Azkarragak, gezurtatu ditu, Legebiltzarreko agerraldian, arlo horretako ´diru-laguntzen murrizketa´ gertatu dela esanez PPk egindako akusazioak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak gezurtatu egin zituen Partidu Popularraren salaketak, eta Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Planaren aurrekontua, aurten, 16.889.000 eurora iritsiko dela demostratu zuen, hasiera batean aurreikusitako 12.420.000 euroak aisa gainditzen dituen diru-kopurua. Hori dela eta, ´harrituta´ agertu zen sailburua bere hitzaldiaren hasieran, PPk ´diru-laguntzen ustezko murrizketa bat´ hartu duelako bere agerpena eskatzeko aitzaki gisa.
Azkarragak ziurtatu zuenez, ´azalpenak eskatzen dituenaren asmoak ez ditut epaitu nahi, nahiz eta haien eskabidean aditzera eman Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak -gaia Legebiltzarrari ezkutatuz- diru-laguntzak murriztu dituela. Baina oso ondo gogoratzen dut Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretuak legebiltzarrari aurkeztu genizkionean dekretu horien onarpena ia hilabete atzeratzeko arrazoiak, eta dekretuetan sartutako aldaketak azaldu genituela´.
Baita ere, gogorarazi zuenez, ´Plana Legebiltzarrean aurkeztu zenean eztabaida interesgarria sortu zen gizartean, eta horri buruzko iritzia azaldu zuten hainbat taldek eta erakundek´. Lana eta familia bateragarri egiteko eta familiari laguntzeko neurriak jakinarazi eta berehala, haien iritzi eta errebindikazioak helarazi zikiguten hainbat sektoreren ahotsa entzun ahal izan genuen,´ gaineratu zuen.
Gertatutakoa gogora ekarriz Azkarragak esan zuenez, berak gidatzen duen Sailak ´parlamentarien iritzia jaso zuen Planaren aurkezpenean, neurrien eragina zuzenki jaso behar zuten kolektiboen iritzia (adibidez, familia ugarien kolektiboarena) entzun zuen bezala´, eta ´batzuek zein besteek adierazitakoa kontuan hartuz, hainbat hobekuntza sartzeko aukera aztertzea erabaki zuen´. Horretarako, gaineratu zuen, ´azterketa ekonomiko zehatz bat egin zen. Horren ondorioz, adituen ustez komenigarriak ziren hainbat aldaketa sartzerakoan, proportzionaltasun irizpideak ebaluatzeko beharra zegoela ikusi ahal izan zen.
Nolanahi ere, sailburuak azpimarratu zuenez ´hasiera batean aurreikusitako planean 2002ko ekitaldirako 7.800 familia onuradun aurreikusten baziren ere, azkenean, sartutako aldaketen ondorioz, Euskadiko 14.500 familia izango dira onuradunak, eta hori da garrantzitsuena´. ´Aukera hori -esan zuen- ez zen hutsala edo alferrikakoa izan, uste genuelako (eta dugulako) diru-laguntzak ahalik eta herritar gehienei emateak izan behar duela helburu nagusia, familia guztiei laguntzeko dugun konpromisoaren barruan; hori guztia laguntza eta babeserako testuinguru batean kokaturik´.
Halaber, Azkarragak gogorarazi zuen berak zuzentzen duen Sailak atzeraeragina aplikatzea erabaki zuela erditze anizkoitzen kasuan. ´Hasiera batean planak ez zuen atzeraeragin hori aurreikusten, eta 2002ko urtarriletik izandako kasuei baino ez zien diru-laguntzarik onartzen´. Hala eta guztiz ere, ´dekretuek 1993ko urtarrilaren 1etik izandako erditze anizkoitzetako haurrei aitortzen zien diru-laguntzak jasotzeko eskubidea, 10 urte bete arte, hain zuzen ere´.
Horretaz gain, azpimarratu zuen diru-laguntza horiek hirugarren edo hurrengo seme-alabei aplikatzea erabaki zela, ´horrela, hasierako plana oraingoan ere aldatuz, familiek 1.100 euro jasoko dute urtero, haurrek 5 urte bete arte´, eta atzeraeraginarekin, 1998ko urtarrilaren 1etik jaiotakoentzat, 5 urte bete arte. Sailburuak adierazi zuen atzeraeraginerako hautatutako datak, 1993 eta 1998 urteak alegia, planaren iraupenaren araberakoak direla, 2002tik 2005era, alegia´.
Azkarraga sailburuak esan zuenez, erditze edo adopzio anizkoitzak izandako familiei ordaindu beharreko diru-kopuruen doitzea familia horiek ordezkatzen dituzten hiru elkarteei jakinarazi zitzaien, hala nola: Avapamu Bizkaian; Aguipamu Gipuzkoan eta Alapamu Araban. Erakunde horiek diru-laguntzen jaitsiera onartu zuten, kolektiboarentzat zuzenak eta positiboak zirelako, 1993tik jaiotakoei zabaltzearen ondorioz hasierako planean aurreikusitako 314 familia onuradunetik 2.500era pasatzen baitzen.
Sailburuak esandakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegin ekonomikoa ikusita, elkarteek ontzat hartu zuten elkartasunaren printzipioa. Familia horiek jaso beharrekoa honela gelditu zen:
· 2.600 euro seme-alabek hiru urte bete arte, eta 1.200 euro urteko, hamar urte bete arte, bikiak jaio edo bi seme-alaba adoptatzen direnean.
· 4.200 euro urteko, seme-alabek hiru urte bete arte, eta 2.400 euro urteko, hamar urte bete arte, hirukiak jaio edo hiru seme-alaba adoptatzen direnean.
· 5.400 euro urteko, seme-alabek hiru urte bete arte, eta 3.600 euro urteko, hamar urte bete arte, laukiak jaio edo adoptatzen direnean.
· Erditze anizkoitzetan jaiotako edo batera adoptatutako haurrak bost edo gehiago direnean, aurretik aipatutako kopuruak emango dira, gehi 1.400 euro urteko, haur bakoitzeko, hiru urte bete arte, eta 1.200 euro urteko, hamar urte bete arte.
Sailburuaren iritziz, ´ezin da egin, beraz, Popularren Taldeak egiten duena; hau da, hasiera batean Legebiltzarrean aipatutako diru-kopuruak eta dekretuetan jasotakoak konparatzea besterik gabe´, horrela ´oinarrizko gai bat ahazten delako; alegia, egoera batzuetan aplikatuko den atzeraeragina. Kontuan harturik atzeraeragin hori kolektibo interesdunek eskatu zutela eta Quiroga andreak berak ere aipatu zuela Legebiltzar honetan gaiaz hitz egin zuenean´.
Azkarragaren ustez, ´hasiera bateko planaren 7.800 familia onuradunen aldean, aurten 14.500 familia onuradun izateko posibilitatea egoteak pozteko arrazoia izan behar du gu guztiontzat´.
Horrekin batera, ´kontuan hartu behar da planaren garapenean (2002-2005) ia 38.000 familiak jasoko dituztela horren onurak´. ´Oreka bilatu da baliabideak familia ugariengatik, seme-alabengatik, erditze anizkoitzengatik eta mendetasuna duten pertsonengatik jasotzen direnen artean banatzerakoan´.
Sailburuaren ustez, onartutako dekretuek ´asmo handiko plan modernoa garatzen dute, jaiotzak ugaltzearen aldeko politikak familia eta lana egiteko neurriekin bateratzen dituena´. ´Lan ildo horretatik jarraituko dugu, unean uneko aurrekontuek ematen dituzten posibilitateak kontuan harturik´, iragarri zuen.
Urte honetan gertatutakoari dagokionez, ´nahiz eta popularren taldeko parlamentariak hasierako diru-laguntzak murriztu direla adierazi, hasieran aurreikusitakoa baino gehiago inbertituko da. Gainera, planaren exekuzio-epe osoan, 2005era arte, 96 milioi euro inbertituko dira, hau da, hasiera batean iragarritakoa baino 7 milioi gehiago´.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, hitzaldia amaitzeko, ´Sailak Familia Planaren inguruan egiten duen lana zeharka zalantzan jartzeko moduari erantzun zion´. Ildo horretatik, Hirukide saria ekarri zuen gogora; Euskadiko Familia Ugarien biltzarraren testuinguruan Sailari emandako sari horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren lana eskertu nahi izan zen. ´Badakigu -erantsi zuen- gure lana ez dela perfektua, eta gehiago aurreratu behar dugula, baina familia eta gizarte-babesari dagozkien politiketan gure herria Europako aurreratuenen mailara eraman behar delako ziurtasunarekin ari gara lanean.
Sailburuak testuinguru horretan kokatu zituen erdi eta behe mailako errentak dituzten 3.500 familiei 0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak eskolaratzeko laguntzak emateko Jaurlaritzak hartu dituen neurriak. ´Diru-laguntza horiek (900 eta 1.800 euro bitartekoak errenta-mailaren arabera) ematerakoan modu positiboan diskriminatzen dira familia ugariak, guraso bakarrekoak eta haien ardurapean ezinduak dituztenak´, esan zuen bukatzeko.
Jatorria: Joseba Azkarraga