“Digitalizazioa ez da etorkizuna, oraina baizik”, esan du Iker Rahona EH Bilduko ordezkaria Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Alkartasunaren Bizkaiko koordinatzaileak. Ziurtasun horretatik abiatuta, saltoki txikiaren transizio digitala posible egiteko lan egin dezala eskatu dio Rahonak Foru Aldundiari.
Kontua ez da nazioarteko plataforma handiekin lehiatu ahal izatea, aitortu du Rahonak, baina “erakusleihoan kokatzeko balio du, erakusleihoan ez bazaude ez zara existitzen eta existitzen ez bazara desagertzeko zorian zaude”. Hala, batzarkidearen ustez, Aldundiak saltoki txikia plataforma digitalean biltzeko lan egin behar du, baina Eup! ez da bere aukera, “ez duelako saltoki txikiak biltzea lortu eta helburua komisioen bidezko salmenta delako: ez da sektoreak behar duena”.
Ekonomia Sustatzeko Batzordeak gaur egin duen bileraren beste puntu batean, Bizkaiko eskualdeen ekonomia eta enplegu politikak diseinatzean, horien arteko ezberdintasunak kontutan hartzea beharrezkoa dela esan du Rahonak. Tamalez, adierazi du, “eskualdeen arteko ezberdintasunak ez dira murrizten eta, kasu askotan, handitu egiten dira”; horregatik, beharrezkoa da “modu bereizian lan egitea, eremu bakoitzak behar dituen erantzunak lortzeko, esparru bakoitzean dauden beharren eta gabezien arabera”. Hori bereziki funtsezkoa da Meatzaldea, Enkarterri eta Ezkerraldearen kasuan.
Azkenik, beharrezkoa dela herrialdean kalitatezko enplegua sortuko duten esparru ekonomikoak hautatzea azpimarratu du Rahonak. “Enplegua sortzeko lana estrategia kolektibo eta zeharkakoan oinarritu behar da”, adierazi du EH Bilduren ordezkariak, eta industria eta berrikuntza horietako sektoreak direla esatean ados agertu da, metalgintza eta energia ere sartzeko eskaerarekin batera.