EA, Sortu, Aralar, AB eta Alternatibako ordezkariek Aberri Eguneko aurtengo ekitaldiak aurkeztu dituzte Irunen
Eusko Alkartasunak, Sortu, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasunarekin batera, Aberri Eguna Larresoron (Lapurdi) eta Iruñean (Nafarroan) Aberri Eguna ospatuko du, apirilaren 19an eta 20ean hurrenez hurren. Horrela jakin arazi dute Irunen ospatu den prentsa-aurreko batean. Bertan, aipatutako alderdietako ordezkariak izan dira eta haien artean Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizar izan da. Urizarrek hiritarrei dei egin die Aberri Egunean parte har dezaten, guztien artean “Euskal Herria Estatua izateko duen eskubidea” aldarrikatzeko.
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=ngBZj3Cg6lc[/youtube]
Urizarrek esan du aurtengo Aberri Eguna “oso une eta testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial berezi batean” ospatuko dela. Hain zuzen ere, “herrien erabakitzeko eskubidearen eztabaida zabalik” baitago Europan eta Euskal Herrian. “Europan, XXI. menean, demokrazian, herriek eta nazioek bere etorkizuna erabakitzeko muga bakarrak herritarren borondateak adierazten dituena izan behar dira”, esan du EAko idazkari nagusiak. Zentzu honetan, gogoratu du bai Eskozian eta baita Katalunian ere independentzia lortzeko prozesuak martxan jarri dituztela “oztopo guztien gainetik”. “Egun, Eskoziak, Kataluniak eta beste hainbat herrik egiten duten bezala, Euskal Herritik ere gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea adierazi behar dugu Europan eta munduan”, esan du Urizarrek.
Euskal Herriari dagokionez, “zoritxarrez, Estatuak euskal gizartean sortu den esperantza higitzera jokatzen ari da”, Frantziako eta Espainiako gobernuek euskal hiritarren aldarrikapenak ez baitituzte kontuan hartzen: “Alde batetik, frantziar jakobinismoak oztopatu nahi du Ipar Euskal Herrian Lurralde Elkargoa errealitate bat bihurtzea, nahiz eta babes politiko eta soziala zabala izan. Eraberean, atzerakada demokratiko nabarmenean murgilduta dagoen espainiar estatuak, Espaina handia eta bakarraren diskurtso zaharrean lurperatu nahi du lurraldetasunaren eztabaida, Nafarroa Garaian aldaketa politkoa ekidituz eta EAEn estatusaren eztabaida estatutuaren erreforma huts batera bideratuz”. Urizarrek frantziar eta espainiar Estatuetako gobernuek erabakitze eskubidearen inguruko auziari “bizkarra eman” diotela adierazi du. Hildo honetatik, EAko idazkari nagusiak adierazi du “arduraz jokatzeko eta akordio zabalak lortzeko unea” dela. “Askatasunean eta demokrazian oinarritutako etorkizuna eraikitzeko ordua da”, esan du.