JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak Osasun sailburua Legebiltzarrean ager dadila eskatu du. “Bengoak azaldu behar du zergatik hiru udalerri horietan bizi diren ia 1.000 lagunek jarraitu behar duten Arabar Errioxan osasun arretarik jaso gabe”, dio EAko legebiltzarkideak.

Juanjo Agirrezabalak eskatu du Rafael Bengoa Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean azal dezala zergatik pasa den asteazkenean, hilak 7, Errioxako Osasun Zerbitzuarekin sinatutako elkarlanerako hitzarmenak Arabar Errioxako hiru udalerri (Samaniego, Kripan eta Mañueta) alboratu dituen. Izan ere, akordio horretatik at utzita, herri horietan bizi diren ia 1.000 lagunek Gasteizeraino joaten jarraitu beharko dute osasun arreta jaso ahal izateko, eskualdeko gainontzeko biztanleak Logroñon artatuak izango diren bitartean.

EAko legebiltzarkidearen iritziz, ulertezina da Samaniego, Mañueta eta Kripan akordiotik kanpo uztea, “modu horretan Jaurlaritza udalerri horietako biztanleak bigarren mailako herritar bihurtzen ari baita”. Izan ere, hitzarmenari jarraituz, “Arabar Errioxako biztanle batzuek Logroñon jasoko dute osasun zerbitzua, baina herri horietan bizi direnek Gasteizeraino joan beharko dute”.

Gauzak horrela, dio Agirrezabalak, “honek agerian utzi du Lezako ospitalea indartu beharra aldarrikatzen ari garenok arrazoia dugula, horixe baita Arabar Errioxako biztanle guztiei osasun arreta bermatzeko modu bakarra”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA