Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin elkarlana bultzatzeko eskatu dio Iker Rahonak Bizkaiko Foru Aldundiari, herrialdean lan egiten duten pertsonen lan prebentzioa hobetzeko. EH Bilduko batzarkide eta Bizkaiko EAko koordinatzaileak lan ikuskaritzaren lana balioan jarri du eta horretarako baliabide nahikorik ez izatea kritikatu du.
EAJk, PSEk eta PPk atzera bota duten Elkarrekin Bizkaiak bultzatutako mozioaren eztabaidan, “lurraldeko enpresetan kontrola hobetzeko bitarteko guztiak jar ditzala” eskatu dio Rahonak Foru Aldundiari.
Azpikontratazioa legezko praktika dela, onartu du EH Bilduko batzarkideak: “baina kontua da azpikontratazio hori nola ematen den; normalean bere helburua kostuak merkatzea izaten da, eta horrek ondorioak ditu”.
Jarrera eredugarria eskatu dio EH Bilduk foru erakundeari behin eta berriro, eta kontratazio publikoetan lan-baldintza duinak aplikatu dezan. Era berean, lehiaketa publikoetan klausula sozialak ezartzen dituzten eta lan-erreforma aplikatzen ez duten enpresei lehentasuna emateko eskatu du Rahonak, baita ABLEen bidezko kontrataziorik ez egitea.
Ordezkari abertzaleak kezka agertu du lan istripuetan antzemandako joerarekin, “azken bi urteetan goranzko joera izan baita, 2020aren hasiera txarra ahaztu gabe”.