JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari buruzko gogoeta egin du, eta kezkagarritzat jo du oraindik orain espainiar Estatuan milaka lagunen eskubide politikoak urratzearen alde egiten duten sektore antidemokratikoak egotea. Hona hemen Agirrezabalak esanak:

Atzo esan bezala, Sortu legeztatzea irtenbide posible bakarra zen irizpide juridikoei eta politikoei jarraituz. Inoiz ez zen arrazoi bat ere egon Sortu legez kanpo uzteko. Eta orain ere ez zegoen inolako arrazoirik ez legeztatzeko.

Berdin gertatzen da Bateragune auzian kondenatuekin. Ez dago inolako argudiorik Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez kartzelan mantentzeko. EAk, beraz, berehala aske uzteko exijitzen du berriro ere.

Gaur Sorturen legeztapenak eragin dituen erreakzioei erreparatu nahi diet batik bat: Oso kezkagarria da espainiar Estatuan, eta Legebiltzar honetan bertan ere bai, oraindik orain milaka lagunen eskubide politikoak urratzearen alde egiten duten sektore antidemokratikoak daudela ikustea. Oso kezkagarria da horrek agerian uzten duelako sektore horiek ez direla demokratak, eta ez dutela demokrazian sinisten; euskal gizartea salbuespen egoera etengabean nahi dutela, eta ez dutela ulertzen Euskal Herrian garai politiko berri batean sartu garela, eta horrek eragile politiko guztiek normaltasunez parte hartzea exijitzen duela.

Horregatik, euskal gizartea pozik dago Sorturen legeztapenarekin, jakin badakielako hori oso albiste ona dela herri honen bizitza politikoa normalizatzeko. Gaur pozik ez dauden bakarrak dira gatazka nahiago dutenak, ondo baino hobeto dakitelako egoera normalizatu batean Euskal Herriak erabateko burujabetza lortzeko hartu duen bidea geldiezina izango dela.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA