Tokiko Administrazioaren erreforma onartu du gaur Nafarroako Parlamentuak, Aldaketaren Gobernuaren proiekturik nagusiena eta legegintzaldi honetarako Gobernu Akordioaren punturik garrantzitsuena. Eskualdeak sortu ditu Legeak erakunde bezala, jendarteari ematen zaizkion zerbitzu nagusien kudeaketa eraginkorrago egiteko. Nafarroako Udal Mapa berriak herri eta hirietako bizilagunen bizitza kalitatean isla positiboa izango duela azpimarratu du EH Bilduk.
Udal zerbitzuen kudeaketarako babes handia izango dira eskualdeak, batez ere herri txikienen kasuan, beti ere bere autonomia errespetatuz. Horrela, udalek ahotsa eta botoa izango dute eskualdeen erabakietan, baita beto eskubidea ere, eta bere eskuduntzen barruan mantendu nahi duten zerbitzuak kudeatzen jarraituko dute.
Miren Aranoa, Nafarroako EAko koordinatzaile eta EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, “zailtasunen gainetik Legea onartzea, arrakasta handia da”. Aranoak azaldu duenez, “Nafarroako udalen %65a gobernatzen du EH Bilduk eta beraientzat aurrerapauso handia da udal zerbitzuen arloari dagokion Ongizate Estatuaren sendotzea posible egiteko”.
Legearen aplikazioak oso sakoneko aldaketa suposatuko du, horregatik “martxan jartzean ikusten diren moldaketak posible egiten duen testu irekia onartu da”. Proiektuarekin lotuta, aldaketaren ondorioz administrazioko langilerik ez dela kaleratuko ere adostu da.
Erregimenaren alderdiek, UPN, PSN eta PPk, argi esan dute datorren legegintzaldian erreforma atzera botatzen saiatuko direla.