Eusko Alkartasunako idazkari nagusi ohiak, Unai Ziarretak euskal eskenatokian gaurkotasuna izaten jarraitzen duen gaiari buruzko hausnarketa egiten du, torturari buruz. Artikulua bihar arratsaldean Donostian torturaren aurka egingo den manifestazioaren bezperan dator.
Zerk bultza dezake pertsona bat egin ez duen delitu batean parte hartu duela aitortzera? Zerk bultza dezake atxilotu bat egoera pertsonala gaiztotu diezaiokeen eta zigor luze eta larriagoak betetzera eraman dezaketen zerbait deklaratzera, baldin eta jurisdikzio sistemak aukera ematen badio isilik egoteko eta bere buruaren kontra ez deklaratzeko? Baliteke deserosoak izatea galderak. Deserosoak, bai, erantzunak drama bat duelako ezkutuan: tortura; Estatuko botere guztiek modu sistematikoan ezkutatzen ahalegintzen diren errealitate bat. Harik eta ebidentziak ezin ezkutatuzko bihurtzen duen arte, eta Fiskaltzari aukera bat besterik geratzen ez zaion arte: akusatuen aulkian eseraraztea hamabost guardia zibil, bi atxiloturi ustez egindako torturengatik; hala gertatu da eta ikusi dugu aste honetan Donostiako Probintzia Auzitegian, nahiz eta hainbat komunikabidek ezjakinarena egin duten.
Egiteko gaitzak dira galdera horiek, errealitate ezkutu bati oso lotuta baitaude barru-barruan; eta errealitate gogaikarria denez, erosoagoa da saihestea. Albiste desatseginen berri jakin nahi ez dugunean eta irudi gordinik ikusi nahi ez dugunean, esate baterako, aldatu egin ohi dugu telebista katea; eta torturarekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Inork ez du gogoko Afrikako haurrak desnutrizioak jota hiltzen ikustea, eta inork ez du gogoko irudikatzea zer egin ote diezaieketen mutil edo neska zenbaiti atxilotuta eta inkomunikatuta dauzkatela, erailketa batean parte hartu dutela aitorrarazteraino; nahiz eta gero datu eta egintza objektiboen bitartez frogatu ez zutela inolako zerikusirik izan.
Irakurle askok gogoan izango dituzte Guildford-eko laurak; Jim Sheridanek zinemara eraman zuen haien kasua. Ingalaterran 1974an gertatutakoa salatzen du Sheridanek bere filmean -In the Name of the Father (Aitaren izenean)-. IRAk atentatu bat egin zuen orduan, eta lau irlandar atxilotu eta galdekatu zituzten; nork bere burua erruduntzat joarazteraino torturatu zituzten, eta kartzela zigor luzeak ezarri zizkieten. Handik hamabost urtera, baina, aske utzi zituzten, haien errugabetasuna frogatuta geratu baitzen, bai eta bidegabekeria izugarri hari bide eman zion polizia eta justizia sistemaren erruduntasuna ere. Euskal Herrian, zoritxarrez, badugu Gildford kasuaren antzeko aldaera propio bat. Euskal aldaeran, Ainara Gorostiaga eta beste hiru gazte nafar izan ziren protagonista nagusiak; bi urte eman zituzten kartzelan, denek Leitzako zinegotzi Javier Mujikaren hilketan parte hartu zutela aitortu baitzuen Gorostiagak. Hurrengo, ETAri konfiskatutako agiri batzuek frogatu zuten, zalantza izpirik gabe, erabat errugabeak zirela, bai Gorostiaga, bai haren hiru lagunak; Auzitegi Nazionalak, bada, aske utzi beste irtenbiderik ez zuen izan. Baina Gorostiagak zergatik aitortu zuen, bi urte lehenago, egin ez zuen delitu baten errudun zela? Nork ordaindu zuen bidegabekeria hura? Erantzuna badakizue guztiok ere.
Galdera horiei erantzuten dien errealitatea, hain zuzen, polizia etxeetan existitzen da, gizartearen begien ezkutuan; hala eta guztiz ere, ezin ezkutatuzkoa da erabat. Haren ebidentzia gordin-gordin ageri ohi da noizik eta behin. Duela egun gutxi batzuk gertatu berri da: ofiziozko abokatu batek uko egin dio bere defendatuak polizia etxean egindako deklarazioa sinatzeari, ikusita ezinago larri zegoela.
Halakoxea da Espainiako demokrazia sistemaren gerizpean praktikatzen den errealitatea: torturatu egiten dela. Espainiako Estatuak berak ezkutatu egin ohi du modu sistematikoan, poliziei egotzitako tratu txarren salaketak gutxienez ikertu ahal izatea ere; Espainiako Estatua bera oraindik orain zigortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Mikel San Argimiro preso donostiarrak 2002an aurkeztutako tortura salaketa ikertu ere ez zuelako egin.
Halakoxea da zenbait komunikabidek ezkutatzen duten errealitatea. Badakigu guztiok kazetaritzako esakune hau: komunikabideetan ageri ez dena ez da existitzen. Espainiako Estatuko botere guztientzat, tortura ez da existitzen, besterik gabe. Eta noiz edo noiz agertzen bada, Donostian egunotan epaitu berri dituzten hamabost guardia zibil horiekin gertatu bezala, betiko lelora jo ohi dute: ETAko kide guztiek dute torturak salatzeko kontsigna. Eta kito. Kontzientziak isilarazita. Erosoagoa baita pentsatzea tortura Irakeko kontu bat dela, gurekin eta gure bizimodu erosoekin zerikusirik ez duen gerra batekoa. Horregatik, askorentzat shock eragilea izan zen Euskaldunon Egunkaria-ko goi zuzendari batek torturatu zutela salatu izana. Horrek egiazko bihurtu baitzuen gu guztion barru-barruko beldur ezkutua: gutako edozein izan daitekeela indarkeria halakoaren biktima. Bada, bai, dagoeneko biktima dira batzuen batzuk.
Halakoxea da gure herrialdeko errealitatea, Euskal Herriko errealitatea. Korapilatsua, zaila eta latza. Eta agerian utzi dute hainbat erakunde nabarmenek ere: hala nola Amnesty International, Human Rights Watch eta NBEren Torturaren Kontrako kontalari bereziak berak. Horiek guztiek diotenez, indargabetu egin behar da pertsona atxilotuen inkomunikazio aldiari bide ematen dion legedia; espazio ilun horrek zigorgabetasunez aritzeko bidea errazten die torturatzaileei. Eusko Alkartasunakook behin eta berriro galdegin dugu hori. Eusko Legebiltzarrak ere behin baino gehiagotan eskatu izan du, baina gobernuak eta Espainiako Estatu osoak beti berdin erantzun izan du: ebidentzia ukatuta, errealitatea ukatuta. Eta are okerrago: torturengatik zigortutako poliziei barkamena emanda eta dominak jarrita. Non dago Galindo, Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeagatik eta hiltzeagatik zigortu zutena? Kalean. Torturarekiko konpromisorik ez dago; baina ez hori bakarrik, tortura sustatu egiten da zenbait ekintza eta jarreraren bitartez.
Halakoxea da gu guztiok etika eta politika betebeharrez borrokatu beharra daukagun errealitatea; torturaren kontra borrokatzea, dena delako ibilbidetatik eta errealitatetik jardunda ere, gure herrialdeko bakearen alde eta politika normalizazioaren alde borrokatzea baita. Horrexen alde jardungo dugu gutako askok bihar, urriak 30, Donostiako kaleetan barrena manifestatu eta Torturarik Ez galdeginda.
Jatorria: Unai Ziarreta