Pello Urizarrek Udal Legea onartzearen beharra nabarmendu du gaur Gasteizen, udalerriak behin betiko Euskadiko sare instituzionalean eta finantzieroan sartzeko, eta horretarako Lurralde Historikoen Legea aldatzearen alde agertu da. Hona hemen EAko idazkari nagusiaren hitzaldia, hitzez hitz:
Udal Legeaz hitz egiteko deitu dizuegu, Jaurlaritzak lege-proiektua gutxi barru aurkeztuko duelako eta Eusko Alkartasunarentzat gai horrek lehentasun berezia daukalako.
Pasa den legealdian Udal Legearen onarpena Gobernu-Programan sartzea behin eta berriro eskatu genuen eta gaur argi eta garbi esan dezakegu lege hori onartu ez izana ezin zaiola EAren gogo faltari leporatu, Udal Legea aurrera ateratzen legealdiko azken minutura arte saiatu ginelako.
Orain Udal Legearen gaineko eztabaida iristen ari da hain justu udalen egoera, bereziki udalen diru-kutxen egoera, larria denean. Izan ere, udalak diru gutxiago jasotzen ari dira orain aldundien aldetik, zergen bidez bildutako diru kopuruaren jaitsiera gehiago nabaritzen ari dira eta oinarrizko beharrak bete ahal izateko arazo ekonomikoak dituzten pertsonen kopurua gora doa.
Udalak oinarrizko erakundeak dira, jendearengandik hurbilen daudenak eta, beraz, jendearen beharrei erantzuna ematea dagokie. Beraz, Udal Legea modu batean ala bestean onartu, berandu iristen ari gara. Eusko Legebiltzarrak 31 urte eman ditu erakundeen arteko lankidetza zehazteko eta udal autonomian sakontzeko, eta 31 urte gehiegizkoak dira.
Eskuduntzen banaketa zehaztea presazkoa da, ezin dezakegu gehiago itxaron. Eusko Alkartasunaren iritziz, banaketa horrek bi ardatz izan behar ditu: batetik, udalek sare instituzionalean leku bat eduki behar dute, berdintasun-egoeran, inolako zentzurik ez duen tutoretzarik gabe; eta bestetik, instituzio komunek norabide orokorra markatu behar dute. Gurea bezalako herri txiki batek bere baliabideak modu arrazional batean erabili behar ditu bikoiztasunak saihesteko, eta batez ere krisi egoera batean. Modu horretan bakarrik lortuko dugu gizarteari zerbitzurik onena ematea eta ongizate-maila gero eta altuagoa izatea.
Bestalde, alderdi subiranista izanik, Eusko Alkartasunarentzat Udal Legea, Lurralde Historikoen Legearekin batera, tresna garrantzitsua da, nazio eraikuntzaren ikuspegitik, gure sare instituzionalaren barne egitura zehazteko. Ezin dugu nazio eraikuntzaren bidean aurrera egin, gure sare instituzionala modernizatzeko gai ez bagara, eraginkortasuna, kohesioa eta koherentzia lortzeko.
Lurralde Historikoen Legearen ereduak desajusteak eta burokratizazioa ekarri ditu, eta horrek Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren norabide politikoa mugatzen du.
Gai eta arlo askotan disfuntzioak daude: esaterako, udal finantziazioan, azpiegituretan, gizarte zerbitzuetan, hirigintzan, ingurumenean, planeamendu ekonomikoan… Bikoiztasunek, bai administrazioan, bai gastu publikoan, esfortzuak sakabanatzea eta baliabideak alferrik gastatzea dakarte.
Udal Legea, beraz, bi muga garrantzitsurekin jaioko da, eta egonkortasun eskasa izango du instituzioetan egon daitezkeen aldaketa politiko koiunturalen aurrean aldez aurretik blindatzea lortzen ez badugu. Oso ona izanda ere, onartzen dugun legea gero Legebiltzarrean beste lege batzuek aldatzen baldin badute, arazo bat izango dugu.
Laburbilduz, guk nahi dugun Udal Legeak udalerriak behin betiko sartu behar ditu gure herriko sare instituzional eta finantzieroan, eta horretarako udalek erabaki-gune guztietan egon behar dute, Finantzen Euskal Kontseiluan ere bai; guk nahi dugun Udal Legeak herri honen norabidea zehazteko ahalmena izan behar die instituzio komunei eta herritarren parte-hartzerako bide eraginkorrak ireki behar ditu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna