarragak adierazi du errefusatu egiten duela EAEri dagokion eskumena administrazio zentralak gauzatzen jarraitzea, eta, ildo horretatik, eskatu dio legebiltzarkideei Eusko Jaurlaritzak dagoneko exijitu duena bultzatzeko, hau da, eskumen hori lehenbailehen transferitu dezatela. “Berriro ere egiaztatzen dugu erabateko zigorgabetasunaz diharduela Estatuak. Alde bakarreko erabakiak, transferentzia egiteko erabateko ezetza bezalakoak, autogobernuaren kontrako benetako eraso bortitza dira. Jokabide hori terrorismoaren aurkako politikan babesten saiatzea da, gainera, gai horri erabilera alderdikoia ematea, argi eta garbi, eta gai horrek pertsonen bizian eta askatasunean eragiten dutela kontuan hartuta, edozein trapitxeotatik kanpo egon beharko luke”.

Espainiako espetxeen sistemaren laburpena egitean, Justizia-arloko arduradunak adierazi duenez, 1995eko Zigor Kodea aplikatzearen ondorioak 2000. urteaz geroztik hasi dira estatistiketan islatzen; lege horretan zigorrak erredimitzeko aukera kentzearen ondorioz, praktikan espetxe zigorrak luzatu egin dira. “5 urteetan presoen kopurua ehuneko 33 handitu da, baina aurrekontuak, ordea, ez dira behar bezala handitu”.

Orobat aipatu du estatu espainoleko 77 espetxeetan (horietariko 11 Kataluniako Generalitatek kudeatuak) 61.261 pertsona preso daudela. “Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren baitan dauden espetxe horietan, azaroaren 11n, 52.928 preso zeuden, 66 kartzeletan banatuta; nahiz eta 38.785 presorentzako lekua egon”.

Urte gutxian presoen ehuneko herena hazi da. Hori dela-eta, estatu espainola Europar Batasuneko bigarrena da biztanleko dauden preso-kopuruaren aldetik (140 preso 100.000 biztanleko). “Nazionalitate espainola duten presoen hazkundea ehuneko 18koa da “soilik”, eta, horrenbestez, batez ere preso atzerritarrak areagotu dira; horiek guztien ehuneko 27 direlako, nahiz eta biztanle guztien ehuneko 8,4 baino ez izan, azken datuen arabera”, zehaztu du sailburuak.

“Gainera, egindako berrikuntzen ondorioz kartzelatzea da nagusitzen den zigorra, bestelako neurri alternatiboak baztertuz”, erantsi du Azkarragak, eta zigorren betearazpenaren eta kartzelatzeaz besteko neurrien aldetik lege-hutsune bat dagoelako konbentzimendua erakutsi. Ildo horretatik, batzordeko kideei gogorazi die 2003ko azaroan Eusko Legebiltzarra zigor-arloko eta zigor-prozesuko kontuen berrikuntzen kontra agertu zela, zenbait oinarrizko printzipioen (berdintasunarena, gutxieneko esku-hartzearena, banan-banako tratamenduarena edo gizarteratzearena) aurka zihoazela egiaztatzean.

Azkarragak adierazi duenez, “ideiak argi eta beharrezko baliabideak izanda eskumena hartzeko prest egotea da gure konpromisoa eta ardura. Hau da, espetxeez gain, zigor-betearazpenari buruzko kontu guztiez arduratu behar dugu, gazte-justiziari dagokionez gaur egun eskumena garatzean gertatzen den lez.”

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak proposatzen duen ereduak, haren arduradun gorenaren arabera, zigor-arloko betearazpena justiziaren arloan, eta ez segurtasunean, kokatzen du. “Oso argi daukagu, kartzelatzeko behar diren mugak aparte, presoek giza eskubide eta funtsezko askatasun guztiak izan behar dituztela, hala nola, pentsatzekoa, adieraztekoa, iritzia edo sinesmenak izatekoak”. 2003ko azaroaren 7an (2003/11/7) honako printzipioekiko atxikimendua adierazi zuen espetxe politikari dagokionez Lege biltzar honek:

-pertsonaren duintasunaren errespetu osoa
-giza legearen araberako zigorrak
-bergizarteratzea
-gizarte politikak delituaren aurkako politikan sartzea
-biktimaren ikuspegi legitimoa sartzea zigor-sistema osoan
-espetxe-zigor gutxiago ezartzea beste zigor-mota batzuen mesedetan
-hainbat zigorren iraupena gutxitzea,
-sexuen arteko berdintasuna
-zigorra presoa bizi den lurraldean betetzea

