EH Bilduk proposatuta, Idurre Bideguren senatari autonomikoa aukeratu du Eusko Legebiltzarrak hauteskunde autonomikoen osteko lehen osoko bilkuran. Era berean, eta bilkuran bertan, Eba Blancok, Eusko Alkartasunako idazkari eta Legebiltzarreko Mahaiko bigarren lehendakariordeak, alderdiek adostutako ganbarako araudian Covid 19k sortutako egoerara egokitzeko helburuarekin egindako aldaketak defendatu ditu.
“Salbuespen egoeran”, esan du Blancok, “salbuespenezko neurriak hartu behar dira”, eta pozik agertu da, egoerari erantzuteko akordioak lortzea posible izan delako.
Legebiltzarkideen parte-hartze politikorako eskubidea bermatzen dute gaur onartutako aldaketek, bai eta Gobernuaren kontrol eta laguntze lanak bide telematikoz ere egin ahal izatea ere.
“Pribilegiatuak gara”, aitortu du Blancok, “zailagoa izango da Covid 19ak industrian, langileengan, osasun sisteman, hezkuntzan eta zaintzan utzi dituen ondorioei aurre egitea”.
Bidegurenek, Bermeoko alkate ohiak, Senatuan egiten ari den lanarekin jarraituko du, hauteskunde autonomikoen ostean arauari begira derrigorrezkoa den gaurko tramitea eta gero.