Ardura berriari neurria hartzen hasia da Unai Ziarreta, joan den igandean EAko presidente aukeratu zutenetik. Garai politiko ilunotan, gatazkaren konponbidean laguntzea du kezka nagusien artean. Kargu berria du, baina lehengo bulegoari eutsi dio Unai Ziarretak (Mungia, 1970), Bilboko Areatzan, leihotik parez pare Arriaga Antzokia ikusten duela. Alderdiaren Bilboko egoitza du lanleku nagusia, baina hanka bat Gasteizen duela jarraituko du, Eusko Legebiltzarrean EAko bozeramaile izango baita hemendik aurrera ere.

Zein dira EAko presidente berriaren helburu nagusiak?

Barne ikuspuntu batetik, alderdia indarberritu, eta horretarako batzar nagusiak izan behar du alderdiaren arima eta bihotza. Ikuspuntu politikotik, ponentzia politikoa argi dago zein den: Jaurlaritzan gaude, eta Jaurlaritzak mahai gainean proposamen zehatza du, kontsulta, herriari hitza ematea.

Proposamen hori normalizaziorako ia azken ahalegina izango dela esan berri duzu. Zergatik ia azkena?

Hamabost urte daramatzagu gure autogobernuan aurrerapausorik txikiena ere eman barik. Oso irudimentsuak izan gara alderdi politiko abertzaleak irtenbide irudimentsuak proposatzen. Baina beti izan dugu erantzun bera. Azken adibidea 2005eko otsailekoa da. Orain berriro, garbitasunez, koherentziaz, lautasunez Espainiako Estatuari negoziazio proposamen zintzoa eta xumea egin diogu. Eta uste dugu proposamen hori onartu egin beharko luketela. Printzipio demokratikoa da: herri baten gehiengoaren borondatea norabide jakin batean doanean, borondate horri ezin zaio muzin egin. Ia obligazioa da negoziazio bidea zabaltzea.

Baina negoziazio bide hori zabalduko duen batere esperantzarik baduzu?

Espainiako Gobernuak proposamen batekin erantzun beharko luke, eta negoziazio prozesuan bakoitzak defendatu behar duena defendatu dezala. Baina baikortasunari eutsi egin behar zaion arren, egia da azken urteotako esperientziak adierazten digula erantzuna ezezkoa izan daitekeela. Jendearen amorrazioa eta ezinegona gero eta handiagoa da. Jakin egin behar dugu ezinegon hori modu normalizatuan bideratzen. Lehengoan konfrontazio instituzionalaz hitz egin nuen eta, izan ere, dagoeneko konfrontazio instituzionala badago Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean.

Noraino heltzeko prest dago EA konfrontazio horretan?

Horretarako etsenpluak badira munduan…

Adibidez?

Adibidez, Lituania. Autodeterminazioa defenditzeko Lituanian legebiltzarkideek itxialdia egin zuten Legebiltzarrean, eta azkenean autodeterminazio eta independentzia lortu zuten. Edo gai hau eraman daiteke, bere gordintasunean, Bruselara, Estrasburgora… Europara. XXI. mendean gaude, Europako bihotzean bizi gara, eta gatazka politiko ikaragarria dago. Beste maila batean, ideien konfrontazioa ere hor dago. Planteamenduak beti izan behar dira baketsuak, demokratikoak, eta ikusi behar da gobernu honen atzean herri bat dagoela.

Bide horretan proposatu zuen Joseba Egibarrek Ibarretxeren proposamenaren alde dauden alderdi guztiak elkarrekin aurkeztea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta bai zuek bai Aralarrek begi onez hartu duzue proposamena. Adierazpen hutsak dira, edo benetan ari zarete?

Gaur goizean bertan [osteguna] EAJren gutuna jaso dut bilera eskatuz, gauza askotaz hitz egiteko. Hori ere mahai gainean egongo da.

Aterako den esperantza baduzu? EAJk nahiko duela uste duzu?

Ikusi beharko da zein den EAJren jarrera. Gerta daiteke interes alderdikoiak Euskal Herriaren interesen edo Eusko Jaurlaritzaren interesen gainetik jartzea. Hori gertatzen bada, berri txarra litzateke. Baina Euskal Herriaren defentsa eta Eusko Jaurlaritzaren babesa unean uneko interesen gainetik jartzea espero dut.

Zein nahi zenituzke koalizio horretan?

Euskal nortasuna defenditzen dugun guztiok. Elkarrizketa konponbide metodo gisa defenditzen dugun guztiok. Eta baita ere giza eskubideen defentsa amorratua egiten dugun guztiok. Horiek dira hiru zutabeak.

EAJ, EA eta Aralar nahikoa lirateke, edo Ezker Batua eta…

Ezker Batuak izango luke lekua.

… eta ezker abertzaleak?

Une hau oso delikatua da ezker abertzalearekin hitz egiteko, batez ere beraien buruzagi gehienak kartzelan daudelako. Denbora gutxi dugu hortaz mintzatzeko, eta eragozpen tekniko ikaragarriak. Ezker abertzaleak bide bat ireki zuen Anoetako proposamenarekin, baina hortik aurrera atzerapauso ikaragarriak egin ditu. Han printzipio argi batzuk bota ziren, baina printzipio haien atzetik pertsonak etortzea falta da orain, eta ezker abertzale osoa etortzea.

Urkulluk proposatutako alderdien arteko errondak konponbideari begira bideren bat ireki dezakeela uste duzu, edo hobe itxaropen hutsalik ez sortzea?

Gaur EAJren gutun bat jaso dut eurekin bilera egiteko. Ikusiko dugu. Gizarte honek esperantza handia zeukan ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketa horietan. Baina hori erabat apurtuta dago. Orain protagonismoa alderdiok izan behar dugu. Guri dagokigu lekukoa hartzea. ETAk ez dauka eskubiderik herri honen politikaren gidaritza eramateko. Era berean, ETAk ezin du izan aitzakia gure artean elkarrizketa ez egiteko.
Horrexegatik, ETAren gainetik, alderdion obligazioa da irtenbideak mahai gaineratzea, saiatzea bada ere. Aurretik daukagun beharra hori da, eta baikorra naiz.

Espainiako Gobernua eta auzitegiak bide errepresiboa bultzatzen, ETA atentatuak egiten… egoera honetan, alderdi batzuen arteko elkarrizketetan pauso eraginkorrik eman daiteke?

Saiatu behar gara. Hemen herri bat dago, gatazka politiko bat dago. Ez da gatazka armatua bakarrik, ez da bortxakeria bakarrik. ETA gatazka politikoaren ondorioa da, agian ondorio gogorrena, baina ETAren aurretik gatazka politikoa dago. Guri, politikarioi, dagokigu horri aurre egitea. Egia da orain egoera nahikoa beltza dagoela eta, datorren martxoko hauteskundeen arabera PSOEk areagotu egin duela estrategia errepresiboa. Baina denbora berriak etorri beharko dira datorren urtean. Ikusi beharko da nork irabazten duen Madrilgo Gobernurako lehian, baina berriro esaten dut: alderdien esku dago hau aurrera ateratzea.

Egoera beltza dela diozu, eta martxora arte behintzat hala izango dela. Martxotik aurrera aukerarik egon daiteke?

Baietz uste dut. [Espainiako] Kongresuan onartu zen ebazpen hura, konponbide elkarrizketatuaren aldekoa, indargabetzeari uko egin dio PSOEk, PPren erasoa eraso. Itxaropen hori hor dago. EAk babesa eman zion ebazpenari, eta sua piztuta dago. Ikusiko dugu zer gertatzen den hauteskundeen ondoren.

Beste aukera bat izateko, beraz, Rodriguez Zapaterok irabazi behar du.

Ez dakit. PP Espainiako Gobernuan dagoenean konponduko dela esaten duenik ere bada gure alderdian. Agian hala izango da. PSOEk behintzat ez lioke egingo PPk orain egiten dion oposizio erradikal hori. PP agintean zegoenean hitz egin zuten ETArekin, eta ez dugu baztertzen PPk irabaziz gero berriro saiatzea.

Izandako leialtasunarengatik eskerrak eman zizkion EAri Pernando Barrenak, zuen biltzar nagusian hitza hartu zuenean. Zergatik eskerrak?

Guk ezker abertzalearekin harreman arrunta, ona, izan dugu, beste alderdi batzuekin bezala. Bileratan izan ginen, baina egia da une batean nolabaiteko bazterketa izan zela. Baina guk, nahiz eta horrek guri min eman, ez genuen prentsan erabili, oztoporik ez sortzeko.

Loiolako elkarrizketetatik kanpo gelditu zinetelako diozu hori? Hiruen artean negoziatu zutelako?

