“Errealitate honen aurrean alderdi abertzaleok elkarlanari ekiteko derrigortuta gaude”, dio Urizarrek
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek “Patxi Lopezen Gobernua, Euskal Herria Estatuan murgildu nahian, gehiengo sozialaren aurka” gobernatzen ari dela salatu du; errealitate horren aurrean, nabarmendu du Urizarrek, “EAn argi dugu alderdi abertzaleok erantzun sendoa ematera derrigortuta gaudela eta ofentsiba horri aurre egiteko aukera bakarra alderdi subiranisten ekintza batasuna dela”.
Planteamendu horri jarraituz, EAk agiri politiko bat aurkeztuko du datorren hilaren 21ean eta, Urizarrek azaldu duenaren arabera, “bertan gehiengo soziala egituratzeko eta subiranisten arteko estrategia bateratua planteatzeko asmoz egiten ari garen hausnarketaren ondorioak jasoko ditugu, betiere bide politikoak eta baketsuak bakarrik erabiliz normalizazioa eta bakea lortzeko”.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, Lehendakaritzara iritsi denetik Patxi Lopezek hartutako neurriak gaitzetsi ditu EAko buruzagiak, “Eusko Jaurlaritza baztertzailea dela eta PPk bahituta dagoela erakusten ari delako, ez diola euskal gizarteari onurarik ekarriko ez bakegintzan, ez normalizazio politikoan, ez krisia konpontzeko orduan, ez inon”.
EAko idazkari nagusiak salatu duenez, “Lopezen Gobernuak maskara kendu du eta, hasteko, Hezkuntzan sektoreko eragileekiko adostasuna hautsi du; euskal gizarteak argi dauka euskarak babesa behar duela eta horregatik irakaskuntzan hizkuntza nagusia izan behar duela, ez hizkuntza bakarra, baina bai nagusia, Hezkuntza Sailaren aurreko dekretuek ezartzen zuten bezala”.
Horrela, gogorarazi du Urizarrek, “Tontxu Camposek adostasun zabala lortu zuen hezkuntza-eragile gehienekin bai eskola publikoan, bai itunpekoan, baina orain Jaurlaritzak adostasun hori bertan behera utzi du. Lehenengo kasua izan da baina hauxe da hemendik aurrera Gobernuko gainerako sailetan ikusiko duguna, espero dezakegun atzerapausoa, Euskal Finantza Institutuarekin ere gertatu den bezala”.
EAko agintariaren esanetan, “errealitate honen aurrean EAn argi dugu alderdi abertzaleok derrigorrez erantzun sendoa eman behar dugula eta lanean ari gara horretarako, hori baita gure jarduera politikoaren lehenengo helburua, ofentsiba unionistari aurre egiteko aukerarik onena eta bakarra alderdi subiranisten ekintza batasuna delako”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna