Euskal presoen giza eskubideak aldarrikatzeko kalera irteten da urtero urtarrileko larunbat batez Euskal Herriko gizartearen gehiengo sozial eta politikoaren ordezkaritza zabala. Horregatik, lastima da Sare bezalako talde anitzak deitutako manifestazioaren zergatia berriro ere azaldu beharra.
Ez, ez da ETAko presoen aldeko manifestazioa. Ez, ez da Ezker Abertzalearen manifestazioa. Ez, ez dugu amnistia aldarrikatu.
Bai, bildu ginenok motibazio politikoarengatik preso dauden pertsonen –tartean, ETAkoak ere- giza eskubideak aldarrikatu dugu, Estatu espainolean indarrean dagoen legedia oinarri hartuta gainera. Bai, ideia politiko ezberdinetako lagunak egongo gara, benetan ausardiaz jokatu duten pertsonei esker, Rosa Rodero edo Daniel Arranz kasu, aniztasuna gero eta argiagoa da gainera. Bai, aldarrikapena anitzagoa egitea guztion esku dago: Rafa Díez lan politikoa egiteagatik etxetik ehunka kilometroetara dagoen espetxean egotea bidegabekeria dela uste baduzu, zure iritzi berbera dutenekin bildu zaitezke horixe esateko.
Orain, herri honetako gizarteak hamarkada luzeetan pairatutako biolentzia eta gero, elkarbizitzaren eraikuntzan murgilduta gaudela, giza eskubideen aldarrikapena ezinbestekoa da. Egun sarri egiten zaigu galdera ezerosoa: inoiz begiratu al dugu beste alde batera giza eskubideen arloan modu batera edo bestera, bai ETAren atentatuak justifikatuz edo torturei garrantzia kenduta? Horregatik tristea litzateke urte batzuk barru galdera bera egitea: beste alde batera begiratu al genuen oso salaketa zalantzagarria duen abokatu bat familia eta lagunengandik urrun dagoen kartzelan hiru urtez banatuta egon zen bitartean? Edo euskal sindikatu bateko burua espetxeratuta zegonean? Edo delitu larriengatik zigorra jaso duten ETAko presoen eskubideak urratzen ari ziren bitartean, batzuetan gaixotasun larriak izanda ere?
Izan ere, kontua ez da preso dauden pertsonek egin zutena, baizik eta Estatuak ezin dituela dituzten giza eskubideak urratu. Presoen eskubideak urratu daitezkeenaren teoria, azken finean, helburuak bidea justifikatzen duela da eta hortik abiatu zen ere Estatuaren gerra zikina.
Euskal Herriko azken txokoan arrotza den bandera jartzeko baliabide guztiak erabiltzen ditu, eta funtzionarioen ordutegia auzitegietara eramaten du espainiar legediak, baina presoen kontuan eta emaitza politikoak jasotzeko eta mendekuaren izenean, legearen kontra aritzen da.
Gaur, 2017ko urtarrilean gertatzen dena ulertzeko beste modurik ez da. ETAk jarduera armatuari amaiera ematea erabakita eta biolentzia errepikatzeko inolako aukerarik ez dagoenean, preso dauden pertsonen egoera ez da hobetu, kontrakoa baizik. Gutxiago dira, noski, baina urrunago daude, gero eta zaharragoa den taldea da eta gero eta gehiago gaixotasun larriak dituzte, minbizia, buruko gaitzak edota endekapenezkoak.
Urte hasieran urtean zehar garatzeko proposamenen zerrenda egitea da ohikoa. Hona, Eusko Alkartasunarena:
- Espainiar Gobernuak espetxe politika aldatu behar du lehen bait lehen eta armagabetzerako prozesua zabaldu, horretarako baldintzak ematen direla kontutan izanda. PPk gehiengo absolutua galduta, aldaketarik ez badago, ez da popularren erruagatik bakarrik izango.
- ETAk desagertu behar du lehen bait lehen ere. Preso bakoitzak bere egoerari buruzko erabakiak hartuko duela jakinda, ETAk ez du inolako zentzurik. Eta nazioarteko erakundeek aurkituko dute armagabetzea bukatzeko bideak.
- Presoek kartzelatik ateratzeko prozesuekin jarraitu behar dute. Prozesu horrek biktimek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela kontutan izan behar du eta 2017ko Euskal Herriaren egoera soziala eta politikoarekin errealista izan.
- Alderdi politikoek eta gizarteak ez dugu herri honen etorkizunerako horren garrantzitsuak diren gaiak, biolentziaren ondorioak, Gobernu, ETA eta EPPKren esku bakarrik utzi behar. Inolaz ere ez. Gizarteak zeresan handia du eta alderdi politikoek ardura garrantzitsua.