EAko idazkari nagusiak dio “Zarzuelak diseinatutakorik” ez dela onartuko, “ezta babes argirik gabeko apustu federalistarik ere”.
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek esan du “Euskal Herriaren estatus politiko berria hiritarren erabakitzeko gaitasun librean oinarrituko” dela. “Aurkakoa, oinarrizko printzipio demokratikoak kaltetzea litzateke. Horregatik, ez dugu Zarzuelak diseinatutakorik onartuko, ezta babes argirik gabeko apustu federalistarik ere”, baieztatu du Urizarrek.
Adierazpen hauek Erandioko alkartetxearen inaugurazioan egin ditu Urizarrek. Ospakizunean, Bizkaiko EAko koordinadore eta Bilduko bozeramaile Joseba Gezuragak eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak parte hartu dute, besteak beste.
EAko idazkari nagusia afiliatu eta militanteen aurrean Kataluniako prozesu subiranista goraipatu du esanez “herri mobilizazioak, kemen instituzionalak eta adostasun politiko eta sozial zabalak azaroaren 9a arrakastatsua izatea bermatu dutela”. “Rajoyren kereila, inposaketa eta ukapenen gainetik, ez dut dudarik egiten gizarte katalanak nahi duen estatus politikoa lortuko duela”, aditzera eman du.
“Aitzitik —jarraitu du Urizarrek— badira Euskal Herrian herritarren nahi askea urratu nahi dutenak. Beraz, espero dut Urkulluk Zarzuelan izan duen audientzia ez izatea Eusko Autonomi Erkidegoa espainiar Estatuan ondo ahokatu dadin negoziatzeko ahalegin bat, beti ere, euskal gizartearen partaidetzarik gabe”.
Proposamen federalistaren aurrean, Urizarrek PSOEri proposamena “definitzeko” eskatu die, “amaigabeko eta inoiz ez zehazturiko promesa delako”. Zehazten denean, adierazi du, “proposamen independentista, zentralista edo autonomistaren bide bera jarraitu behar du: gizarte nahiaren pean egon beharko da”. Erabakitze eskubidearen bermerik gabe, baieztatu du Urizarrek, “federalismoa autonomiak finkatzeko garaian gauzatu zen café para todos delakoaren errepikapena izango da eta ez du inor asebeteko”.
Azkenik, EAko idazkari nagusiak euskaldunak premiatu ditu “bide eraikitzailea har dezaten, gure Euskal Bidea”. “Bada ordua guztion artean euskal gizarteak herri honetarako zein estatus nahi duen erabakitzeko hartu behar duen bidea finkatzeko. Eusko Alkartasunaren apustua argia da: independentzia”.