Bien artean. Eta hirugarrena, Sabin Etxeko lagunak, azken momentuan sartu ziren. Hor beste trikimailu batzuk izan ziren PSOEren eta Batasunaren artean, eta gu horren aurka ez ginen joan, nahiz eta gorputzak batzuetan hori eskatu. Leialtasunez jokatu genuen, elkarrizketari eta akordioari oztoporik ipini gabe. Gero ikusi da Batasunaren akatsa izan zela gu hor ez edukitzea. Baina badiotsut: horrekin ez dugu odolik atera gura izan.

Loiolako negoziazioei buruz, edo prozesuaren alde politikoaren porrotari buruz, norbere bertsioa eman dute hiru protagonista nagusiek. Zurea zein da?

Oso korapilatsua da. Gu Loiolako bilera haietan egon izan bagina, ez dakit apurtu egingo zen edo ez, baina lurraldetasunaren aldeko planteamendua ziurrenik askoz ere indartuago egongo zen. Zergatik apurtu zen? Ez dakit, eta gainera horretaz jendaurrean gehiegi mintzatzea ez da komeni. Baina Batasunak ETAren menpekotasuna ere izan zuen. Ez zen menpekotasun hori gainditzeko gai izan, adibidez Irlandan gertatu zen bezala. Hor dago arazo handiena.

Jendaurrean gehiegi hitz egitea ez dela komeni zergatik diozu, Orduan negoziatu zena berreskuratzeko modua egon daitekeelako oraindik?

Aukerak beti daude, eta zubiak ezin dira inoiz lehertu. Orain haria moztuta dago. Baina hemendik aurrera hari hori, epe labur batean edo epe ertain batean, berriro martxan jar liteke.

Alderdien errondan Batasunarekin ere bilduko zaretela esan duzue. Baina martxa honetan, ez duzue solaskiderik izango.

Eurek esan dute berrehun mila ordezkari dituztela. Oraingoz, Pernando Barrena dago.

Arnaldo Otegi, adibidez, kartzelan bisitatzeko asmorik?

Ez diotsut ezetz.

Baietz ere ez?

Ez diotsut ezetz.

Beste kontu bat da, nahi izanez gero, baimenik emango ote lizuketen…

Ikusiko dugu. Ez da Otegi bakarrik: edo Joseba Permach, edo… Gure solaskide ziren guztiak kartzelatuta daude. Agian, bilerak edukitzeko kartzelara joan beharko gara, baina joango gara, beldur barik. Joango gara.

«Berrikuntza beharrezkoa zen»

Pozik dago Unai Ziarreta, oso pozik, Eusko Alkartasunaren zuzendaritza talde berria adostasunaren bitartez osatzea lortu dutelako.

Carlos Garaikoetxea, Begoña Errazti eta, orain, zu.

Eta horien aurretik Manolo Ibarrondo, sorreran.

Izen horien aldamenean, zer moduz?

Erantzukizunez eta ilusio handiz hartzen dut politikari ikaragarri horien lekukoa. Begoña Errazti, azken zortzi hauetan buru-belarri lan eta lan egiten, eta Carlos Garaikoetxea, gure alderdiko erreferente nagusia, gure instituzioak martxan jarri zituena eta gure oinarrizko printzipioak ezarri zituena. Horien lekukoa hartzea ez da lan erraza izango. Baina kongresu honetan lortu dugunak, batasunaren ikurra duen exekutibak, hori aurrera eroateko oso babes ona ematen dit.

37 urteko abokatu bat zerk bultzatzen du EAko lehendakari izatera?

Ilusioa, erantzukizuna eta, gero, hamaika egoerek bat egitea. Adibidez, nengoen lekuan egotea, Begoña Erraztik esan zuenean berriro ez zela aurkezteko. Automatikoki sartzen zara kinielatan. Argitasunez, koherentziaz eta zurikeriarik gabe jokatzea baloratzen du jendeak. Horregatik nago hemen.

Giltzarri diren idazkaritzatan ere jende berria sartu duzue, hala nola Antolakuntzan Elisa Sainz de Murieta, Komunikazioan Mikel Irujo eta Finantzatan Josu Ruiz. Lan egiteko estilo berri bat dator?

Baietz uste dut. Jende aproposena gaude gauzak aurrera ateratzeko. Berrikuntza izan da, beharrezkoa zelako. Hainbat jende urte asko egon da, odol berria sartzeko aukera ona izan dugu, eta postu giltzarrietan pertsona giltzarriak ipini ditugu: Elisa Sainz de Murieta Antolakuntzan, Josu Ruiz Finantzan, Rafa Larreina lan instituzionalean, Mikel Irujo eta Onintza Lasa nor bere arduratan… Beste guztiak ahaztu barik: Joserra Bengoetxea, Luis Mari Oiarbide, Leire Ereño, Nekane Alzelai, Jesus Mari Agirrezabala… Oso pozik nago dugun exekutibarekin. Jende oso ona da. Talde hobea ezin zen atera.

