Legebiltzarrak gaur Gobernuan dauden alderdien botoekin bakarrik onartutako duen Ekarpen Legeak erakunde ezberdinen -batez ere udalena- finantzazio beharrei erantzun egokia emateko aukera galdu duela salatu du Leire Pinedo, EH Bilduko legebiltzarkideak. “Lege berriarekin ere udalek jendartearen beharrei erantzuna emateko zailtasunak izaten” jarraituko dutela azpimarratu du.
Ekarpen Legea erakundeen funtzionamendurako oinarrizko tresna da, bakoitzaren eskumen eta finantzazioa ezartzen duelako. “Hamar urte luzeko atzerapenarekin heldu da Legea Legebiltzarrera”, gogoratu du Pinedok, eta, hala eta guztiz ere, “herritarrengandik gertuen dauden instituzioen finantzazioari ez dio erantzunik ematen”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, onartu den lege proiektuak ez ditu azken urteotan erakundeen artean egon diren baliabideen banaketaren inguruko desadostasunak eta sakoneko arazoak konpontzen. Era berean, ez du udal finantzazio egokia nahikoa eta egonkorra bermatzen, “baliabideen banaketan oso aldaketa gutxi daudelako”.
Legea “aldundi eta Jaurlaritzaren arteko akordioa izan da eta EAEko eta lurraldeetako instituzioetan alderdi berbera dagoenean egin da: hori ez da kasualitatea”, adierazi du legebiltzarkideak, ituna “Sabin etxeko bulego batean itxi” dela esanda. Izan ere, gaur Legebiltzarrera eraman den testua “Jaurlaritza-aldundiak akordio bezala ezagutzera eman zen, eta Eudel gero horretara atxikitu egin zen”.
“Beste behin ere udalak baztertuak izan dira, bigarren mailako erakunde gisa hartuak izan dira”, azpimarratu du Pinedok EH Bilduk legean ez daudela “udalen nahiak eta beharrak behar bezala islatuta” uste duela azalduz. Baina gainera, legebiltzarreko taldeekin ere ez da negoziaketarik egin, “Jaurlaritzak ere ez du dei bat egin, azalpenak eman edo legea hona dela konbentzitzen saiatzeko, adostasuna lortzeko ahaleginik ez da egin”.
IMG-20210222-WA0009