Eusko Alkartasuna kide den Régions et peuples solidaires (RPS), Estatu frantseseko alderdi erregionalista eta soberanisten federazioa, alternatiba berde eta aurrerakoia bihurtu da
Eskuin muturreko alderdien hazkundeagatik eta Pariseko jakobinismo historikoarengatik jarrera immobilista duten estatuei aurre egiteko tokian tokitik abiatuta berdintasuna eta gizarte justizia mailan aurrera egin beharra dagoela adierazi du Régions et peuples solidaires-ek (RPS). Koalizioaren udako unibertsitateak oso gai ezberdinei buruzko sei mozio onartu ditu: glifosfatoen aurka egindako lanaren alde, urtegi hidroelektrikoen pribatizazioaren aurka, Alsaziako Europar kolektibitateari buruz edota Aljeriako estatuak amazighen kontra egiten duen bazterkeria salatzeko. Era berean, hiritarren bizitza kalitatea eraldatzeko Estatuaren periferiatik lan egiten duen alternatiba berde eta aurrerakoia dela baieztatu du RPSk.
Korsikako hiriburuan, Ajaccion, egin den udako unibertsitatean bildu diren alderdiek, Eusko Alkartasunak tartean, gizarte, ingurumen eta ekonomia gaietan politika aurrerakoiak garatzen jarraitzeko borondatea agertu dute, “baita Estatua bidelagun ez badugu ere eta Pariseko zentralismoak inposatzen duen kristalezko sabaiari aurre egiten”, esan du Lorena López de Lacallek, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politiken idazkari eta Aliantza Libre Europarreko presidenteak.
Zentzu horretan, RPS osatzen duten alderdietako erakundeetako ordezkariak oso politika interesgarriak garatzen ari direla zehaztu du, “pestizidena urka edo errefuxiatuei harrera egiten Bretainian, gizarteratze politikak Kataluniak,…”. Oztopo ugari izan dituzten politikak dira, baita Korsika bezalako eremu deszentralizatuenetan ere. Bertan, Gobernu nazionalistak “hiritarrek eskatzen dituzten politikak egiteko kristalezko sabaia dagoela ikusi du, Euskal Herrian dugun esperientziaren oso antzekoa da, EAE eta Nafarroako estatutuak ez baitira lau hamarkada luzeetan garatu”.
RPS osatzen duten alderdien lanak aurrera pausoak lortu dituela da garrantzitsuena, “eta horrela, oso zentralista den estatuan hiritarren bizitza kalitatea hobetzeko lan egiten duen alternatiba berde eta aurrerakoia bilakatu dira formazio horiek, gizarte justizian hobekuntza errealak lortuta”.