Zerrenda bakarra hitzartzea lortu duzue, baina bozketan adostasunik ez zen ikusi. Zuk, presidentegai bakarra izanda, %68,5en babesa izan zenuen eta, beraz, %31,5ek ez zizun botorik eman. Joseba Azkarragak, aldiz, %47,2ren babesa izan zuen. Nola-halako kohesioa…

Kohesioa hemendik aurrera landu behar da. orain hasi behar dugu lanean, normal lan egiten. Exekutiba honetan mundu guztiak egoki irizten duena esan ahal izango du. Inor ez da kanpoan geratu. Bozketei dagokionez, beste garrantzirik ez zaio eman behar presidenteak %70en babesa izatea, eta idazkari nagusiak %47rena, azken batean pertsonek eragiten dituzten kidetasunak edo sinpatiak besterik ez baitira. Ez du adierazten nork duen %70a eta nork %30a. Garrantzitsuena zerrenda bakarra osatu izana da.

Lurralde zuzendaritzak berritzea dagokizue orain. Bide beretik joko duzue?

Ikusiko dugu. Bidea irekita dago. Azken zortzi urteetan beste mota bateko kongresuak egin ditugu, eta igandean jendea oso pozik irten zen. Egunak pasa ahala, gainera, jendea berresten ari da hori dela bide egokiena.

«18/98 auziko epaiarekin jauzi ikaragarria eman du Estatuak»

Zigor epaia espero zuen, baina, aldi berean, harrituta dago zigor epaiarekin, eta eskubide zibil eta politikoen beste murrizte guztiekin. «Harrituta egoteko moduko egoera bizi dugu».

18/98 + lan taldearen agerraldian izan da zure alderdia ere. Azaldu zergatik.

Aberrazio juridiko ikaragarria da. Estatuak jauzi kualitatibo ikaragarria eman du. Benetan harrituta nago desobedientzia politikoaren aldeko planteamenduak hartzeagatik edo lurraldetasunaren aldeko planteamendu politikoak defendatzegatik, hemen, XXI. mendean, Europa kontinentean, horrelako epaia ematea. Ez du ez bururik ez hankarik. Hemen gertatzen dena oso larria da, bai alde pertsonaletik, jende mordoa baitago hor kartzelan, eta bai alde politikotik ere. Edozein planteamendu defendatzeko segurtasun gabezia hain da handia, aldea non dagoen ez dakidala. Guk independentzia defendatzen baitugu, argitasunez, zehaztasunez eta normaltasunez, Eskoziako Alderdi Nazionalak Europan egiten duen bezala. Ez dakigu zer neurritaraino gauden mehatxupean Estatu espainiarrari gustatzen ez zaizkion planteamenduak egiten ditugun alderdi politikoak edo elkarteak.

Gertaera hain larria irudituta, ez duzu uste aste honetan plataformarekin egindako agerraldi bateratuaz gain beste erantzun indartsuago bat merezi duela, ahalik eta alderdi gehienen babesarekin?

Aztertu egin beharko dugu. Baina nire kezka ere azaldu nahi dut. Gero eta pauso ausartagoak ikusten ari gara Estatuaren aldetik, adibidez Batasunaren legez kanporatzea, adibidez Ibarretxeren auziperatzea, adibidez 18/98ko sententzia, eta harrituta nago jendearen portaera ikusita. Jendeak lasaitasunez hartzen du. Ongizate maila batekin bizi gara, eta hortik aurrera jendeak ez du ikusten. Baina egoera larri batean bizitzen ari gara. Eskubide murrizketa egoera batean sartzen ari gara. Eta hori oso arriskutsua da.

PSE-EEk kritikatu egin zaituztete 18/98+ lan taldearekin agertu zareten alderdiok, eta esan du «koalizio handi bat» egiteko asmoa egon daitekeela agerraldi horren atzean.

Barregarria. Lotsatuta egoteko motiboak dituzte PSE-EEkoek. Adibidez, Batasunarekin biltzeko ez dakit zer epaileren baimena eskatu zutela esaten dutenean, esaten ari dira, eta onartzen, hemen demokrazia kontrolatu batean bizi garela. PSOEk azaldu behar du zer egin behar duen egoera hau berriro ere bere lekura ekartzeko, normaltasun juridikora itzultzeko.

Jatorria: Unai Ziarreta