Ikasturte politikoa hasi da eta Eusko Alkartasunak Donostiako Miramar jauregian izan du bere hasiera ekitaldia. Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek militanteen aurrean datozen hilabeteetako erronkak azaldu ditu. Urizarrek Eskozian eta Katalunian izango diren galdeketei erreferentzia egin die honakoa esanez: “Eskoziako eta Kataluniako gizarteek, jada, irabazi dute, etorkizuna bere eskuetan dutelako”. “Europan prozesu independentistarik izan ez zitekeela esaten ziguten, baina orain errealitatea da. Eskoziarrek astelehenetik posta bidezko botoa ematen ari dira, etorkizuna askatasunean erabakiz”, gogoratu du Urizarrek
EAko idazkari nagusiak adierazi du Euskal Herriak ere Katalunia eta Eskoziaren bide beretik jarraituko duela. “Pausoz pauso egingo dugu, herrialdea bere osotasunean kontuan hartuz eta baita gizartea bere osotasunean ere. Izan ere, erabakitze eskubidea guztiona delako”, esan du eta gaineratu du “geroz eta demokratikoagoa den gizarte batean” hiritar guztiek irabazten dute, “ez abertzaleak bakarrik”.
Zentzu honetan, PPk eta PSOEk subiranismoaren aurrean duten jarrera kritikatu du Urizarrek: “PP ezezkoan dago. PSOEk, aldiz, Konstituzioaren erreforma proposatzen du, zeinetan haiek esango diguten Estatu espainiarraren barruan nola sentitu gustora”. PP eta PSOEri buruz gaineratu du Estatu mailan “aipurik gabeko” proiektuak direla eta “Euskal Herrian garrantzia politikorik gabeko” alderdiak direla.
“EAJ eskean dabil Rajoyrekin bilera bat izateko”
Modu berean, EAko idazkari nagusiak onartu du EAJren estrategia ulertezina egiten zaiola: “Zer espero dute espainiar Estatuko Gobernutik? Zer espero dute alderdi popularretik?”. Urrizarrek aditzera eman ditu Gobernu espainiarrak Euskal Herriarekiko dituen esku sartzeak: besteak beste, Gernikako Estatutuaren eskumenen inbasioa, Auzitegi konstituzionalak Nafarroako 13 legei helegiteak egin izana eta polizia indarkeria pairatu dutenei laguntzak kendu izana. “Hori da PPk Hegoaldeko Gobernuari dion errespetua. Jakin badakigu zentzu honetan ez dela inolako aurrepausorik izango. “Hau egia bada ere, EAJ eskean jarraitzen du, Rajoyrekin bilera bat izateko. Baina, zertarako?”, galdetu du Urizarrek eta gaineratu du Eusko Legebiltzarrak baduela “gehiengo eroso bat” autodeterminazioan lanean aritzeko.
Gastu sozialean inbertitu
Urizarrek gizartearen garrantzia aldarrikatu du: “Pertsonak instituzio guztien kudeaketaren erdigunean egon behar dira”, esan du eta gaineratu du arrazoi horregatik Eusko Alkartasunak sozialdemokraziaren aukera berresten duela, “justizia sozialean eta kalitatezko zerbitzu publikoak dituen gizarte baterantz aurrera egiteko”. “Politika sozialdemokratak aplikatzeak behartzen du sistema publikoan hertsura gabe ibiltzea. Aitzitik: beharrezkoak ez diren gauzetan aurreztu egin behar da, gastu sozialean inbertitzeko”.