Sailburuaren ustez, gaur egun Frantzian gertatzen ari denak irudikatzen du zelan “legea eta ordenaren” aldeko dei politikoek ongizate-politika barik “ez duten ordena bermatzen, ezta legea betetzen ere”. “Ez dago zigor-arloko justizia eraginkorrik egoterik gizarte-justizia handirik gabe, eta prebentzio-lan horretan, Justizian, Hezkuntzan, Osasunean, Enpleguan, Etxebizitzan, besteak beste, ardurak ditugun erakunde guztiok daukagu zerikusirik”, azpimarratu du Azkarragak.
Halaber, pertsonen –biktima zein biktimak eragiten dituenak– duintasuna errespetatzeak, zentzurik zabalenean, zigor-arloko eta espetxeetako betearazpenaren muga, gaindiezina, behar du izan. “Gure ustez, auziperatu eta zigortutako pertsonaren eskubideak albait gutxien murriztu behar dira, delituen prebentzioa lortzeko ezinbestekoak, besterik ez”, esan du.

“Beti defendatu dugu gizarte-deserrotzea saihestea eta gizarteratzea bultzatu beharra. Bidezko oreka aurkitu behar dugu, biktimari konpentsatzearen eta zigortutakoaren gizarteratzearen artekoa”, azaldu du berriro sailburuak.

EAEKO ESPETXEETAN DAGOEN EGOERA

Joseba Azkarragak EAEn kokatutako kartzelen egoera nabarmendu du. Sailburuak eskainitako datuen arabera, EAEko hiru kartzeletan 1.233 preso daude (950 zigortuak eta 283 prebentiboak), azken hilabeteotan Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak zenbaitzuk Langraiz Okako kartzelatik beste batzuetara aldatu dituenetik, jende metaketaren arazoak zuzentze aldera.

Horietatik, 82 emakume dira (16 prebentibo); eta 1.151 gizonezko (267 prebentibo).
Basauriko espetxean, 117 gizon daude prebentziozko presoaldian eta 167 zigortuak. Guztira, 284 lagun. Basaurik guztira 132 gela ditu (departamentu orokor batean, modulu batean, erizaindegian eta sekzio irekian banatuta) eta horietariko gehienak kolektiboak dira, 30 metro koadrokoak. Guztira, 156 langile daude, eta horietatik gehienak, 126, zaintza eta administrazio-lanetan dabiltza. Beste 25 teknikariak dira, eta 5 administrari. Funtzionario/plazaren ratioa 1,6koa da.

Langraiz Okako kartzelan 54 gizon eta 8 emakume daude prebentziozko kartzela-aldian, eta 542 gizon eta 54 emakume zigorra betetzen. Guztira, 658 lagun. Langraiz Okak 560 gela ditu, banakakoak gehienak, 8 metro koadrokoak, nahiz eta emakume-sekziokoak handiagoak diren, eta gizonen erizaindegian lau gela komunitario dauden. Bertan, 256 langile ari dira lanean, eta horietatik 214 zaintza eta administraziokoak dira; 36 teknikari eta 6 Zuzendaritzakoak. Funtzionario/tokiaren arteko ratioa 2,7koa da.

Martuteneko kartzelan, guztira, 291 gizon eta 8 emakume daude prebentziozko kartzela-aldian, eta 175 gizon eta 12 emakume zigorra betetzen. Hiru modulu eta 100 gela ditu; gehienak partekatzen dira eta 2 lagun edo gehiagorentzat ere taxututa daude. Kartzela horretan ere langileen gehienak, 149tik 120, zaintza kontuetan dabiltza. Funtzionario/tokiaren arteko ratioa 1,9koa da. Datu eta balorazio horiek jasota daude, baita ere, Giza Eskubideen Komisario Álvaro Gil-Roblesek 2005eko martxoaren 10etik 19ra bitartean Estatu Espainiarrera egindako bisitari buruzko txostenean.

Ikerketen arabera, presoak zahartzen ari dira, zigorren iraupenarengatik eta drogamenpekotasunarengatik batez ere. Horiek egiaztatzen dutenez, espetxeetako osasun-arazo nagusiak hiru hauek dira: buruko gaixotasunak, drogamenpekotasuna eta infekzio-gaixotasunak.

Laguntza eman zaien presoen erdiak baino gehiagok, 1999an esaterako, mendekotasun-arazo batengatik eskatu zuen laguntza. Gainera, preso daudenen ehuneko 5 eta 8 bitartekoak trastorno psikoaktibo kronikoak nozitzen ditu.

Sailburuaren ustez, gaur egungo espetxeetako azpiegiturak eta ekipamenduak zaharkituta daude, desegokiak dira eta, hein handi batean, kartzelak kudeatzean indarrean dagoen espetxeen ordenamendua betetzea ezinezko bihurtzen dute. “Egoera etsigarria da aurreko guztiaz gain kontuan hartzen badugu gizarteratzeko gunerik ez dagoela, espetxeaz besteko unitate bakarra dagoela soilik eta kartzelatzeaz besteko neurri alternatiboak ezartzeko espetxeetako gizarte zerbitzuek oso baliabide urriak dituztela”.

“Eusko Jaurlaritzak inoiz ez ditu begiak itxi EAEn kokatutako kartzelen egoera tamalgarriaren aurrean, baina esku hartzeko edo erabakiak hartzeko eskuak lotuta egon da, eta badago, nahiz eta begi-bistakoa izan abandonatuta egon direla”.

“Salaketek sentikortu eta sentikortzen gaituzte, eta horregatik egiaztatu dugu espetxeetako politikaren oinarrizko helburu batek, epe ertainera eta luzera, mailaz maila, oraingo espetxeak ordezkatzea izan behar duela”.

Sailburuaren ustez, epe luzera gaur egungo kartzelak itxi beharko lirateke, “eta horrek ez du esan nahi, ezinbestez, gaur egungo kokapena baztertu behar denik”, eta espetxe txikiak egin, hori bai, lurraldeetan egoki kokatuta, eta banakako beharren araberako ezaugarri espezifikoekin.

PROPOSATZEN DUGUN EREDUA

Dena den, Azkarragak zehaztu duenaren arabera, “proposatzen dugun eredua aurkezterakoan, komeni da aurretik zigor-arloko betearazpenaren sistemak behar dituen baliabideak kontuan hartzea, bai askatasunez gabetzeko zigorrei dagokienez, baita kartzelatzea edo askatasunez gabetzeko beste gune batean sartzea hartzen ez dituztenak ere”.

2004ko uztailean egin zen azterketari esker jakin genuen EAEko kartzelatze-tasa mila biztanleko 59 pertsonakoa dela (1.249 lagun preso 2.116.000 biztanletatik, 18 urtetik beherakoak kendu gabe eta egoitza irregularra kontuan hartu gabe).

Sailburuaren arabera, tasa hori ehun mila biztanleko 97raino iritsiko litzateke 2004ko uztailean EAEn erroldatuta egon arren gure erkidegoz kanpoko espetxeetan zeuden 809 pertsonak kontatuz gero. “Estatuko batez besteko kartzelaratze-tasa baino txikiagoa da, besteak beste, EAEn delitu-tasa ere txikiagoa delako”, erantsi du.

“Datu horien arabera ondorioztatu dezakegu etorkizuneko zigor arloko betearazpenaren sistemaren plaza-kopuru hobezina (zentro arruntak, irekiak eta mendeko unitateak) 1.100 eta 1.500 plazen bitartekoa dela”, adierazi du Azkarragak, eta azpimarratu tokien ehuneko 30 eta 40a bitartean erregimen irekikoak izan beharko luketela. (Gizarteratzeko Zentroak, mendeko unitateak, drogamendetasun azturak kentzeko zerbitzuak, edo beste hainbeste). Gainerakoak, —700 eta 1000 plaza bitartean— erregimen arruntekoak izan beharko lirateke.

Ereduak jasotako zenbakien eta printzipioen arabera, erregimen irekiko pertsonentzako hiru gizarteratze-zentro –75 eta 150 toki bitartekoak, gizon eta emakume helduentzat– ezarri behar direla ulertu dugu”. Erkidegoko lurraldeetan bana jarriko litzateke, eta Ingurune Irekiko Ekipoak izango lituzkete askatasuna galtzekoak ez diren zigorren betearazpena eta jarraipena egiteko.

