Trumpek AEBko hauteskundeetan lortutako garaipenaren lehen agerraldia beregandik espero zitekeenari erabat erantzuten dio, Estatu Batuetako historiako lehen presidente konbiktuarengandik, alegia. Hara. «Legez kanpokoei» mugak itxiko dizkie. Emakumeengandik nabarmendu duen lehen gauza, Melania emaztearengandik hasita, euren edertasuna da. Eta laster ikusiko dugu zer gobernu-ardurarekin ordaintzen dion Elon Musk enpresaburuari, arlo publiko guztiaren pribatizazioaren atarian. Trumpek jakin badaki irabazi duela, aurreko hauteskundeetan demokrata bozkatu zuten klase popularren zati bat berarekin eraman duelako. Ez emakumeek, ezta gutxiengoek ere, ez dute alderdi demokrataren alde egin gehienbat. Izan ere, herrestatze efektuaz jakitun, mugimenduaz mintzo da, eta ez alderdi errepublikanoaz. Garaipena sekulakoa da. Trumpek herritarren botoa irabazi du, Ordezkarien Ganbera, Senatua eta Auzitegi Gorena kontrolatuko ditu. Botere absolutuaren antzekoena.
Alderdi demokratak, hemen zentro liberala izango litzatekeenak, politika kontserbadoreagoetara jo du, eta biraketek bidesaria kobratu dute. Adibide bezala, Kamala Harris hautagaiak, aspalditik fracking-aren aurkako kritikak egin zituenak, azkenekoetan hain arriskutsua den teknika horren aldeko kanpaina egin du. Jendeak, originalaren eta kopiaren artean, lehenengoa erosten du azkenean. Bestalde, Bidenek bere presidenteordearen hautagaitza estali du. Trumpek lau urte zeramatzan kanpainan, Harrisek aldiz, hilabete gutxi. Hor aldea. Bitartean, alderdi demokrataren ezkerraldean, Bernie Sandersek senatuan duen eserlekuari eutsi dio Vermonten, baina gizon zaharra da, eta alderdi demokratak bere purgatoriotik pasatu beharko du lidergoak berritzeko. Eta berregiten saiatu beharko da datozen hauteskunde partzialei begira, bi urte barru izango baitira.
Baliteke Estatu Batuak oraindik munduko ekonomia nagusia izatea, Txina gorabehera, eta mundu mailan ia ahalguztiduna da. Nahi ala ez, mundu osoari eragingo diote Trump 2.0 administrazioak hartuko dituen erabakiek. Haren presidentetza ez da eraginkorra izango urtarrilaren 22ra arte, baina Europan ezin dugu gertatutakoaren zain jarraitu. Bai AEBetan, Txinan edo Errusian, berdin du. Ekonomian ere ez da ezustekorik izango. Isolazionismoan eta protekzionismoan oinarritutako urteak datoz. Gure produktuetara muga-zergetatik, gure esportazioak garestituko dituztenak, hain zuzen ere. Panorama txarra benetan, AEB delako gehien esportatzen dugun herrialdea, Frantzia eta Alemaniaren atzetik. Hego Euskal Herritik, 450 milioi euroko esportazioak egiten ditugu urtean. Bada zerbait.
Hala ere, tentazioak tentazio, ahaztu egin behar dira Trump eta bera bezalako gainontzeko buruzagi populista guztiak. Gure iparrorratza ezkerrean dago. Kito. Ezerk eta inork ez gaitzala despistatu eta hortik atera. Akats estrategiko oso larria litzateke esparru neoliberalean erortzea, bere agenda gizajalean. Europan blindatu eta lan egin behar dugu guztion onuran oinarritutako guztiontzako politika aurreratu propioen alde. Interes pribatuak pertsonen interesen gainetik jartzen dituzten politikak eta kasu batzuetan, kapitalaren txotxongiloak diren erakundeak, desagerraraztea.
Von der Leyen “administrazioa” ere martxan egongo da urtarriletik aurrera, eta mundu mailako zentralitatea bilatu beharko luke, Europako sortze eredua indartuz, eta bere agenda propioa ezarriz, Meloni eta Orbanena izan ezin daitekeena, noski. Migrazio-politikei dagokienez, behingoz herrialde garatuek krisian duten erantzukizuna aitortuko eta araberako erantzuna eman behar dute, eta horren arabera jokatu, kontinentera milaka pertsona iristea behar bezala kudeatzeko. Trantsizio energetikoan eta klima aldaketaren kontzientziazioan, Teresa Riberak bere lidergoa gauzatu beharko du Europak deskarbonizazio helburuak bete ditzan. Emakumeen eskubideetan azeleragailua zapaltzea, azken urteetan atzerakada nabarmena pairatu dugulako. Eta nola ez, Europako nazioarteko harremanak ahaztu gabe, abian diren gerra gatazketatik hasita. Gai horietan guztietan eta beste batzuetan, Europak AEB begiratzeari utzi beharko dio politika propioa egiteko.
AEBk Europako defentsan inbertitzeari utziko dio, ez baita Trumpen afera. NATOren aterkirik gabe, “Europaren defentsaz” hitz egiten hasiko dira. Ukrainan, mundu guztiak daki irtenbidea ez dagoela gerran, negoziazioan baizik. Europatik ezin dugu Zelensky armaz hornitzen jarraitu. Bide diplomatikora joan beharko da, eta negoziatu. Zelenskyren interesen azpitik, ziurrenik, baina Errusiak okupatutako herriek baldintza demokratikoak bermatuz erabaki ahal izateko atea zabalik utzita. Palestinako gatazka Ukrainakoa baino are zailagoa da tamalez. Europarentzat bi estatuen politika utziezina da. ALEk, The Left-ekin, konferentzia bat antolatuko dugu Abenduaren 10ean Europako parlamentuan, elkarrizketa eta negoziazioa bultzatzen jarraitzeko, genozidioa salatuko duten legelariekin.
Eta Estatuez ari garela, Estaturik gabeko nazioen unea da. Ziur aski, Europa honek ez du horretan sinesten, baina txokoa hain nahasia ikusita, federalismo pragmatiko baterantz pausoak ematera behartuta dagoela ulertu behar du. Eta azkenean, zirkunstantziek behartuko dute. Bere interes propioek.
Laburbilduz, Trumpen garaipena, albiste ona da mundu neoliberalarentzat, baina albiste txarra guretzat, besteontzat. Dena den, hori ere aukera handia da. AEBen menpekotasun historikoa behingoz astintzeko eta pertsonengan eta guztion onuran oinarritutako gizarte bat ezartzeko aukera handia, Ipar Amerikako eredu neoliberalaren antipodetan.
Lorena Lopez de Lacalle Arizti.
Nazioarteko Politika idazkaria.