Dena asmatuta dagoela esan ohi da eta, EAEren gobernabilitateari buruz ari bagara, hala da: mahai gainean dauden aukerak probatu ditugu dagoeneko.
EAJk PSEren babesa bilatu dezake, aukera bat da eta ez berria. Izan ere, EH Bilduri 18. eserlekua eman zion Bizkaiko azken aulki horren dantza eman ez balitz, EAJk ez luke zalantzarik izango. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herriaren zati honetarako ona izango zenik, norabiderik gabe doan PSOEren barruan galdurik dabilen PSEk gobernu bati egonkortasuna eman ahal dion pentsatzen hasita zalantza handiak baititugu.
Gainera, eta zilegi izango litzatekeela onartuta ere, eta azken aulkiaren dantzaren aurretik PSEk eta EAJk gehiengoa osatzen zutela jakinda ere, gogoratu behar da hori ez dela ez gehiengo posibleen artean zabalena ezta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarteak nahiago duena ere.
Mahai gainean dagoen beste aukera, EAJk eta EH Bilduk gehiengo egonkorragoa osatzea alegia, aurretik egindakoa da ere. Gasteiztarrek ezagutzen duten formula da eta Nafarroan oso formula antzerakoa baliatu da, Geroa Bai-EH Bildu. Baina ez hori bakarrik, Eusko Legebiltzarrean ere abertzaleen arteko hitzarmen hori ez da berria.
1999, Lizarra-Garaziren epean, EAJ, EA eta Euskal Herritarrok-ek legegintzaldi akordioa sinatu zuten. Egun zorionez euskal politikatik at dagoen biolentziarengatik hautsi egin bazen ere, jeltzale eta gaur EH Bildu osatzen duten bi indarren arteko hitzarmena posible dela irudikatzen du, bate zere hauteskunde kanpainan zehar aldarrikatu dugun guztion herri horretan pentsatzen badugu.
1999ko maiatzaren 18an Ibarretxe lehendakariak, EAJren izenean Xabier Arzalluzek eta Joseba Egibarrek; Garaikoetxea lehendakariak eta Rafa Larreinak EAren parte zeta Arnaldo Otegik eta Joseba Permachek Ezker Abertzalearen izenean sinatutako Legegintzaldi Hitzarmena alderdi abertzaleek egoera jakin bati emandako erantzuna izan zen. Eta egoera horretan zeuden behar nagusiak bakea eta elkarbizitzaren eraikuntza batetik eta enplegua eta gizarte justizia bestetik ziren.
Beraz, egun dugun egoerarekin antz handia duen egoera da. Horregatik, herri ikuspegi antzekoa dutenen arteko akordioak behar dira, eta guztiaren gainetik akordioak bilatzeko borondate politikoa behar da.
Subiranotasunaren aldeko alderdiok osatzen dugun gehiengo absolutuak aukera ezin hobea eskaintzen digu bakea eta normalizazio politikoan aurrera egiteko, hau da duela hamarkadak konpondu gabe ditugun auzietan lan egiteko. Gainera krisi egoeran gaude, baina krisiaren zentzu sakonenean, hau da, aldaketa edo haustura egoeran. Horregatik, politika sozioekonomiko ausartak behar ditugu gizarte justizian oinarrituko den gizartearen sustraiak jartzeko.
Egoera horretan inork ez du ulertuko 45 edo 56 eserleku ematen duten ahalmena ez erabiltzea gizarteak nahi duen norabidean aurrera egiteko. Are gehiago krisi eta aukera antzeko egoeran emaitza positiboekin saiatu zen formula izanda.