Elkarrizketa Eusko Alkartasunako Antolakuntza Idazkariarekin BERRIA egunkarian

Indar politiko guztiak «gatazkaren konponbidean aurrera egiteko baldintzak sortzeko konpromisoa» hartzera deitu ditu Rafa Larreinak, Alkartasun Egunaren eta EAEko Legebiltzarreko eztabaidaren atarian.

Begi bat Alkartasunaren Egunean eta bestea datorren ostiraleko Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran jarrita, egoera politikoaren nondik norakoak aztertu ditu Rafa Larreina EAko antolakuntza idazkari eta bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean. Ausardia eta ardura dira gehien erabili dituen hitzak.

Begoña Errazti EAko lehendakaria Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko lehendakariarekin bildu da aste honetan.

Bilera hori garrantzitsua da joera aldaketa bat adierazen duelako. Urteetako inkomunikazioaren ondoren, Espainiako gobernuburua hitz egiten hasi da. Alde formala positibotzat jo dugu. Elkarrizketa atsegina eta irekia izan zen. Guk zerbait argia adierazi genion: Euskal Herriko egoera gatazka politiko baten ondorio dela, eta gatazka politikoak politikaren bidez konpontzen direla. Horrek denentzat balio du, Zapaterorentzat, Espainiako Gobernuarentzat, eta ETArentzat ere balio du. Gatazka politikoak ez dira konpontzen zapalkuntzaren bidez edo indarkeriaren bidez. Horrez gain, ausarta izateko ardura duela adierazi genion. Arazo horiek ausardiaz eta arrisku politiko dosi bat hartuz konpontzen dira. Horrekin batera, adierazi diogu ezin zaiola inori eragotzi hauteskundeetan ordezkaritza akreditatu nahi izatea, alderdien legez kanporatzearekin gertatzen ari dena.

Nolako harrera sumatu zenuten Zapateroren aldetik? Nola erantzun zion euskaldunen borondatea errespetatzeko eskaerari?

Entzuten zuela eta jarrera irekia duela ikusi genuen. Ez dakigu zer egingo duen. Ausartak izateko beharrarekin nolabaiteko adostasuna izan zen. Ikusi beharko da gero zertan gauzatzen den.

Deigarria izan zen nola bilera osteko prentsaurrekoan Begoña Erraztik gomendatu zion Espainiako Gobernuari ETArekin harremanak izateko. Une egokia al da horretarako?

Guk beti esan dugu gatazkak hitz eginez konpontzen direla. Konbikzio delituak daudenean, delitua amaitzeko konbikzioa aldatu behar da. Hori hitz eginez egiten da. Espainiako Gobernuak harremanak izateko gaitasuna izan behar du ETAren munduarekin konponbideak bilatzeko, jakinik gai politikoak euskal gizartearen ordezkari legitimoekin hitz egin behar direla. Gobernu guztiek hitz egin dute ETArekin, beraz, ez da eskandalua edo harrigarria.

EAk uste du aukera egokia dagoela gatazka armatua bideratzeko?

Indar politiko guztiek daukagu erantzukizun handia baldintzak sortzeko hau amai dadin. Une garrantzitsuan gaude erantzukizun hori gauza dadin. PSOEk eta Zapateroren gobernuak ardura bere gain hartu behar dute eta ausartak izan. Ez dugu ulertzen Espainiako Gobernuak esatea errespetatuko duela Kataluniako Parlamentuak diona eta ez esatea gauza bera Eusko Legebiltarrari dagokionez. Euskal Herriaren gehiengoak onartzen duena errespetatuko duela esateko eskatzen diogu. Beste eragile batzuei erantzukizuna bere gain hartzeko esaten diegu. Batasunaren munduari, adibidez, esaten diogu nazio eraikuntzan eta gatazkaren konponbidean aurrera egiteko baldintzak sortzeko ardura izan behar dutela. Batasunari eta SAri aitortu diogu politikaren aldeko apustua soilik egiten dutela. Baina beste urrats bat egin behar dute. Ez da nahikoa esatea bide politikoen alde egiten dutela. Esan behar diote haien esparru sozialari egin beharrekoa soilik politikaren alde apustu egitea dela. Baldintzak sortzeko ardura dute. Une honetan, ordea, norabide negatiboan ematen ari dira urratsak.

Ze urrats?

Uda honetan areagotu egin dira presio pertsonalak hautetsien kontra. Horrek ez dauka zerikusirik politikarekin. Onartezina da presionatzea era pertsonalean, fisikoki, mehatxuekin. Hori atzerapauso bat da, oztopoak sortzea. Kritika politikoa gogorra izan daiteke, baina pertsonen askatasuna babestu behar da. Bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu eta ausart jokatu. Gu saiatzen ari gara. Gure eremu ideologikoaren barruan ulertzen ez diren erabaki batzuk hartzen ari gara. Batzorde Nazionalak arrisku bat hartu du, eta izan daitezkeen kritiken gainetik Nazio Eztabaidagunean lanean ari gara. Apustu garrantzitsua da, baina arriskutsua ere. Denok izan behar dugu gatazkaren konponbidean aurrera egiteko baldintzak sortzeko konpromisoa. EAJri esan diogu Nazio Eztabaidagunean parte hartzeko ahalegina egiteko. Nire ustez, EAJk ausartagoa izan beharko luke arlo horretan. PSOEk ere baldintzak sortzeko ardura hartu behar du bere gain. Adibidez, presoen arloan. Baldintzak sortzeko orduan, batek bakarrik egiten badu ez du ezertarako balio, denok egin behar dugu.

Estatutu Proposamenaren eztabaidari dagokionez, zuzenketak eztabaidatzeko unea da. Egongo da epe berri bat ekarpen gehiago aurkezteko?

Norbaitek aurkeztu nahi badu zabaldu ahal da. Argi dago ez duela inork aurkeztu nahi. Hola bada, ez dauka zentzurik zabaltzeak. Norbaitek elementu gehiago ekartzeko borondatea erakutsiko balu, EAren aldetik ez legoke arazorik epe berri bat zabaltzeko. Ona da esparru juridiko-politikoaren proposamen berri bat ateratzea, EAErako, baina nazio ikuspegiarekin. Prozesu hori nazio eraikuntzaren bidetik joan dadin lan egingo dugu.

Hirukoaren barruan hurbiltzerik izan da bakoitzak aurkeztutako zuzenketak hitzartzeko?

Lan hori orain egitea dagokigu. Hurbiltzeko biderik badela uste dut. Egun mahai gainean dauden zuzenketa guztiekin aurrera egiteko aukerak badira. EAk akordiobideak ditu beste taldeek aurkeztutako zuzenketekin, EAJ, SA eta Ezker Batuarenekin.

Ezker Batuak ez al du nahi jarrerabereizi bat izan azkeneko unera arte?

Ez dakit. EBren zuzenketa batzuk atzerapausoak dira, baina beste batzuetan ados egon gaitezke. Gobernuaren akordioa hiruren arteko adostasunaren fruitua da, eta logikoa da horren alde egitea da.

Nola baloratzen duzu Batasunak egindako proposamena, hitzaurrea abiapuntu harturik gatazka gainditzeko akordio bat hitzartzeko, eta artikulatuari buruzko eztabaida gerorako uzteko?

Ezin da denbora gelditu. Garrantzitsua da hitzaurrearen adostasuna, etorkizunean pausoak ematen jarraitzeko oinarriak jartzen dituelako. Baina beste guztia geldirik uzteko eskatzea ez da zilegi. Nazio eraikuntza egunero egiten da, ez bakarrik printzipioei buruzko eztabaida handietan, baita eguneroko politikagintzan printzipio horiek gauzatzeko orduan ere. Batasunak orain proposatzen duena egin izan bagenu 1979an, ikastolarik ere ez genuke izango orain. Ezin da bereizi hitzaurrea bestetik. Nazio eraikuntza eraikuntza sozialarekin lotuta dago, eta hori herritarren eguneroko arazoei erantzunak ematea da. Ez du balio dena edo ezer ez esateak : independenteak ez garenez, ez dugu erabiltzen subiranotasuna. Hori atzera egitea da nazio eraikitzeari begira.

Hirukoaren aldetik saioren bat egongo da Batasunarekin akordioa bilatzeko, hemendik abendura bitartean?

EAk oso argi dauka: zerbaitetan ados bagaude ados gaude, nork proposatzen duen alde batera utzita. Batasunaren zuzenketaren batekin ados bagaude edo testua perfekzionatzeko orduan Batasunarekin bat gatozela ikusten badugu, ez dugu bozkatuko ados gauden horren kontra.

Beraz, kointzidentziak bakarrik onartzen dira eta ez negoziazioa?

Askotan hitzen menpeko izan gaitezke. Testu batean bat etortzen bagara ados gaude horretan. Hori ez da negoziazioa, ezta negoziazio eza ere. Hori ados jartzea da.

EAJko buruzagi zenbaiten adierazpenak kontuan hartuz, badirudi onartuta dagoela Estatutu Proposamena abenduan ez ateratzea eta helburu nagusia hauteskundeetan gehiengo osoa lortzea dela dirudi.

EAk argi dauka jarraituko dugula lanean nazio eraikuntzan. Herri hau Europaren barruan independentea izan dadin lanean jarraituko dugu. Gure lana ez da amaitzen bozketa batekin Eusko Legebiltzarrean. Bai onartzen bada, bai onartzen ez bada. Bai bide instituzionala jarraitu ahal izateko 38 botoak lortzen baditu, bai ez baditu eskuratzen. Ez baditugu 38 botoak abenduan, lanean jarraitu behar dugu hori posible izan dadin etorkizunean, edo oraingoa baino aurreratuagoa den testu batentzat babes hori edo handiagoa lortzen.

Legegintzaldi berria testu berri batekin hasi beharko litzateke, ezta?

Legegintzaldi bat hasten denean, prozesua geldirik gelditu bada 38 botoak lortu ez direlako, prozesua berriz hasi behar da. Testu bera aurkezten has daiteke, edo beste bat aurkeztuz. Gerokoak gero. Arazoa ez da hori, arazoa da zer egin nazio eraikuntza prozesuan jarraitzeko. Funtsezkoena zertarako da. Ez dugu inoiz babestuko euskal herritarren erabakiari mugak jartzen dizkion inolako proposamenik. Nazio eraikuntzaren bidean aurrera egitea eragozten badu, proposamen horrek ez du inoiz izango EAren sostengua. Guretzat, gutxieneko kontu bat da argi gelditzea subiranotasuna, autodeterminazio eskubidearen ezagutza eta Euskal Herria osatzen duten lurraldeek batasun politiko bat osatzeko eskubidea.

———————————-

«Hauteskundeetara aurkezteko era hilabete barru erabakiko dugu, gehienez»

Nazio eraikuntzan aurrera egiteari begira, zein mezu helaraziko diezue alderdikidei Alkartasunaren Egunean? Gauzak bide onetik doazela?

Mezua oso argia da. Lantzen ari garen ildoak etorkizuna du, konponbidea dakar. EAn aitzindariak izan gara. 1991n gobernu batetik egotzi gintuzten autodeterminazio eskubidea defendatzeagatik. Gaur gobernu horrek bere ondoan hartu gaitu eta autodeterminazio eskubidea defendatzen du. Aldaketa horretan erantzukizun berezia daukagu. Eduki dugun argitasunik, tinkotasunik eta kemenik gabe ez ginen egongo gauden tokian. Militanteei EAren lanaren garrantzia azalduko diegu. 18. Alkartasun Eguna gure militantziaren lanari egindako errekonozimendua izango da.

Noizko daukazue aurreikusita hauteskundeetan aurkezteko moduari buruzko erabakia?

Gure erritmoa dugu. Epe laburrean izango da, hilabete baten buruan, gutxi gorabehera. Gogoetan eta iritzi trukaketan ari gara, Batzorde Nazionalak une egokia dela uste duenean eta Batzar Nazionalari proposamena egiten dionean azken honek erabakia har dezan.

Bermeak behar dituzue EAJrekin koalizioan joateko?

Erabakia hartuko da zertarako kontuan hartuz. Nazio eraikuntza prozesuan tinkotasunez, argitasunez eta atzerapausorik gabe aurrera egiteko. Gatazkaren konponbidean aurrera egiteko eta arlo sozialean beste hainbeste. Gure erabakia baldintzatuko duten ildoak jakinak dira: autodeterminazio eskubidearen eta lurraldetasunaren indartzea, herriaren instituzionaliazioa (lurralde historikoen legea, udalen zeregina…), askatasunekiko konpromiso aktiboa, aukera berdintasuna arlo sozialean. Gure ustez, garrantzitsuena ez da gobernu edo koalizio batean egotea. Guretzat garrantzia egin beharrekoak du. Kongresuak onartu zuena jarraituko dugu hitzez hitz.

pello urzelai / berria.info

Jatorria: Rafael Larreina