“Argi geratzen da ingurune irekiko zentroaren funtzionamenduak zigorra betetzeko banakako programetan oinarritu behar dela. Horietarako zenbat langile behar diren kalkulatze aldera, kontuan har daiteke Kataluniako Generalitatek dagoeneko hori ikertu duela eta honako behar hauek antzeman dituela: 120 tokiko psikologo bat, hirurogei tokiko gizarte-langile bat, hogeita hamar tokiko hezitzaile bat eta 120 tokiko jurista bat”.

Horretaz gainera, ulertzen du bi zentro arrunt berri bi –250 eta 350 plaza bitarte dutenak, edo, bestela, zentro bat 500 eta 700 bitarte dituena– eraiki beharko liratekeela zigortuta eta prebentziozko presoaldian dauden gizon helduentzat. Aukera gisa, zentro arrunt bakoitza honela banatzea aurreikusten da:

-erregimen irekiko 3 modulu (120-150 pertsona)
-modulu erdi-irekia, irteteko baimenak dituztenentzat (40-50 pertsona)
-prebentziozkoentzako bi modulu
-pasadizoken modulu bat (40-50 pertsona)
-eta drogagabeko unitate bat (40-50 pertsona).

“Era berean, 25 eta 28 urte bitarteko gizon gazteentzako zentro berria behar da, 50 eta 100 toki artekoa; eta beste bat emakumeentzat, 100 eta 150 tokikoa, prebentziozko kartzela-aldietarako eta euren kargura seme-alabak dituzten amentzako departamentu espezifikoekin”, aipatu du Azkarragak.

“Lau zentro arrunt berriez ari gara, beraz, baina ez dago, inola ere, gaur egun ezagutzen ditugunekin parekatzerik. Gure proposamenak ez ditu gaur egungo eskemak errepikatu nahi. Formak aldatzea pentsatzen ari gara, esate baterako, ikusmolde arkitektonikoa bera, eta ezarri beharreko programak ere bai. Harremanak bideratzeko beste era bat dagoela uste dugu, irizpide argi batekin: segurtasun-kontzeptua errotik aldatzea”, argitu du sailburuak.

Horrez gain, beharrezkoa izango da bi ospitale-unitate sortzea. Bat orokorra eta bestea psikiatrikoa. Biak osasun sare publikoaren barruan egongo lirateke.

Mendeko Unitateen sorrera era aurreikusten da. Horiek legean aurreikusita daude, eta pertsona gutxirentzako etxebizitzak izango lirateke. Unitate horiek komunitate baten barruan txertatzen dira, elkarteekiko edo espetxez besteko entitateekiko hitzarmenen bidez, hirugarren graduan daudenen zigorrak betetzeko modu bereziak errazteko.

Sailak aurkeztutako ereduak ingurune irekiko ekipoetan kokatuko liratekeen ingurune irekiko hiru ekipo abian jartzea ere sartzen du; horien helburua epailei eta auzitegiei laguntzea lirateke, komunitatearen onurako laneko neurriak, segurtasun-neurriak eta baldintzapetutako askatasunak laguntzekoak betearazteko, baita betearazpena etetetik ondorioztatutako obligazioak ere. 40 gizarte-hezitzaile, 5 jurista, 5 psikologo eta dagozkion administrazioko langileez hornitu beharko lirateke, gutxi gorabehera, hiru lurraldeetan, beharren arabera, banatuta.

EZAUGARRIAK ETA DEFINITZEKO IRIZPIDEAK

Joseba Azkarragak zigor-arloko eta espetxe-betearazpenaren eredua oinarrizko printzipio batean ezartzen dela gogorazi dio legebiltzarreko batzordeari: preso dagoenari askatasuna kendu zaio, baina gizakia den aldetik dagozkion gainerako eskubideak baditu. {}Hortik ondorioztatzen denez –esan duenaren arabera–, “eredu hau definitzen duten funtsezko elementuek oinarri hauek dituzte: pertsonaren duintasunarekiko erabateko errespetua; zigorren humanitatea; presoak gizarteratzea; gizarte-politikak politika kriminalean txertatzea; biktimaren perspektiba legitimoa zigor-arloko sisteman, oro har hartuta, sartzea; kartzelaratzea gutxitzea eta bestelako zigorrak baliatzea; zigor horietatiko batzuk murriztea; zigorrak presoen erkidegoan betetzea; eta, azkenik, sexu berdintasuna”.

Ondoren, bere ereduak hiru ardatz dituela azaldu du, alegia:

· Diziplinartekotasuna, hau da, hainbat sailen arteko konpromisoa, besteak beste, Hezkuntza, Osasuna, Justizia, Lana eta Gizarte Gaiak.

· Gizarte politiken integrazioa, hau da, zigor-politikaren barruan hezkuntza-, lan-, osasun- eta berdintasun-politikak sartzea.

· Eta zigor-sistemako eragileen inplikazio zabala. Horien artean daude Abokatuen Elkargoak, Botere Judiziala, Arartekoa, gobernuz kanpoko erakundeak, eta gizartea oro har.

“EAErako nahi dugun ereduak espetxe eta oro har zigor-betearazpeneko sistema osoko langileak hautatu, prestatu eta funtzionatzeko sistemak aldatzea proposatzen du. Zaintzatik haratago doan esku-hartzea bultzatu beharra dago, gizarteratzera bideratuta. Langileen gaitasun profesionala albait gehien hobetzea beharrezkotzat jotzen dugu, jakina, eta gizarteratze-prozesuetako eragile gisa duten funtzioari duintasuna ematea ere bai”, adierazi du.

“Begi-bistakoa da kartzela handien ordez, zentro txiki eta espezifikoen alde egiten dugula. Gure ustez, zigorraren gizarteratze-helburuaren arabera lan egiteko, eta, era berean, eraginkortasunez kudeatzeko aukera ematen dute mota horretako zentroek. Beste herri batzuetako, esaterako, Kanada edo Norvegiako esperientziak –zentro txiki eta dibertsifikatuen alde egiten dute–, baita Kataluniakoak ere –tamaina handiko zentro tipoen egokitasuna egiaztatu dute– aukera estrategiko horren alde egitea gomendatzen dute”, jarraitu du sailburuak.

“Ahalik eta tratamendu indibidualizatuena egitearen aldeko apostua egiten dugu, eta horretarako beharrezkoa da gizabanakoaren egoera pertsonala eta soziala benetan ezagutzea. Komunitatea zigorren betearazpenean ere inplikatu nahi dugu, elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek espetxea giza legezkoagoa egiteko burutzen duten lan gaitza azpimarratuz”, esan du sailburuak.

PROGRAMAK ETA GIZA BALIABIDEAK

Baina zentro berriak eraikitzea eta beroiek kudeatzeko printzipio argiak izatea ez da nahikoa izango, baldin eta ez bazaio sistemari behar bezalako giza eskubideez eta programez hornitzen. Ezarri beharreko eredu horretan langile teknikariak sustatu behar dira, eta horiek espetxeetako egungo langileen %10 edo 15 baino ez dira egun. “Guk zaintzan bakarrik dabiltzan langileak murriztearen alde egiten dugu. Edonola ere, horren giltza zaintza-lana egiten duten langileak (%85-90) beste egitekoetarako prestatzea izango da”, aipatu du Justizia-arduradunak.

Azkarragak argitu duenez, ereduak tratamendu espezializatuko programak eskaini behar ditu euren borondatez onartzen dituzten pertsonentzat, mendekotasunezko jokabide, sexu-eraso eta genero-biolentzia bezalako kontuei dagokienez. Sistemaren beste erronka bat da preso dauden atzerritarren premiei erantzuna ematea. “Gaur egun, EAEko kartzeletan 40 nazionalitatetako pertsonak daude, eta ez dago itzulpen-zerbitzu iraunkorrik, ezta kulturen arteko bizikidetza errazteko programarik ere”.

Era berean, kartzelatik ateratzean preso ohiak aurkitzen duen egoera ere kontuan hartu behar du. “Gizarteratzeko bermeak izateko ezinbesteko hiru premia daude: norbait zain izatea, bizitzeko etxebizitza izatea eta nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa ematen dion lana izatea. Horregatik, eremu horretako edozein laguntza-programak hiru arloak landu behar ditu”.

Azkarragak, berriro ere, adierazi zuen presoen duintasuna eta giza eskubidea bermatzea eta zigorrak bergizarteratzeko duen egitekoa betetzea helburu oinarrizko eta utzi ezinak direla eredu horretan.

Jatorria: Joseba Azkarraga