Iker Rahona, EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasunako Bizkaiko koordinatzaileak adierazi duenez, sektore publikoan enplegua sortzea da herrialdean enplegua eta ongizatea berreskuratzeko oinarrietako bat. Foru Enplegu Planaren aurkezpena egin da gaur Batzar Nagusietako Batzordean eta sektore publikoan zentratuegia egotea kritikatu du Rahonak, “sektore publikoaren indartzeak ongizatea berreskuratzearekin zerikusi handia duen arren”, eta horregatik “enplegu publikoa jorratzeko” eskatu dio Aldundiari, erakundeak zeresan handia duen eremu horretan.
Rahonak bereziki beharrezkotzat jo du zein esparru landuko diren enplegua berreskuratzeko zehaztea baita “argi izatea ez garela ari edozein enplegu berreskuratzeaz, kalitatekoa eta baldintza duinekin baizik”.
Bizkaiko enpleguaren egoerak okerrera egin du Covidaren ondorioz, EH Bilduko batzarkideak aitortu duenez, “baina horren aurretik adierazleak ere txarrak dira”, kontuan hartuta, gainera, Bizkaiko egoerak “konpondu behar den lurraldeen arteko ezberdintasun handiak dituela”.
Azkenik, Rahonak planaren abiapuntuan “Aldundiaren autokritika falta handia” dagoela uste du, eta plana idazteko orduan, “berriro ere Batzar Nagusietako alderdi politikoei ez zaiela kontsultarik egin” salatu du, baita “EH Bilduk enplegu arloan egin dituen proposamen guztiak atzera bota” direla.