Talde sozialistaren osoko zuzenketa zazpi arrazoietan oinarritzen da. Ondorengo
partehartze honetan bakoitza erantzuten saiatuko naiz. Eta horrela ez balitz,
bigarren txandan, erantzun gabe gelditu dena erantzungo nuke.
Aurre kontuek, aurrez zehaztutako helburuak lortze
arren finkatutako programen balorazio ekonomikoa islatzen digute. Zeintzuk dira
jaurlaritzaren helburu nagusiak eta oinarriak oraingoan?
- Elkartasuna, ongizatea, bizi kalitatea, giza
kohesioa eta integrazioa. Helburu nagusi hau lortzeko honako zutabetan oinarrituko
da:
– Aurrekontu orekatuak
– Giza babeserako gastu publikoaren maila hobetzea
– Hezkuntza, etengabeko prestakuntza eta enpresa promoziorako gastuen igoera
– Inbertsio publikoa mantentzea
– Zientzia, ikerkuntza, eta teknologia berrietan apustua
– Industriako ekoizpenaren eraginez, kaltetuak izan diren zonaldeak suspertzeko
eta lurralde kohesioa lortzeko beharrekoa diren pausoak ematea.
Helburuak hauek izanik, zuek bakar batetara sinplifikatzen
dituzue: egungo marko- juridiko- politikoa gainditzea. Helburua hori dela diozue.
Sinplifikazio hau egitea gehiegizkoa dela deritzogu. Oso modu orokorrean aurkezten
duzue eta egiaztapen honen oinarria non dagoen ere ez duzue azaltzen.
Aurrekontuak aztertuta, horrelako ondorio batetara
iristeko imajinazioa ere behar da. Egungo marko juridikoarekin lotuta partida
bakarra topatu dut, lehendakariordetza sailean dago kokatua, eta bera, estatutuaren
garapena bultzatzeko da. 20 urte igaro ondoren zer gutxiago. Ez al zaizue horrela
iruditzen?
Eusko Alkartasunak, aspaldi danik eta sarritan
esan du, Gernikako Estatutuari iruzur egin zaiola, unilateralki aldatua izan
dela eta beraz, guk politikoki agortutzat ematen dugula. Guk egungo marko juridiko
politikoa gaindituko duen adostasun politiko baten beharra aldarrikatzen dugu,
horretarako prozesu politiko bat beharrezkoa delarik. Baina horretarako tresna
ez da aurrekontua izango, elkarrizketa eta negoziazioa baizik eta bere kasuan
herri borondatea.
Ala ere uste dut argitu beharrezkoa dela, aurrekontuek,
balorazio ekonomikoa duten programak jasotzen dituztela. Aldiz badaude beste
ekimen mota batzuk, balorazio ekonomikorik ez dutenak. horiek ez daude aurrekontuetan
jasota, horiek politikoki baloratu beharrekoak dira. Eta horretarako ospatu
dira bakearen aldeko eta autogobernuaren garapenerako bi osoko bilkura monografiko.
Bilkura horietan, bai eta gobernu itzarmenean, garbi azaltzen da, Jaurlaritzaren
ekimena, egungo marko juridiko politikoa oinarri bezala hartuta garatuko dela.
Hemendik abiatuta, prozesu pulitiko bati hasiera eman nahi zaio, alderdi politiko
bakoitzak bere jarrera politikoa azaltzeko aukera izango du, eta bakoitzari
zor zaion errespetuaz lan egin beharko da. Horrela da demokrazia edo horrela
ulertzen de Eusko Alkartasunatik behintzat.
Zuen bigarren arrazoiari erantzunez, esan behar
da, uka ezina dela Jaurlaritzak bakea eta normalizazio politikoaren aldeko apustu
finkoa egiten duela. Apustu hau hiru zutabetan oinarritzen da:
- pertsona guztien, inolako berezitasunik gabe,
bizitza eta giza eskubideak babesteko konpromiso etikoa
– elkarrizketarekin, Bakea eta elkarbizitza lortzeko tresna gisa, konpromiso
politikoa
– Euskal Herritarren erabakiei zor zaien errespetuarekiko konpromiso demokratikoa.
Hiru konpromiso hauek hartu ditu Jaurlaritzak.
Eta apustu honetan urratsak eman dira. Horra
hor Giza Eskubideen Euskal Behategia, ia da martxan jarri dena. Giza eskubideen
zuzendaritzatik, bakearen eta justiziaren aldeko ekimenen defentsa, zabalkunde
eta sentsibilizaziorako jarduerak gauzatzen dira, besteak beste. Bi ekimen hauek
aipatu baditut ere badira ekimen gehiago ere.
Beraz, ezin da esan, gorrotoa, askatasun falta
eta intolerantziaren aurrean erantzunik ematen ez denik.
Aurrekontu hauek deuseztatzeko azaldu duzuen
hirugarren arrazoia, inbertsioetarako aurreikusten den diru kopurua aurreko
urteetan baino gutxiago dela, egiaztapen horretan oinarritu duzue.
Egonkortasun eta Konbergentzia errealerako 2000-2003
Erakundeen arteko akordioak beste hainbat irizpideren artean, inbertsio maila
mantendu behar dela dio. Agindu hori aurrekontu hauek osatzerakoan aintzat hartu
da eta betetzen da.
2000. urteko aurrekontuetan VI eta VII kapituluen
pisu erlatiboa %15,8koa bazen, aurrekontu hauetan, kapitulu hauen garrantzi
erlatiboa %16,4koa da. Eta VIII kapitulua kontutan badugu, hau baltzu publikoen
inbertsioak finantzatzeko erabiltzen baita, inbertsioetarako egiten den ahalegina,
aurreko urteekin konparatuz oraindik handiagoa da. 2000. Urteko aurrekontuetan
VI, VII, eta VIII kapituluen pisu erlatiboa %16´3koa izan zen eta orain
aurkeztu diren aurrekontu hauetan kapitulu hauen garrantzi erlatiboa %18koa
da. Beraz, inbertsio publikoa mantentzeko helburua betetzen da.
Aurrekontu hauen helburuak aipatu ditudanean,
horietako bat kaltetuak izan diren zonaldeak suspertzeko eta lurralde kohesioa
bermatzeko beharreko diren pausoak ematea, hori zela esan dut.
Helburu honekin, Izartu plana jada indarrean
dago. Eta gogoratu behar dut, etxebizitza sailak adibidez, bere jardueran, zonalde
hauetarako bereziki hainbat ekimen aurreikusi dituela. Enplegu planak ere, zonalde
hauetarako neurri bereziak onartu zituen. Azken finean, edozein politika sektorialaren
helburua, desoreka eta desberdintasunak zuzentzea da. Lurralde kohesioa lortzea
da. Zer esanik ez dago gizarte politiken helburuaz. Nahiz eta egia den Lurralde
Historiko bakoitzean indarrean dagoen gizarte politika desberdina den. Ala ere,
jaurlaritzak egoera horiek saihestearren, gizarte gaietarako koordinazio sistema
bat indarrean jartzeko konpromisoa beregain hartu du. Erakunde arteko planak
geroz eta eremu gehiagotan erabiltzen ari dira. Eta hori erakundeen arteko koordinazioa
ematen denaren hastapen bat da.
Gizarte larrialdietarako 3.327 miloi aurreikusi
dira. Ez omen da nahikoa, zuen ustetan. Laguntza honetarako erabiltzen den diru
kopuruak urtetik urtera gehikuntza nabarmenak jasan ditu. Sail hau PSOEk kudatu
zuen azken urtean, laguntza honetarako 1.835 miloi soilik erabili ziren. Hori
1998.urtean gertatu zen. Ordutik lau urte besterik ez dira igaro. Eta denbora
honetan diru kopurua handituz gain, laguntza honen onuradun izateko baldintzak
ere hobetu dira.
Oinarrizko errenta, urtarriletik aurrera, gutxieneko
soldataren %86an finkatzea ere eskatzen da zuen osoko zuzenketan. Duela urte
bete, Eusko Alkartasunak hori bera proposatu zuen, eta ez zuen babesik jaso.
Kontrakoa, gure proposamena ez zela batere errealista atsikitu zeniguten. Eta
beharrezkoa da gogoratzea egun indarrean dagoen legea zuen osoko zuzenketa baten
ondorio dela. Oinarrizko errenta gutxieneko soldataren %75an finkatzea zen zuen
proposamena. Eta arlo honetan egi guztiak esaten hasita, gogoratu behar da,
laguntza honetako onuradunen konbibentzirako unitatea kide batek baino gehiagok
osatzen badute eskala bat aplikatzen da. Eta zuek eskala hau aldatu eta murriztu
zenuten, bai eta konbibentzirako unitate batek jaso dezakeen diru laguntzari
gehienezko topea ezarri zenioten. Aurrekontuetan jasotzen denaren arabera oinarrizko
errenta, gutxieneko soldataren %79an finkatu da. Zuen proposamena nabarmenki
hobetzen delarik. Guzti honengatik, gure harridura azaldu nahiko genuke, gutxienez
hori.
Enplegu planari dagokionez, honen osasun egoeraz
azaltzen duzuen kezka eskertzekoa da, kontutan badugu honen kontra bozkatu zenutela.
Baina esan behar da planaren osasuna ona dela.
Planak neurri berriak jaso bazituen ere, adibidez
auzolan ekimena, orokorrean jada indarrean zeuden neurri desberdinen bilduma
da eta bere birtuterik nagusiena, neurri bakoitzaren erantzukizuna zein erakunderi
dagokion finkatzean datza. Koordinaziorako tresna da.
Eta egokia iruditzen zait gogoratzea langabezia
tasa oraindik kezkagarria bada ere bere bilakaera egokia izan dela. 97. Urtean
langabezia tasa %20,2koa bazen, orain %11,5ekoa da. Ia erdira jaitsi da.
Osasun arloan gastuak gorakada nabarmena egin
du, besteak beste lanpostu berriak sortu direlako. Eta talde popularrari esandakoa
gogoratzen dizuet.
Etxebizitza alorrean konpromisoak zehatzak eta
garrantzitsuak dira: alokairuzko etxeak eraikitzeko apustua dago, lurraren legea
onartzeko konpromisoa ere jasotzen da aurrekontuetan. Eta nabarmena da etxebizitzarako
gastuaren igoera %30ª da 2001. Urteko aurrekontuen kitapenarekiko.
Haur hezkuntzari dagokionez, familia planak jasotzen
duenaren arabera 2-3 zikloa %100an eskainiko da eta 0-2 zikloa %25an. Beraz
aurreko urteekin alderatuta aurrera pauso nabarmena eman da alor honetan.
Eta amaitzeko, zazpigarren arrazoia. Jaurlaritzak,
ETAri babesa eskaintzen dioten erakundeei diru laguntzak ematen diela egiaztatzen
duzue. Horrelako egiaztapenak dohainekoak dira. Baina oinarrituak izan behar
dute.
Arrazoi guzti hauengatik, zuen osoko zuzenketari
gure kontrako botoa emango diegu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna