Unai Ziarreta Auzitegi Konstituzionalak «etikatik zerbait badu» galdeketaren legea onartu behar lukeela uste du EAko presidenteak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak urriaren 25eko galdeketa galarazten badu, zer jarrera hartuko duten argitu gabe jarraitzen dute hirukoak eta Aralarrek. Unai Ziarreta EAko presidenteak onartu du Konstituzionalak galdeketa baimenduko duen itxaropen «eskasa» duela; ez du argitu, ordea, ezezkoaren aurrean zer egingo duten. Hala ere, Ziarretak dio hirukoak «lorpen handia» izan duela, «eztabaida politikoaren erdian jarri baititu Euskal Herriaren izatea, bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea eta autodeterminazio eskubidea». Horregatik, hurrengo legealdian ere EAJk, EAk eta EBk bat eginda jarraitzea nahi du. Ez luke «ulertuko» hausturarik, hirukoa ongi dabilela uste baitu.

Konstituzionalak urriaren 25erako aurreikusitako galdeketa galarazten badu hartuko dituzten neurriak irailean iragarriko dituztela dio Ziarretak, «gertatzen denaren arabera». Izan ere, EAko buruak ez du aukerarik baztertzen. «Egintzat jotzen ari gara Konstituzionalak ezezkoa erabakiko duela, baina, Auzitegiari etikatik zerbait geratzen bazaio, espero dut erabakia aldekoa izango dela, ekimenak legea eta Konstituzioa betetzen baititu». Bitartean, orain arteko jarrerari eutsiko diote hirukoak eta Aralarrek, «ekimen bat ere» baztertu gabe, baita Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea ere.

Bitartean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen aurka egin du Ziarretak Radio Euskadin egindako elkarrizketan, eta «demokraziaren muinaren aurka» egitea leporatu dio, herritarrak «ez dituelako entzun nahi». EAko buruaren aburuz, galdeketaren aurka eginda, Espainiako Gobernuaren asmoa da euskal herritarrei «argi eta ozen» esatea «agintzen duena» bera dela, eta, hortaz, «euskal herritarren erabakitze eskubidea» Madrilen amaitzen dela ohartaraztea. Sozialistei «euskal herritarren hitza oso gutxi axola zaie», Ziarretaren ustez. «Sozialistek ETArekin hitz egin eta oinarrizko arazoei buruz duen iritzia jaso dezakete, baina erakundeek ezin diete hitz hori bera herritarrei eman», azaldu du. Izan ere, EAko presidenteak ez du ikusten «zer min» egin dezakeen «herritarrei oinarrizko arazoen inguruan galdetzeak».

Lehendakari «ezin txarragoa»

PSE-EE, PPren laguntzaz, Lehendakaritzara iritsi nahian ikusten du EAko buruak, baina, hori gertatuz gero, «herri honen ongizaterako motorra izan den autogobernua» arriskuan legokeela dio. Horregatik, duen «beldurra» agertu du, gerta baitaiteke, Patxi Lopez lehendakari bada, «gure gazteek eskuak sakelara eraman eta ohartzea hutsik daudela».

Hortaz, EAEn PSE-EEk gobernatzea «ezin txarragoa» litzatekeela dio, sozialistek «Asturias edo Extremadura bezalakoa nahi baitute Euskadi». Hala, Ziarretaren arabera, hemengo gazteek ez dute lan bila kanpora joan beharrik, «horretarako beharrezko azpiegiturak badauzkagulako, autogobernuari esker». Hori arriskuan ikusten du, ordea: «PSE-EE eta PP Lehendakaritzara iristen badira, hori ez da horrela izango».

 

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria