Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta Euskal Herria Bilduren hautagaiak Beasainen egindako ekitaldian parte hartu du.

Arratsaldeon!

Mila esker zuenean hartzeagatik eta gure proposamenak azaltzea ahalbidetzeagatik. Kanpainako azken txanpan gaude eta babes eta animo guztiak ongi etorriak dira.

Babesa, indarra eta animoak leku desberdinetatik jasotzen ari gara egunotan. Europatik asko. Batzuek independentismoa galeraziko duen markoa Europar Batasuna dela esaten diguten arren, Europatik askatasun eta independentziaren haize freskoa datorkigu.

Flandriatik igandean bertan, independentismoak izan zuen garaipenarekin, eta azken asteetan ia egunero Eskoziatik. Atzo bertan, Edinburgoko Akordioa sinatu zen eta, ah ze inbidia! Sanoa ala ez, inbidia itzela, bai jauna.

Nik uste gehienok sentitu genuela inbidia Salmond Eskoziako ministro nagusiaren poztasuna ikusita, baina agian oraindik inbidia handiagoa Cameronen jarrerarekin. Eskoziarren nahia errespetatzeko konpromisoa hartu zuen Cameronek, baina ez hori bakarrik. Alderdi Kontserbadoreko lehen ministroak atzoko akordioa Eskoziarentzat ona dela onartu zuen, eta, hau da azpimarragarria, Erresuma Batuarentzat ere.

Nahiko genuke bai guk ere horrelako oinarri demokratikoak dituen alderdi kontserbadore bat Espainiako gobernuan! Baina zoritxarrez zatarrenarekin tokatu zaigu dantzatzea.

Akordioa eta errespetuan oinarritzen da bostekoa emanda atzo Eskozian lotu zen hitzarmena, gure inbidia eta miresmenaren aurrean. Eta hori apur bat tristea dela aitortu beharra dugu, zeren atzo Eskozian gertatutakoa, normala da. Horixe da normaltasuna, horixe demokrazia. Ez Madril eta Pariseko gobernuen inposaketan oinarritutako jarrera.

Normaltasun hori nahi dugu guretzako ere, Euskal Herrirako ere. Eskozian gertatzen ari dena prozesu soberanista abian jartzea borondate politiko kontua dela adierazten du, ez da lege kontua, legeak gizartearen nahiari egokitu daitezkeelako. Demokrazia kontua da, eta Espainiak gabezia izugarriak ditu maila horretan.

Eta ez dugu guk bakarrik esaten, gaur Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ere esan du Espainiak gabezia demokratiko larriak dituela, eta ez da hori esaten duen lehenengo aldia. Gaur Martxelo Otamendiri egindako torturak ez ikertzeagatik kondenatu dute Espainiako Estatua. Besarkada bat Martxelori, hemen gertu ari da babesa erakutsi ziotenei eskerrak emateko ekitaldia egiten eta ezin gara berarekin egon, baina gure babes osoa berari eta Egunkaria auzian epaitutako guztiei.

 

Berria pozgarria dela esango du norbaitek. Bai, baina denbora gutxian giza eskubideak ez errespetatzea birritan egotzi dio Europar Batasunak Espainari, lehenengo Parot Doktrinagatik eta gaur torturak ez ikertzeagatik. Ez da ez pozgarria giza eskubideak errespetatzen ez duen Estatuan bizitzea.

Independentzia nahi dugu bestelako Estatu eredu bat sortzeko eta giza eskubideen errespetua arau nagusi eta zentrala izango da Euskal Herriko errepublikan.

Pertsonak direlako Euskal Herria Bilduk proposatzen duen kudeaketa politikoaren oinarria. Eta pertsonen beharrei erantzuna emateko helburua dugu. Horretarako zerga sistema, fiskalitate berriaren proposamenak garrantzi handia du. Zerga sistema da hezkuntza, osasungintza eta bestelako zerbitzu sozialak ordaintzeko dirua ematen diguna. Dirua nondik atera da kontua.

Euskal Herria Bilduk proposamen zehatza du, eta Gipuzkoan jada hasi gara bide horretan lanean, beti ere PNV eta PPren kontrako jarrerarekin, noski. Zerga sistema aldatuz gero diruak ihes egingo zuela esaten ziguten, kapitalak beste norabaitera joango zirela. Eta hara non konturatu diren kapitalak ez daukala aberririk eta ezta banderarik. Espainiako zerga politika Europako eskuindarrenekoa izan arren ere, 300.000 milioi €k ihes egin dute jada atzerrira, eta denok dakigu ez direla azkenak izango. Europako txoko guztietan diru eske dabiltzan bitartean, beraien babestuak diren dirudunak atzeko atetik, eta aurrekotik kasu askotan, dirua paradisu fiskaletara bideratzen. Aberatsa gero eta aberatsago beraien sisteman, herritarren kaltetan, noski.

Gizarte eta herri honetarako sakoneko aldaketa proposatzen dugu. Gure herriak dauzkan erronka handiei erantzuteko aldaketa irabazi behar dugulako, eta irabaziko dugu. Politika egiteko beste eredu bat irabaztera goaz. Justizia soziala irabaztera goaz. Independentzia irabaztera goaz.

Datozen egunetan bozka baliagarriaz hitz egingo digute. Badakizue, voto útil. Eta nik galdetzen dizuet, zertarako balio behar dute igandeko bozkek? Egoera hau aldatzeko. Besterik ez. Hoiek bai izango dira bozka baliagarriak, egoera honetara ekarri gaituen eredua kuestionatuko dutenak, egoeraren aldaketa aldarrikatuko dutenak. Eta gaur, hemen, Euskal Herrian, Euskal Herria Bildu da egoera aldatzeko gai den bakarra. Beraz, igandean, bete ditzagun hautestontziak aldaketaren aldeko milaka bozkekin!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!!

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna