Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Tolosaldeko Enplegu Zentroa inauguratu du ofizialki, gaur goizean. Ekitaldian, nabarmendu du ´zer garrantzitsua den lanpostuak sortzeko euskal erakunde guztiek batera, lankidetzan, lan egitea´.
Ildo horretatik, azpimarratu duenez, ´enplegu-zentroak lan handia egiten ari dira identifikazio-prozesuak, garapen-lanabesak eta banan-banako laguntza jasotzeko baliabideak langabetuen eskura jartzen, gizarteratzeko aukerak hobe ditzaten´.
Enplegu-zentro horiek, Laneratzeko Orientazioko Euskal Zerbitzuaren baitan daudenak, enplegua aurkitzeko aukerak hobetzen laguntzen ari dira, laneratu arteko ibilbide osoak ezarriz.
Ildo horretatik, garrantzitsua da zenbait datu azpimarratzea: gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, sailak onartutako 36 orientazio-zentro daude; horietatik, 11 Gipuzkoan daude. Guztira emandako diru-laguntza 1.686.529 eurokoa izan da.
Orobat, badaude Enplegu-Zentroa duten 10 orientazio-zerbitzu; horietatik, 5 Gipuzkoan daude. Zentro bakoitzak 33.055 euroko diru-laguntza jasoko du.
Beraz, bi kontzeptuak (orientazio-zerbitzuak eta enplegu-zentroak) kontuan harturik, 2.017.085 eurokoa da Eusko Jaurlaritzak guztira emandako diru-laguntza, Euskal Autonomia Erkidegoan langabezian dauden 4.985 pertsonari lan-orientazioa emate aldera.
Tolosaldea Garatzen izenekoaren kasuan, bi kontzeptuengatik jasotako diru-laguntza 55.203 eurokoa izan da, banan-banan aintzat hartutako 60 pertsonentzat guztira.
Sailburuak esan duenez, Tolosako Enplegu Zentro honetan darabilten filosofia, gainerako zentroetan bezala, jarraitu beharreko bidea da. Enplegua eta kalitatea sortzearen bidea, hain zuzen, eta Enplegua Sustatzeko Plan berria (2003-2006), gizarte-eragileekin erkatzen ari garena, erreferente izango duena´.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Plan horren bidez enplegu politika aktiboak indartuko ditu, eta horien integrazioa, pertsonalizatzea eta kontrola ere bai. Baita erabiltzaileen premien arabera egokitzea ere.
Horrela, Joseba Azkarragak nabarmendu duenez, ´Plan berrian, Enplegurako Orientazioa enplegua sustatzeko zenbait politika aktibo eta laneratze-bidea erraztera zuzendutako zenbait jarduera antolatzeko ardatza izango da, eta horiek guztiak integratzeko elementua; gainera, laneratzeko aukerak hobetuko ditu´.
Azken buruan, orientazioa ´herritarren enplegua lortzeko baliabideak eskuratzeko sarbidetzat jotzen da, Euskal Enplegu Zerbitzuaren baitan (LANBIDE) ´, aipatu du sailburuak.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak egiaztatu duenez, ´Espainiako gobernuak gure autogobernurako gaitasunari jartzen dizkion oztopoak oztopo, Eusko Jaurlaritza enplegua sustatzeko legezko lanabes guztiak erabiltzeko prest dago´.
Ildo horretan, jarraitu duenez, ´hona gure erronka estrategikoaren ardatzak: gizarte eta ekonomia arloko eragileekiko hitzarmenak, erakundeen artekoak, eta koordinatzeko akordioak, betiere lurraldeen espezifikotasunak errespetatuz´.
Hala, Joseba Azkarragak ondorioztatu duenez, ´Tolosaldeko Enplegu Zentroa abian jarri izana enplegua sortzeko erakunde guztien arteko koordinazioaren eta lankidetzaren adibide bikaina da´.
Jatorria: Eusko Alkartasuna