Kontzientziazio, sentsibilizazio eta informazio kanpaina indartsu eta eraginkorra abiatuko du Eusko Jaurlaritzak haur eta nerabeek Internet eta sare sozialetan jasotzen duten biolentzia ekiditzeko, Lore Martínez Axpe, EH Bilduko legebiltzarkidearen ekimenez. Era berean, eta EH Bilduk proposatutako ekimenari esker, familia eta erabiltzaile gazteenentzat zuzendutako Interneten segurtasunez aritzeko tresnak indartuko dira. “Bizi garen aro digitalean, herritarren ahalduntze digitala inoiz baino garrantzitsuago bilakatu denean, onartutako neurriak norabide egokian” doazela esan du Martínez Axpek.
Martínez Axpek emandako datuen arabera, nerabeen %29,1ek bakarrik dute gurasoek jarritako mugaren bat Interneten aritzeko, naiz eta ia %95ek sakeleko telefonoa izan, askok, 11 urte bete baino lehen. Gazteek sareetan dituzten arriskuak ugariak eta larriak dira: jokuaren eta bideojokuen adikzioa, depresioa areagotzea, iritzien polarizazioa eta desinformazioa, elikadura-arazoak eta anorexia sortzen dituzten jarrerak, neska gazteen kontrako indarkeria digitala eta jazarpena, … Gurasoentzat berriz kezka iturria da haur eta nerabeek mundu birtualarekiko duten harremana baina sarri ez dakite nola aurre egin.
Horregatik horixe da Martínez Axpek aurkeztutako mozioaren giltza: gurasoek -familiak- bidelagun digital izan behar dute, haur eta nerabeak segurtasunez eta arduratsu aritzeko sare sozialetan baita bertan ikusten dutenarekiko kritiko izaten ikasteko. “Ezin ditugu haur eta nerabeak bakarrik utzi guzti honen aurrean”, esan du legebiltzarkideak eta tresnak jarri behar dira bere jarduera digitala segurua izateko, “teknologia digitalak dakartzan onura guztiak aprobetxatu eta grooming, sextorzioa, sexting, ziberjazarpena, etabar ekiditeko”; arduratsua izateko, “ingurune digitalean egiten dutenak, errealitate fisikoan egingo balute bezala joka dezaten, arduraz”, eta kritikoa izateko, “ez dezaten dena etortzen den bezala onartu eta beren buruei galderak egin diezaietela”.
Gobernuko alderdiekin helburu horiek lortzeko bidean neurriak hartzeko lortutako akordioarekin pozik agertu da Lore Martínez Axpe. Hemen Osoko Bilkuran onartutako erdibidekoaren laburpena:
- “Zeuk esan” programa edukiak gaurkotuko dira. Material hezigarria, 2013, eta 2016tik gaurkotu gabe dago, zaharkituta zegoen webgunea gaurkotzea adostu da, 2021eko edukietara. Betiere bi profil kontuan izanik:
- Gurasoek hartu behar duten “bidelagun digital” papera
- Haur eta nerabeak, erabiltzaile seguru, arduratsu eta kritikoak izatearena.
- Jaurlaritzak kontzientziazio, sentsibilizazio eta informazio kanpaina indartsu eta eraginkorra abiatuko du, guraso, haur eta nerabeei zuzendutakoa, eta dauden hedabide ezberdinetan (irratia, telebista, Internet, sare sozialak) zabal dezala, Zeuk Esan Zerbitzuaren bitartez eta haurren eta nerabeen kontrako biolentzia ekiditzeko eta prebenitzeko Estrategiaren barne, haur eta nerabeak, erabiltzaile seguruak, arduratsuak eta kritikoak izateko helburuaz.
- “Safer Internet Day” lehiaketaren helburuei berri bat gehituko zaio, erabilera kritikoa, hain zuzen ere, horrela, erabilera seguru, arduratsu eta kritikoa izango delarik lehiaketaren helburua.
Gai-zerrendako beste puntu batean, administrazioarekiko harreman telematikoaren esparruan herritarrek dituzten eskubideak defendatu ditu Martínez Axpek, arrakala digitalari aurre egiteko beharra azpimarratuz. Gaia lantzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko, baita modu telematikoan komunikatu ezin direnenak edo komunikatu nahi ez dutenenak ere, kontuan hartu behar dira “arrakala geografikoa, ez baita gauza bera hirian edo konexioa iristen ez den mendi baten magalean bizitzea; ekonomikoa, mundu guztiak ez duelako aparatuak eta konexioa izateko aukerarik; generoarena, emakumeei gehiago eragiten dielako; adinarena, adineko pertsonak bakarrik egon direlako; aniztasun funtzionalarena,…”.