Ausardia eta erabakitasuna eskatzen ditu Rafa Larreinak aro berria bultzatzeko. Konponbiderako mahaia orain arteko ahaleginen uztartzetik etorriko dela uste du. Pello Urzelai – GASTEIZ
Izaeraz baikorra da Rafa Larreina (Gasteiz, 1956) EAko Antolakuntza idazkari eta Eusko Legebiltzarreko bigarren lehendakariordea. Konponbidean murgiltzeko aukeran arriskuak ikusten ditu, baina nahiago du arrisku horiek desgertzearen alde lan egitea geldirik egotea baino.
EAk gainerako alderdi guztiekin harremana du, Eusko Jaurlaritza osatzen duen hirukoan dago eta Hitzarmenerako Mahaian ere bai. Talaia horretatik, nola ikusten dituzu alderdien arteko ahaleginak konponbide prozesu bat abian jartzeari begira?
Alde batetik, itxaropena dago gauzak konpontzeko. Aldi berean, zuhurtzia handia dago, beldur handia, gehiegizko zuhurtzia indar politiko batzuen aldetik. Ausardia falta da egoera berriari aurre egiteko. Agian, aldaketa egoera batean gaudelako, eta aldaketek beti ematen dute nolabaiteko beldurra. Iraganeko esperientziek pisua dute. Dena elkartzen da eta nolabaiteko prebentzioa dago. EAtik ausardia politikoa eta erabakitasuna eskatzen ari gara etapa politiko berri hori bultzatzeko eta konponbideen eszenatokia bilatzeko. Eskatu behar zaie indar politikoei eta indar sozialei ere. EAJ eta ELA gehiegizko zuhurtzia izaten ari dira. Euskal gizarteak ausardia handiagoa eskatzen die. Funtsezkoa dira ausardia, erabakitasuna eta kemena, eszenatoki berri horretara iristeko.
Herritarrek badakite alderdien artean elkarrizketa dagoela, jakin nahi dute elkarrizketa horretan aurrera egiten ari ote zareten. Zerbaitetan ados jartzen ari zarete?
Oinarrizko akordio garrantzitsuak daude. Hor dago Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa. Hor gaude 60 eragile baino gehiago. Ezberdinen arteko akordiorako ahaleginaren adibidea da. Eginoko Mahaitik irten zen oinarrizko testua ere kontuan hartzekoa da. Hor badago indar talde bat, saiatu dena eta gutxieneko akordioetara iritsi dena. Badago beste ahalegin bide bat, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ibarretxe lehendakariaren eskutik. Ikusteko eta zehazteko dago, baina gobernuan dauden hiru alderdien akordioa du abiapuntu gisa. Ahalegin horien guztien uztartzetik atera daiteke konponbiderako mahai hori. Badago elementu positibo bat, behar bezala baloratu ez dena: Hitzarmenerako Mahaiaren konpromisoa, bere lana behin betiko mahaiaren esku jartzeko konpromisoa, alegia. Hau da, «gure mahaiak izan behar du mahaia» esateari uko egitea. Garrantzitsuena ez da mahaia norena den, edo non jartzen den. Garrantzitsua akordioetara iristeko konpromisoa da. Hitzarmenerako Mahaiaren kapital handia hori da, egindako lana etorkizuneko mahairako emateko konpromisoa.
Konpromiso hori ikusarazi zen Hitzarmenerako Mahaiko kideen eta Ibarretxe lehendakariaren arteko bileran?
Bruselan, Europako Legebiltzarraren egoitzan ere adierazi genuen. Ibarretxe lehendakariari adierazi genion bezala, Europako Parlamentuan ere azaldu genuen hor lan serio eta arduratsu bat dagoela, irtenbideak bilatzen dituena eta ekarpenak egiteko bokazioa duena, denon arteko konponbidea lortzeko. Horrek esan nahi du aniztasunaren aitorpena, arazoa denona dela eta, ondorioz, konponbidea ere onartzea.
Sintonia ona aurkitu zenuten Ibarretxe lehendakariarengan?
Bai. Lehendakariak eskertu zituen ahalegina eta lanaren eskaintza. Ildo horretan aurrera egiteko konpromisoa adierazi zuen, denontzako topaguneak bilatzeko asmoz.
EAJren EBBko bozeramaile Iñigo Urkulluk egoera usteltzeko arriskuaz hitz egin du. Nola ikusten duzu?
Arriskua beti dago. Horrelako prozesuak hauskorrak dira. Horregatik eskatzen dugu erantzukizuna eta ausardia. Arriskuaren aurrean bi aukera daude. Bata, «zenbat arrisku dagoen!» esan eta geldirik egotea. Bestea, «arriskua dago, goazen ikustera nola egiten dugun desagerrarazteko» esatea. Nire ustez, nahikoa irizpide badago ziurtatu ahal izateko arrisku hori oso gertagaitz bihur daitekeela, denok konpromisoa eta ardura badugu.
Urkulluren adierazpenek iradokitzen dute Espainiako Gobernuaren eta ETAren urrats erabakigarririk gabe ezin dela ezer egin. Ados zaude?
