Erakundeek jokaera sexista duten enpresak ez kontratatzea exijitu du Eusko Alkartasunak
Jokaera sexistak ez dira onargarriak inolako esparruan, publiko, pribatu zein enpresetan, Eusko Alkartasunaren ustez. Horregatik, erakundeek beren jarduerarekin emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna sustatu edo sexismoa bezeroak erakartzeko erabiltzen duten enpresak ez kontratatzea exijitu du Eusko Alkartasunak.
Ikerketa soziologikoak egiten dituen Gizaker enpresari buruzko erreferentzia egiten du alderdi sozialdemokratak, emakumea objektu bihurtzen duen irudia erabili baitu. “Aspaldi izateak edo kanpaina zehatz baten barruan izatea ez da, inolaz ere, aitzakia”, Eusko Alkartasunaren ustez.
Erakundeei eta gizarteari orokorrean deia egin die Eusko Alkartasunak: Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da, martxoaren 8a bezalako data zehatzetan sarri egiten diren adierazpenak mamiz bete behar dira. “Asmoak praktika bihurtzen ez diren bitartean, ez dugu benetako berdintasuna lortuko”.