José María Setién, Donostiako gotzain ohia Euskal Herrian bakea eta adiskidetzea lortzeko nekatu gabe lan egin zuen gizona izan zela gogoratu du Eusko Alkartasunak. Zendu den apezpiku ohia gizartean oinarri sendoak zituen euskal Eliza eta faxismoaren aurka, giza eskubide eta eskubide sozialen aldeko lana egin zuen eliza horren tradizioaren erreferenterik handiena bihurtu zen. Geroztik ildo horretatik urruntzen joan dira egungo ordezkariak.
Gizon ausarta izan zen Setién gainera. Izan ere, bere balore eta ideietatik abiatuta egin zuen lanarengatik hamaika irain jaso eta polemika ugarien erdian egon zen gotzaina. Bere lana eta hitzen koherentziak euskal gizartearen zati handi baten erreferente bihurtu zuen Setién.
Jasotako kritiken gainetik, askatasuna, gizatasuna, elkarbizitza eta bakeari ekarpenak egin dizkie José María Setiének, bere kargutik eta hori utzita ere.
Eusko Alkartasunako afiliatu asko joan dira Donostiako apezpiku ohiaren hileta elizkizunetara.