Pello Urizar EAko idazkari nagusiak agerraldia egin du Iruñean Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidentearekin eta Eva Aranguren Gizarte Politikarako idazkariarekin batera

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak dei egin die alderdi abertzaleei “nazio aldarrikapenean zer nolako urratsak emateko prest dauden argi dezaten”, PSE eta PPren arteko aliantzari aurre egiteko indarrak batzeari begira.

EAko agintariak agerraldia egin du Iruñean Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidentearekin eta Eva Aranguren Gizarte Politikarako idazkariarekin batera. Bertan azaldu duenez, “Biltzar Nagusiak berrikuntza garrantzitsuak utzi zituen EArentzat, bai txosten politikoari dagokionez, bai Estatutuei buruzko txostenean, eta horrek indar abertzaleen batasunaren aldeko EAren estrategia indartu du. Nafarroan, esaterako, Nafarroa Bairen aldeko apustuan sakontzea suposatzen du, koalizioa, balore demokratikoetan eta abertzaleetan oinarrituta, pizgarri politikoa izan baita azken urteotan. Lurralde organoak berritzeak EAk Nafarroa Bairi egiten dion ekarpena hobetzea ekarriko du”.

Nazio mailan, adierazi du Urizarrek, “EAk prozesu bat marxan jar dadila nahi du espainiar nazionalismoari aurre egitearren indar abertzaleen batasunaren oinarriak zehazteko”. Zentzu horretan, “NaBai eredugarria da”, bere iritziz, “sentsibilitate ezberdinak batzen jakin izan duelako eta milaka hiritarri ilusioa eman dien proiektua gauzatzeko gai izan delako, beti giza eskubideen eta abertzaletasunaren alde”.

EAko idazkari nagusiak aitortu zuenez, “jakin badakigu alderdi guztiok amore eman behar izan dugula gizartearen babesa lortu ahal izateko, hain emaitza onak eman dituen batasuna erdietsi ahal izateko. Ez da erraza izan eta oraindik lana dago egiteko, baina argi dago prozesu honetan Nafarroa Bai osatzen dugun guztion eskuzabaltasuna, erantzukizuna eta konpromisoa funtsezkoak izan direla”.

Ildo horri jarraituz, Urizarrek Nafarroako eredua aprobetxatzearen aldeko apustua egin du, EAEn indar abertzaleen batasunari begira hartu beharreko neurriak eta ekimenak “erkidego horren errealitatearen araberakoak” izan beharko direla adieraziz.

Bere iritziz, “gaur inoiz baino gehiago ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea, geure nortasuna, geure kultura, geure historia, geure ondarea eta Euskal Herriarekiko geure sentimendua defendatzeko. Gustoko izan ala ez, Euskal Herria errealitate bat da eta herri honen zati bat garela sentitzen dugunok ezin dugu onartu atomizazioak, alderdikeriek eta, noski, indarkeriak gure indarra zatikatzea”

EAko agintariak nabarmendu duenez, “Nafarroan indar espainolistek gure sinboloak kriminalizatzen dutela, euskararen alde egiten ez dutela eta Euskal Herriaz ari garenean asaldatu egiten direla ikusteaz nekatuta gaude. Ikusiko dugu zer gertatzen den EAEn, baina errealitate horren aurrean ezin gaitezke zain geratu. Madrilen ika-mika etengabean daudenek bat egiten dute hemen beraientzat Euskal Herria Estatu-auzia delako; horregatik, PPk eta PSOEk osatu duten frontea indartzen duten bitartean, geure atomizazioa luxu ikaragarria da abertzaleontzat”.

“Labur esanda –amaitu du Urizarrek¬– elkarrizketa eta akordioa izango dira polo subiranista hori lortzeko bide bakarra, eta horretarako batasun horren alde egiteko gauden indar abertzale guztion arteko bilera bat egin beharko da. Beraz, gaur eta hemen dei egiten dut bide horretan ibiltzen hasteko. Argi dago horrek arrakasta izan dezan aniztasuna eta inor ez baztertzea funtsezkoak izango direla, guztiok zerbait ipini beharko dugula aldez aurretik jakinda”.

Ondorioz, indar abertzale guztiek azaldu beharko dute zer nolako urratsak emango dituzten bide horretan, anbiguotasunak, protagonismoak eta aurreiritzi interesatuak alde batera utzita.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna