Udal Musika Eskolentzat finantziazio esparru egonkorra defendatu du EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko kide den Esther Korresek gaur egin den Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran. Hori Foru Gobernuarekin sinatutako moduluetan oinarritzen den hitzarmenaren bidez egin behar dela uste du Korresek; era berean, indarrean dagoen araudia eguneratu behar dela adierazi du. Foru Gobernua babesten duten lau alderdien botoei esker onartu da proposamena.
Gai honi buruz Podemos-Ahal Dugu taldeak sartu duen ekimenari emendakina egin dio Korresek, zituen akatsak zuzentzea beharrezkoa zelakoan. Horretaz gain, EH Bilduko legebiltzarkideak balorean jarri du Udal Musika Eskolen sarea, Nafarroan hezkuntza eta kultur arloan erreferentea delako. Eskolen sareak propioa den araudia dauka gogoratu du Korresek, udal bakoitzak dituen beharrei erantzuna emateko asmoz.
“Udal Musika Eskolak kultur eta hezkuntza politikaren tresna garrantzitsua da, arte eta kultura eta artearen aldeko zaletasuna sortzen laguntzen dutelako eta gizartearen alor guztiak kalitatezko hezkuntzara iristea errazten dutelako”, Esther Korresek esan duenez. Horregatik Nafarroako Gobernuak “eskolek lanean jarraituko dutela bermatuko dute, udalek duten baliabideak kontutan hartu gabe”. Horretarako finantziazio esparru egonkorra behar da, eta EH Bilduk europar ereduari hurbiltzen joan behar dela uste du: % 33 Foru Gobernua, %33 udalak eta %33 matrikulekin bildutakotik.