Pello Urizarrek adierazi duenez, EAk eta ezker abertzaleak hasitako ibilbideak etorkizuna baldin badu, Patxi Lopezen apustua amaituta egongo da. EAko idazkari nagusiak beste indar batzuei komunean lan egiteko borondatea helaraziko diela iragarri du.
Pello Urizarri elkarrizketa egin diote gaur goizean Infozazpi Irratian eta bertan hitz egin du Euskal Estatua eraikitzearen alde ezker abertzalearekin sinatutako akordioaz. Bere esanetan, “igandeko ekitaldia lehen urratsa izan da, baina prozesuak luzera jo behar du emankorra eta anitza izan dadin”.
EAko idazkari nagusiaren iritziz, beste alderdi batzuek ere “apustu honekin bat egin behar dute” eta, horren ondorioz, azaldu du, “gure asmoa haiekin harremanetan jartzea da komunean lan egiteko gure borondatea adierazteko, modu horretan euskal gizartearen eskakizunari erantzuten diogula uste dugulako”.
Espainiar nazionalismoaren aldetik jasotako mehatxuei buruz ere aritu da Urizar. “Ez da lehen aldia” baina horregatik “ez dugu estrategia aldatuko”, ziurtatu du, eta erantsi du: “Jakin bagenekien horrelako apustu batek leku askotan eta, noski, PSOEn ere bai bertigoa ekarriko zuela, apustu honek etorkizuna baldin badu, Patxi Lopezen apustua bukatu da”.
http://www.info7.com/2010/06/22/pello-urizar-ea-3/
Jatorria: Eusko Alkartasuna