Gipuzkoako kostaldeko zenbait udalen eskaerari jarraituz, sorospen zerbitzua Aldundiak kudeatu dezan eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduko taldeko Iker Intzak. Horretaz gain, langileen kontratazioari dagokionez, indarrean dagoen sektorearen lan itzarmena betetzeko eskaria egin du Intzak. EH Bilduk ekimena Elkarrekin Gipuzkoarekin adostea lortu badu ere, EAJ eta PSEren botoek atzera bota dute eskaria eta gauzek bere horretan jarraituko dute.
Gipuzkoako udalerri batzuek “hondartza bateko zerbitzuak kudeatzetik, hiru edo lau kudeatzera pasatu dira, igotzen ez diren aurrekontuekin”, azaldu du Intzak, eta horrek “lehentasunak ezarriz, hondartza batzuk sorosle gabe uztera behartu du”. Horren adibide, udan hainbeste pertsona biltzen dituen Zarautz da, “batzuetan ez dute hondartza osoa soroslez kubritu, partidak ez dietelako ematen postu guztiak hornitzeko”.
Gipuzkoako kostaldea, “herrialdeko biztanle guztiena” dela uste du EH Bilduk, baina kostaldeko udalerriek dute horiek kudeatu eta ordaintzeko beharra. Izan ere, hainbat udalerriek sorospen zerbitzua Diputazioaren esku uzteko proposamena egin dute, hori eskatzen duten mozioak onartuta: Mutriku, Orio eta Hondarribiak aho batez, eta Getaria, Zumaia eta Debak gehiengo osoz. Horregatik ere, “sorospen zerbitzua udalek kudeatzen duten bitartean, diru-laguntza lerro bat ireki dezala zerbitzua bere osotasunean finantza dezan” eskatu du Iker Intzak.