«Usurbildarrek dituzten nahi eta helburuak gauzatu behar dira»
Usurbildarra, azken zortzi urte hauetan Udaleko zinegotzia izan da eta maiatzaren 25eko udal hauteskundeetarako Eusko Alkartasunako alkategaia da Luis Mari Ormaetxea.
- Egin ezazu azken lau urtetako Udal gestioaren balantze txiki bat.
- Azken egun hauetan nabari da nolakoa izan den udalaren gestioa azken urte hauetan. Legislatura bukatzeko egunak falta direnean erabaki oso garrantzitsuak hartzen gabiltza. Alde batetik herriko antolaketa adieraziko duten norma subsidiarioak legealdia bukatzen den egunean edo bezperan onartuko dira. Horrelako korrika eta presaka ibiltzeak adierazten du legealdian zehar ez dela funtzionatu behar adina, ezinean ibili dira. Beste aldetik, Udalaren antolakuntza aldetik, azken egunetan sei lanpostu berri onartzeak ere gauza bera adierazten du. Badirudi ez dutela sinisten hurrengoak gai direla gauzak egiteko. Dena oso ondo lotuta uzteko asmoarekin dabiltza.
- Zergatik aurkezten zara alkatetzara?
- Azken 8 urtetan udaletxean egon naiz, oposizioan. Oposizioan egonda iruditzen zitzaidan herriaren alde aportazioak egin nitzakeela eta oraindik indarrak gelditzen zaizkit, eta ilusioa eta ideiak ere bai. Oso talde ona osatu dugu, gogoarekin dagoena, eta talde hori lideratzeko eta dauzkagun asmoak gauzatzeko gai naizela irudi-tzen zait.
- Zeintzuk dira Eusko Alkartasunak aurkezten dituen programaren euskarri nagusiak?
- Garapen soziala da da beste alderdietatik pixkat bereizten gaituena. Ongizatean garrantzi handiena adineko pertsonei ematen diegu, 3. adineko pertsonei erantzun bat eman nahi diegu. Ikusten dugu oso urte gutxitan jende multzo hori nagusi izango dela. Gaur egun dauzkagun zerbitzuek ez diote horri erantzungo eta aurreratu egin behar dugu.
- Eta zer egingo duzue?
- Gure asmo nagusia da Artzabal baserria zena zerbitzu horretara jarri. Jende askori erantzun beharko zaio arlo honetan eta leku hori oso egokia dela iruditzen zaigu. Honek behar adinako zerbitzua emango luke adineko pertsonentzat. Gaur egun daukagun zahar etxearen antzekoa izango litzateke lehendabizi eta epe luzean zaharren erresidentzia izango litzateke.
- Eta hirigintza arloari buruz zer proposatzen duzue?
- Etxebizitza beharrei erantzuten jarraitu behar da. Hainbat azterketa egin dira zenbaterainoko etxebizitzak behar diren jakiteko eta hori oinarritzat hartu behar da. Gazteek duten etxebizitza beharrei erantzun behar zaio babes ofizialeko etxebizitzen bidez. Bestalde, adin ertainera iritsi, eta etxebizitza libre edo beste mota bateko etxebizitzak jasotzera prest egongo lirateken horiei ere erantzun behar zaie, Usurbilen aukerarik ezean beste herrietara baitoaz. Konkretuki Santuenean etxebizitzak egin behar dira, Eguzkitzaldeako auzunea urbanizatu beharra dago…
- Herriaren garapen ekonomikoa ere hor sartuta dago.
- Azken urte honetan turismoari buruz egindako plan estrajikoa baztertuta izan dute eta hori martxan jarri beharra dago. Horrez gain, Barkaiztegiko industria gunea ere martxan jarri behar dugu. Plangintza bat egina dago, pixkat garatu eta industria gune berri bat sortzeko pausoak ematen hasi behar dugu.
- Nola ikusten duzu Usurbilen etorkizuna?
- Ze ingurutan gauden kontuan hartu behar da. Baiona eta Donostiak osatzen duten konurbanizazioaren mutur bat gara eta horrek eragin bat izango du. Hor era basati batean integratu gaitezke, Donostiaren zabalpenerako beharrei erantzuteko, edo-ta parte hartu daiteke, baina hazkunde natural eta logiko batekin. Handitzen joango gara, baina era arrazional batean handitu behar dugu: biztanle kopuruari erantzunez eta industria hazkundeari erantzunez. Oria ibaiaren behea aldea denez, ingurugiro eta ekologia aldetik duen garrantzia kontuan hartu behar da eta ezin gara azken aldian planteatzen ari diren kirol espekulatibo makroaktuaziotan erori. Proposamen erakargarriak etorri daitezke baina tinko mantendu behar dugu herriaren izaera eta historia.
- Zein da Usurbilen gehien kezkatzen zaituen arazoa?
- Usurbildarren ongi nahia, usurbildarrek dituzten nahi eta helburuak lortzea. Udaletxea herritarren zerbitzura jarri behar da hauen beharrei erantzuteko. Guk 3. adinekoek behar badutela ikusten dugu eta horri erantzun nahi diogu. Bestalde, ezin dugu ahaztu Usurbil Euskal Herrian dagoela eta bertan politikoki bizi dugun egoera halakoa da eta gatazka horrek dituen ondorioak ere jasotzen ditu Usurbilek. Elkarbizitza egoera hori bermatzen laguntzen saiatu behar du Udalak.
- Zer emaitza espero duzue udal hauteskundetan?
- Hipotesiak egiten ibiltzea zaila da. Jendea boto nuloa ematera joaten bada abertzaleak ez diren alderdien emaitzak hobetuko dira eta aukera horietako laupabost zinegotzi izango dira udaletxean. Hori zerbait ezohikoa izango da usubilgo udalean demokrazia dugunez geroztik. Guztion erreflexiorako puntua da hau.
Jatorria: Eusko Alkartasuna