JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabala ados dago legebiltzarkideei Eguberrietako saria kentzearekin, baina “PPren murrizketen aurrean benetakoa ez den oposizioa adierazteko diskurtso bikoitza erabiltzea” egotzi dio PSEri. “Jaurlaritzak helegiteak iragartzen dituen bitartean, Legebiltzarrean Rajoyren erabakiak aplikatuko dituztela aitortzen dute”, salatu du EAko bozeramaileak.

Espainiar Gobernuak iragarritako murrizketei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu dituen helegiteak “lehendakariaren eta PSEren itxurakeriak besterik ez dira”, Juanjo Agirrezabalak salatu duenez. Honen hitzetan, “PPri aurre egiten dioten itxurak egin nahi dituzte, baina ondo dakite jada Rajoyren neurriak Euskadin ere aplikatuko dituztela”. EAko legebiltzarkideak “itxurakeriak egiteari uzteko” eskatu dio lehendakariari, “bai eta Rajoyren murrizketen aurrean planto egiteko ere, Gipuzkoako Aldundiak Menpekotasun Legearekin egin duen bezala”.

Agirrezabalak “diskurtso bikoitza erabiltzea” leporatu dio PSEri. “Espainiar Gobernuaren murrizketen aurrean benetakoa ez den oposizio-itxura egin nahi dute”, dio EAko ordezkariak. Izan ere, “Lehendakaritzan Konstituzionalera joko dutela iragartzen dute, baina Legebiltzarrean kargu politikoei Eguberrietako saria kentzea proposatzen dute; era horretan langile publikoei elkartasuna adierazi nahi dietela diote, eta hori argudiatzeko Jaurlaritzak funtzionarioei murrizketak derrigorrez aplikatu beharko dizkietela eransten dute. Zertan geratzen gara orduan? Murrizketak Euskal Administrazioan ere derrigorrezkoak direla PSEk berak badio, zertarako jotzen du Konstituzionalera? Marketing politikoa baino ez da, hauteskundeei begira, iritzi publikoari Rajoyri aurre egiten dioten irudi faltsua emateko”.

EAko legebiltzarkidea ados dago Eguberrietako saria kargu politikoei kentzearekin, baina ezinbestekotzat jotzen du euskal instituzioek herri bezala jokatzea eta Rajoyren aurrean planto egitea, Euskal Herrian inolako justifikaziorik ez duten murrizketak ezartzeari uko eginez.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA