“Mañeru eremu mistotik kanpo utziz, herritarrek kalean eskatzen duenaren gainetik eskuinak bulego batean esaten dienari arreta handiagoa diotela erakutsi dute” esan du Gartziak
Nafarroako Eusko Alkartasunak PSNk Navarra Sumari bere botoak batu izana deitoratu du, Mañeru eremu euskaldunetik kanpo uzteko. Gogoratu behar da bertako Udalbatzak aho batez onartu zuela hizkuntza-estatusa eremu mistoan sartzea.
“Herriak berak eskatu du eremu mistoan egotea, baina PSNri bost auzokideek esaten dutena. Nahiago du eurei kasurik ez egin nafarrarroako eskuina pozteko. Nafarrek eskatzen dutena berdin bazaie, nortzuentzat gobernatzen dute orduan?” galdetu du Nerea Gartzia Eusko Alkartasunako nafar koordinatzaileak.
Gartziarentzat, “ez du zentzurik Mañeruri inguruko beste herriekin alderatuta estatus ezberdina ematea. Izan ere, eremu mistotik kanpo geratu den mankomunitateko udalerri bakarra da. Alegia erabat surrealista da afera. II. mendetik hona euskararen zantzuak daude inguruan, beraz Euskara ez da udal-mugartetik kanpokoa. Eskuinak eta PSNk ez gaituzte inoiz kontrakoan konbentzituko. Horretan ez litzateke ezta eztabaidarik egon behar ere”. Euskara “gaztelania bezain gurea” dela dio koordinatzaileak.
Zentzu horretan, “estatus aldaketa naturaltasun osoz onartu beharko litzateke, baina beste behin ere, Nafarroan badira garai ilunetara itzuli eta euskara arma politiko gisa erabili nahi dutenak. Nazkagarria da, eta PSNk horrelako planteamenduetatik berehala aldendu beharko luke eta sen onera etorri”, gaineratu du.