Estrasburgon dago Lorena López de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkaria eta Aliantza Libre Europarreko presidentea, Kurdistango HDPko diputatu, giza eskubide arloko abokatu eta bake prozesuan bitartekari den Selahattin Demirtaşen kasuarengatik Turkiar Estatuaren aurka Europako Giza Eskubideen Sala Nagusia egiten ari den epaipetan. Kartzelan dago duela hiru urte Demirtaş, bere jarduera politikoarekin zerikusia duten salaketengatik. López de Lacallek salatu duenez, “demokrazia falta eta adierazpen askatasun mailako murrizketak ez dira Turkian bakarrik ematen, eta epaiketa hau Estatu Espainolari ere eragiten dio”.
Ankaran urtarrilean eta martxoan Selahattin Demirtaşen aurka egindako epaiketetan ere begirale bezala aritu zen Eusko Alkartasunako Ejekutiba Nazionaleko ordezkaria. Kasu hori, gogoratu du López de Lacallek, ERCko buruzagia den Oriol Junquerasen kasuarekin alderatu da, “epaia jakin aurretik kartzelan eman duten denborarengatik eta erabat demokratikoak diren ideia eta jarduera politikoen kontrako prozesuak direlako”.
Giza Eskubideen Europar Auzitegiak emana du kasu honi buruzko iritzia, eta Demirtaç aske uzteko eskaria egin zuen, espetxean igarotako denbora bere eskubideak ukatu dituelakoan. Horrek, uste du López de Lacallek, “nazioarteko zuzenbideak emaitzak lortzen dituela esan nahi du; erronka epaiak betebeharrekoak izan daitezen da”.
Pernando Barrena, EH Bilduko eurodiputatua ere epaiketan dago, EAko Nazioarteko Politikako idazkariarekin eta ALE/GUE taldetako gainontzeko ordezkariekin batera.