EAren presidentearen ustez, ´Galdeketa egin beharko litzateke, nahiz eta Espainiako Gobernuak Konstituzionalera jo´ Atzo Ibarretxe lehendakariak iragarri zuenez, ekainaren 27an galdeketen lege proiektua bozkatuko dute alderdiek Legebiltzarrean. Horren harira, Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako (EA) presidenteak gaur adierazi duenez, euskal gizarteak eta EHAKren boto-emaileek ez lukete ondo hartuko alderdi abertzaleak ´herriari hitza eta erabakia emateko´ aukeraren aurka bozkatzea.
Ildo berean, aipatu legea egitasmoa onartzekotan, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jotzen badu, Ziarretak ez du uste hauteskundeak aurreratzea 2005ean egin zen bezala ideia ona denik. Horren ordez, ´lidergoa eta konponbide zehatzak eskaini´ beharko liratekeela dio.
Radio Euskadik eginiko elkarrizketa batean adierazi duenez, urriaren 25an erreferenduma egingo da, Legebiltzarreko taldeek, hirukoa osatzen duten alderdietatik haratago, Gobernuak herri galdeketa deitzeko eta arautzeko aurkeztutako lege egitasmoari babesa ematea erabakitzen badute.
Egun, Jaurlaritzaren ahalegin guztiak ekainaren 27ko osoko bilkuran lege egitasmoa onartzera bideratuta daude, azaldu du EAko presidenteak. Hortaz, ´pausoz pauso´ joateko deia egin du Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren ekimena inpugnatzen badu.
´Gauzak berresten badira eta ekainaren 28an, Eusko Legebiltzarrak lege egitasmo hori onartu ostean helegitearen iragarpena heltzen bada, ikusiko dugu zeintzuk diren eman beharreko pausoak, azken finean, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren erabakiaren aurka egingo luketelako´, esan du.
EHAKren egoera konplexua
Ziarretak ez daki EHAK-ko legebiltzarkideek ekainaren 27an hartuko duten jarrera, gaur jakinarazi duenez. Halere, alderdi abertzaleko kideek euskal gizartearekiko eta bere boto-emaileekiko jarrera zaila dutela uste du eta batzuek zein besteek ez lukete ulertuko ´EHAK izatea hain zuzen ere herriari hitza ematea eragozten diona´.
Lege egitasmoa Legebiltzarrean onartu eta gero Madrilgo Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jotzen badu, hauteskundeak ez aurreratzearen alde egin du Ziarretak, ´akatsa´ bailitzateke haren ustez.
EAko presidentearen iritzirako ´hauteskundeak deitzea euskal gizartea desmobilizatzeko modu bat da´ eta, horren aurrean, ´lidergoa eta konponbide zehatzak proposatzea´ egokiagoa dela.
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta