Lan eskaintza publikoetan euskararen balorazioan atzera egitearen aurka egingo du EAk, Administrazioak hiritar guztiei, euskaldunoi ere bai, hizkuntza eskubideak bermatu behar dizkielako.
PSEk eta PPk gaur goizean Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamena kritikatu du Jesus Mari Larrazabalek, eta uko egin dio lan eskaintza publikoetan euskararen balorazioa berraztertzeari eta, baita ere, Administrazioko lanpostuetan ezarritako hizkuntza eskakizunak jaisteari. EAko bozeramailearen iritziz, “PSEren eta PPren helburu bakarra zera da, euskararen balorazioan atzera egitea eta euskalduntze prozesuan azken urteotan emandako aurrerapausoak bertan behera uztea. Praktikan euskaldunok gure herrian bertan bigarren mailako hiritarrak izatea nahi dute”.
Salaketa horren harira, Administrazioak euskal hiritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu behar dituela gogorarazi du Larrazabalek eta gaur onartutako proposamena kontrako bidean doala salatu ere bai. Bere ustez, euskarak lehentasunezko tratamendua behar du, hizkuntza gutxitua delako, eta hizkuntza eskubideak zonifikatzea -PSEren eta PPren asmoen arabera- onartezina litzateke. Izan ere, eskubideak ezin dira aitortu edo ukatu helbidearen arabera; horrek hiritarren artean maila ezberdinak sortzea ekarriko luke, segun eta non bizi diren”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna