Leire Pinedok, EH Bilduko Legebiltzarkideak, Euskal Sektorek publikoaren legearen eztabaidan hitz egin du Parlamentuko Osoko Bilkuran eta koalizioaren abstentzioa defendatu du.
“Bide luzea izan du lege honek 2014an Administrazio Publikoaren legearen izenarekin aurkeztu zenetik lehen aldiz”, gogoratu du. “Ibilbide luzea, euskal sektore publikoaren antolaketa definitzeko eta XXI. mendera egokitzeko: gobernantza modu berriak, politiken ebaluazioa, eraginkortasuna, gardentasuna, administrazio elektronikoaren definizioa eta sektore publikoaren hizkuntzak, besteak beste arautzeko. EH Bildutik 3 legealdi hauetan ekarpen ezberdinak egin izan dizkiogu testuari, uste dugulako sektore publikoaren inguruko gaiak funtsezkoak direla jendartearen onurarako”.
Leire Pinedoren ustez, “agian lege honek ez ditu pasioak piztuko, baina jendartearentzat funtsezkoak diren zerbitzu publikoen oinarrian dauden hainbat gai definitzeko legea da”.
“Sektore publikoaren legeak errealitate konplexu eta poliedrikoari erantzun behar ziola defendatu du EH Bilduk. Errealitate hori sinplifikatu eta ordenatu egin behar da, eta, ildo horretan ekarpenak sartzea lortu badugu ere, kanpoan geratu da legearen jarduera-eremua foru-eremura eta toki-eremura zabaltzea, besteak beste, administrazio elektronikoaren garapenari dagokionez edo bitarteko elektronikoen bidez parte-hartze publikoaren garapenari dagokionez”.
Amaiatzeko Leire Pinedok azaldu du: “Gure ekarpenak esan bezala asko eta anitzak izan dira eta benetan legea aberastu dugu XXI. mendeko euskal gizartearen beharrei erantzuteko. Baina azken urratsa falta izan da, benetan euskal sektore publikoa behar bezala guztiz arautzeko. Eta hortaz, abstentziora joko dugu”.