Alderdi abertzalearen hitzetan, ´ezin dugu Estatutu Berriaren proposamenarekin jarraitutako bidea hartu´. Orduan, Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamena atzera bota zuen Kongresuak Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak azpimarratu du ´etorkizunean, euskal alderdiek osatutako mahaiak erabakitakoa´ ez dela gero Madrilen negoziatuko. Erabakiak esparru juridikoaren aldaketa ekarriko badu ere, Kongresuak ´berretsi´ baino ez duela egin beharko esan du EAko buruzagiak.
Gasteizen eman duen prentsaurrekoan, ETAk su-etena iragarri ondoren sortutako egoera politikoa aztertu du Ziarretak. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu Zentraleko presidentearekin izandako bilerak izan ditu hizpide.
Estatutu Politiko Berriarekin jarraitutako bidea ezin dela errepikatu nabarmendu du EAko kideak, ´Eusko Legebiltzarrean gehiengoz onartutako proposamena ondoren Kongresuak atzera bota zuelako´. Halaber, gatazkaren konponbidean ´Euskal Herri osoa´ hartu behar dela aintzat adierazi du.
Bestalde, Zapaterok Katalunian egin berri duena ´Euskal Herrian egiteko tentazioa badu´, euskaldunek berriro ´ezetz´ esango diotela esan du. Haren ustez, Kataluniako eredua ez da baliagarria Euskal Herrian, ez edukiei dagokienez, ezta egiturari dagokionez ere. ´Gurea ez da izango estatutu berri bat, eskuduntza gehiagorekin. Guk erabakitzeko eskubideari buruz hitz egin behar dugu, gai hori daukagu mahai gainean. Eta hemen erabakitakoa ez da gero Madrilera berriro negoziatuko´, esan du.
Beraz, Ziarretaren arabera, euskal alderdien borondatea onartu egin beharko du Kongresuak, horrek esparru juridikoa aldatzea ekarriko badu ere. ´Erabakitzeko eskubide errespetatzea´ eta ´ETArekin armak uzteaz eta presoen gaiaz´ hitz egitea dira Gobernu Zentralaren zereginak.
Hortaz, alderdiek erabakitakoa euskal gizarteak berretsi beharko luke, galdeketa batean, eta hori ezingo du inork atzera bota, herriak duelako azken hitza, Ziarretak esan duenez.
Azkenik, buruzagi abertzaleak adierazi du alderdiak lanean ari direla, mahaiaren egitura eta lan metodologia zehazteko.
Jatorria: Unai Ziarreta