Nik uste dut ezetz. Indar politikoek dugun erantzukizun politikoa beste mota bateko eragileez gain aritzea da. Azken urtean, Batasunaren munduan bi mahairi buruz hitz egiten denean, (EAk hasieratik duen ideia bat da eta horixe proposatu zuen Carlos Garaikoetxeak 1981-1982 urteetan), arazoak bakarrik bide politikoetatik konpon daitezkeela esaten denean, mahai politiko horren aldeko apustuarekin badago funtsezko elementu bat baieztatzeko horrek izan behar duela lan eremua. ETAk egiten duena edo egiten ez duena alde batera utzita, bide politikoetatik aurrera egiteko erantzukizuna daukagu. Deialdi argi batekin. EAk argi dio: ETAk utzi egin behar dio jarduteari. Politika indar politikoek egin behar dute. Gatazka indarkeriaren eremutik atera behar da eta alderdien mahaira eraman. ETAk gaitasuna du prozesuarekin amaitzeko. Arriskuetako bat da. Aldi berean, arrisku hori ahalik eta txikiena izan dadin lan egiteko beharra daukagu. ETAri esan behar zaio desagertzeko eta indar politikoei tokia libre uzteko.
Eta Espainiako Gobernuari?
Gobernuak ere prozesuak aurrera ez egiteko aukerak ditu. Guk horregatik ausardia handiagoa eskatzen dugu. Rodriguez Zapaterori ausardia handiagoa eskatzen diogu, ez uzteko kikiltzen PPren politikagatik. EAJri ere erabakitasun handiagoa eskatzen diogu. ELAri ere esku-hartze handiagoa egin dezan eskatzen diogu.
ETAren zeregina aukera berri honetan ezberdina izango da Lizarra-Garaziko garaiekin alderatuta?
Nik uste dut baietz. Beraien testuetatik ondoriozta daitekeenez, haiek ere. Niretzat oso inportantea da ETAren urte hasierako agiria non Anoetako proposamena berresten zuen. Azken batean, adierazpen horrek dioenez arazoak bide politikoetatik konpon badaitezke beste bide batzuek ez daukate izateko arrazoirik.
Nola interpretatzen duzu Zapatero gobernuburuak itxaropen zuhurraz hitz egitea ETAk hainbat bonba jarri zituen egun berean, Espainiako Konstituzioaren egunean.
Duela urtebete antzeko eszenatokia gertatu zen. Esan diegu ETAri eta Espainiako Gobernuari denbora galtzeari uzteko. ETAk ez du erakutsi behar mina, beldurra eta tragedia eragiteko gai denik. Badakigu. Gainera, nahi gabeko zoritxar bat gerta daiteke. Gobernuak ez du erakutsi behar ez dela egia PPk dioena, xantaiari men egingo diola eta abar. Denek dakite, toki guztietan. Aski da denbora galtzeaz! Erakutsi behar da gai garela mahai batean jartzeko eta arazoak era zibilizatuan konpontzeko.
Hitzarmenerako Mahaiak babes talde bat bultzatu du Europako Parlamentuan. Zertan da garrantzitsua nazioartearen esku-hartzea?
Elkarrizketaren eta akordioen bilatzearen alde jaso daitezkeen laguntza edo sostengu guztiak positiboak dira. Europako Batasuneko begirale horien presentzia oso positiboa da, mesfidantzak izan ditzakeenarentzat berme bat izan daitekeelako. Auzia urrutitik ikusten duten pertsonen sostengua positiboa izan daiteke. Babes talde horretan lan egingo duten pertsonak alderdi serioetako kideak dira.
Posible ikusten duzu Espainiako Gobernuak laguntza edo bitartekaritza eskatzea Europako Batasuneko instituzioei?
Bitartekaritza eskatu baino gehiago, nolabaiteko bermeak eskatu behar dira. Orain bitartekaririk ez da behar. Elkarrizketarako nahikoa bide badago. Agian, falta liteke bermatzaile hori, prozesuaren seriotasuna bermatzen duena. Azkenean, hemen gaudenok heldu behar diogu arazoaren konponbideari.
Noizko? Zein epetan?
Premiarekin. Premiak ez du esan nahi gauzak azkar egitea. Presarik gabe, baina geldiunerik gabe joan behar da. Garrantzitsua da auzi honi lehenbailehen heltzea. Hamar hilabetean egin badezakegu, ez dezagun egin hogeian. Baina kontua ez da azkarrago joateagatik bostean egin eta ez aurrera ateratzea. Zuhurtasuna nolabaiteko erritmoarekin uztartu behar da. Denok daukagu premia hau lehenbailehen amaitzeko.
Europako Batasunaren oniritzia ongi etorri al zaio Zapaterori PPren kontrako jarrera orekatzeko?
Zapateroren gobernuak badu nahikoa sostengu, nahi badu. Abiadura handiagoa izan behar luke erabakitzeko orduan, urrats batzuk egiteko. Adibidez, espetxean dauden pertsonen eremuan neurriak hartzea garrantzitsua izan daiteke giroa sortzeko eta mesfidantzak kentzeko.
Alderdien arteko hitzarmenaren edukiari dagokionez, gakoak euskal herritarren erabakitzeko eskubidea eta lurraldetasuna izan daitezke. Bigarrena zailagoa izango da bestea baino?
Ez luke izan behar. Azkenean, errealitatea aitortzea da akordioaren oinarria. Lurraldetasunaz hitz egitean, Britanicca entziklopediara jo behar da, Euskal Herria edo Vasconia aipatzen duenean. Edo Espasa entziklopediara, non Vasconiaz hitz egitean Euskal Herri osoko mapa bat agertzen baita. Errealitate hori ezagutzea ez da gehiegi eskatzea. Euskaltzaindia Euskal Herri osoko instituzioa da eta Espainiako Estatuak eta Frantziakoak aitortuta dago. Euskal Herria izena duen herri bat dagoela aitortzea, eta herri horretako herritarrek erabakitzeko ahalmena dutela onartzeak ez du izan behar oso eginkizun zaila, Espainiako eta Frantziako estatuetan dirauten nazionalismo baztertzaileen eskemak gainditzen bladin badira. Azkenean, Kanadako Auzitegi Konstituzionalak egin zuena ere hor dago: Kanadako Konstituzioak ez du onartzen autodeterminazio eskubidea, ezta sezesio eskubidea ere; juridikoki esan zitekeen bideraezina dela, baina egia da gizarte bereizi bat dagoela eta horrek era argi batean erabakitzen baldin badu erabat bereizita nahi duela egon, konponbidea bilatu beharko da.
«Injustizia asko izan dira; denok eskatu beharko dugu barkamena»
Pablo Isasi Amurrioko alkateak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan du aste honetan terrorismoa goratzea egotzita. Ondoan izan zituen Madrilen Rafa Larreina eta Begoña Errazti alderdiaren babesa adierazteko.
Pablo Isasi Amurrioko alkatea laguntzera joan zarete Begoña Errazti eta zu Auzitegi Nazionalera. Zertan gelditu da afera? Nola baloratzen duzu?
Oraindik ez dago erabakirik epailearen aldetik. Inputatu bezala deklaratu zuten Pablo Isasi alkateak eta Eleder Zalbide zinegotziak (EAJ). Auzitegi Nazionalean bultzada politikoak dira nagusi. Orain, Amurrioko edo Euskal Herriko edozein herritarri esatea Isasik edo EAko kargu publikoek terrorismoa goratzen dutela, barregarria da. EAren ezaugarria abertzaletasun erradikalaz gain erradikaltasun demokratikoa baita. «Dena ETA da» edo «ni bezala pentsatzen ez duena ETA da» tesia, Aznarren garaikoa, indarrean dago Auzitegi Nazionalean. Ostegunekoa, beste kasu tamalgarri bat izan zen, nola justiziaren zati bat erabiltzen ari den eta izen ona galtzen. Europako erakundeek esan berri dutenez, salbuespeneko tribunalak ez dira bateragarri demokraziarekin eta Auzitegi Nazionala salbuespeneko tribunal bat da.
Nola ikusi duzue 18/98 auziaren epaiketaren hasiera?
Harridura handiarekin. Ez bakarrik epaiketaren planteamenduagatik. Baita epaiketaren martxagatik ere. Urduritasun handia dago, lardaskeria, bat-batekotasuna. Epaiketa hori ez da egiten ari arrazoi juridikoengatik, baizik bultzada politiko batengatik. Hori nabaritzen da epaiketaren garapenean agertzen ari den kaosean. Niri gustatuko litzaidake, Eusko Legebiltzarrean esan zen bezala, bultzada politikoa desagertzea.
Zabalza kasuaren 20. urteurrena dela-eta, Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenean onartu zuen biktimen artean bereizketarik egin dela. Ez da gauza bera gertatuko Eusko Legebiltzarreko biktimei buruzko lan taldearekin?
Ni pertsonalki eta nire taldea lanean ari gara hori horrela izan ez dadin. Itxaropena dut hilabete bat edo biko epean hori horrela ez izatea. Epe horretan, ahalik eta adostasun zabalenarekin (zaila izango da PP gehitzea, baina ez dut galtzen itxaropena) posible izan daiteke Giza Eskubideen Batzordearen barruan kasu horiei guztiei buruz hitz egitea berdintasunez. Eskertu behar dut Ezker Abertzalearen saiakera eta PSE-EEren ahalegina helburu hori gauzatzeko. Eremu hau garrantzitsua da. Etapa politiko berri batez hitz egiten ari garenean, iragana gainditzeaz, biktimen gaia jorratu beharra dago. Ezin da ez parekatu ez diskriminatu. Biktima eta min bakoitza bere testuinguruan ikusi behar da, eta ezagutu, besteekin alderatu gabe. Injustizia asko izan dira; denok eskatu beharko dugu barkamena, dagokigun zatiagatik, azken urte hauetan sortutako minagatik. Ez da inor salbu. Egindako kaltea osatzeko ahalegina egin behar dugu denok.
Jatorria: Rafael Larreina