NBEk hartutako ebazpenak betetzeko eskatu du EAko presidenteak EAko presidente Begoña Errazti New Yorken izan da, NBE Nazio Batuen Erakundeari berak onartu dituen ebazpenak betearazi eta Saharan erreferenduma egiteko eskatzeko. Nazioarteko ehun ordezkari baino gehiagorekin bildu zen Errazti hilaren 10a arratsaldean eta haien aurrean salatu zuen Sahararen eta Marokoren arteko gatazkaren blokeo egoera. Hain justu, gatazka hori gainditzeko NBEk herrien autodeterminazio eskubidea onartuz ateratako ebazpena betetzeko eskaera egin zuen. Bake prozesu «justu eta demokratikoa» bultzatzeko eskatu zien nazioarteko ordezkariei.
Hilaren 9az geroztik Sahararen deskolonizazioari buruzko IV. Batzordea egiten ari dira NBEren egoitzan. Nazioarteko ordezkaritzak hartzen du parte bertan Saharako herriak zein Marokok gonbidatuta. Saharako egoera politiko eta gizarteko egoerari buruz hitz egiten dute.
Saharako herriaren eskubide urraketa lehenbailehen konpontzeko eskatu zuen Erraztik. Gainera, nazioarteko erakundeei eskatu zien Saharako herria erreferendumera baldintza egokietan iritsi dadin bermatzea, eta erakunde horiek ematen duten laguntza Saharako herriaren gehiengoaren borondatearen kontra errepresioa egiteko erabiltzea eragoztea ere galdegin zien.
Arabiarrez hasi zuen diskurtsoa Erraztik, eta gogor salatu zuen Saharako herriak jasaten duen eskubide urraketa. Gainera, Fronte Polisarioaren kontra egiteko «gezurra» erabiltzea leporatu zion Marokoko Gobernuari.
KRITIKA MAROKORI.
EAko presidenteak gogor egin zuen Maroko Gobernuaren jarrera. Sahararen subiranotasuna inbaditzea leporatu dio. Legez kanpoko okupazioa egitea egotzi dio herrialde horri, eta Saharako herriak borrokarako zilegitasun osoa duela nabarmendu du.
Borroka hori «nazioarteko legeriaren barruan» dagoela azpimarratu zuen, eta nabarmendu zuenez herriaren etorkizuna bakean eta askatasunean egitea da helburua. Gainera, Marokori leporatu zion «autonomia eskaintza faltsuekin» autodeterminazio eskubidea urratzen saiatzea.
Jatorria: Begoña Errazti