Begoña Errazti. Eusko Alkartasuneko presidentea EAko presidentearen ustez, beste esparru juridiko bat martxan jarri baino lehen, gizarteari galdetu behar zaio. Haatik, uste du ETAren indarkeriak ez duela aldaketa prozesu horretan laguntzen. Gernikako Estatutua garatzeko auziaren inguruan, nahikoa ezkor ageri da Begoña Errazti, ez baitu uste Aznarren Gobernuak eskuduntzak eskualdatzeko asmorik duenik.
Eusko Legebiltzarrak bi hilabeteko epea eman dio Madrili eskuduntzen eskualdaketen egutegia zehazteko. PPk negoziatzeko urratsak emango dituela uste al duzu?
Printzipioz, ezkorra naiz, ikusi baita PPk ez duela asmorik Estatutua betetzeko; beraz, zaila da pentsatzea pausoak emango dituela. Baina, orain, pilota PPren teilatuan dago, ez baitu Lege Organiko bat bete nahi.
Espainiako Gobernuak ezer egin ezean, Eusko Jaurlaritzak eskuduntzak bere egingo dituela dio txostenak. Nola gauzatuko duzue hori?
Onartutako txostenak argi dio Jaurlaritzak memento honetan eskuak libre dituela eskuduntza horiek praktikara eramateko. Nola? Hori jakiteko itxaron beharko dugu, karta guztiak ez direlako erakutsi behar. Lehenik eta behin, PPri denbora eman behar zaio, eta aukera eman legea betetzeko. Ez badu egiten, egon badaude aukerak, bideak, eskuntza horiek abian jartzen hasteko.
Zeintzuk dira, bada, bide horiek?
Ez ditut orain esango. Lehenik eta behin, PPk aukera du legea betetzeko, eta, hala egiten ez badu, euskaldunok eskubidea izango dugu gure gizartearentzat hobekuntzak martxan jartzen hasteko.
Beste marko juridiko bat abiarazteko konpromisoa ere hartu du Legebiltzarrak. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak esan du jauzi horrek ez duela sekula hautsiko egindako bidearekin. Gauza bera iritzi dio EAk?
EAk argi du beste marko batera igaro behar dugula, gizarteak hala exijitzen digulako; baina hausturak, nola ulertzen diren, ez dira onak. Aldaketak egin behar dira, baina daukaguna ahaztu gabe: alegia, Estatutuak gure historia hurbilean izan duen garrantzia ahantzi gabe. Baina horrekin ez da nahikoa, ez baitugu bide luze hau hemen gelditzeko egin; aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu. Hala ere, esan bezala, hausturek, besterik gabe, ez garamatzate inora, ez dute zentzu handirik; PPk Euskal Herriarekin hausten ez badu, bederen.
Esparru berri hori gauzatzeko, herri-galdeketa egin beharko al litzateke?
Aldaketak beti kontsultatu behar dira. Gezurra dirudi beti gauza bera errepikatzen ibili behar izatea, baina egoera hain nahasia da gure herri honetan, ezen gauza hauek berriz ere esan behar baitira. Hala ere, kontsulta bat egiteko, egoera normalizatua egotea beharrezkoa da, baldintza batzuek egon behar dute. Gaur egun, galera demokratikoa eta indarkeria dugu, gure eskubide nazionalak ukatzen dituzte… Finean, gure bizikidetza polarizatua dago, eta jarrera desberdinak defendatzea ez da samurra. Beraz, zaila da halako egoera nahasi batean kontsulta bat egitea, lasaitasuna eta berdintasuna behar baitira, eta egun ez dago halakorik.
Beraz, zure ustez, beste ordenamendu politiko batera joateko ETAk su-etena aldarrikatzea lagungarri izango litzateke.
Zalantzarik gabe. ETAk jadanik jakin behar du gatazkaren konponbidea politikatik etorriko dela. Horretarako, su-etena behar-beharrezkoa ikusten dugu, su-eten serio bat.
Zer deritzozu UPNk, PSNk eta CDNk autogobernu txostenaren aurka onartutako adierazpenaz?
Agerian geratu da UPNk zein interes duen euskal kutsua duen guztia Nafarroatik kentzeko. Eta euskal abertzaletasunaren kontrako proiektu espainol horrekin bat egiten dute PSNk eta CDNk.
EAJko EBBk proposatu du Eusko Legebiltzarrak Alderdien Legearen aukako inkonstituzionaltasun helegitea aurkeztea. Zer deritzozu?
Horren inguruko hausnarketa egin behar dugu. Hala ere, zaila da Auzitegi Konstituzionalean konfiantza izatea. Horregatik, EAk beste bide batetik ikusten du estrategia. Zergatik ez egin euskal eremuan alderdientzako lege bat? Gernikako Estatutuan hori egiteko gaitasun juridikoa egon badago…
Lege horren mamia gehiago zehazterik ba al duzu?
Burutazioak baino ez dira, baina hortik abiatu behar dugula uste dugu. Ez dugu geldi geratu behar, ez dugu pentsatu beharmarko hau ukiezina denik. Argi dagoena da lege horrek ez dituela ideiak zigortu behar.
Gaia aldatuz, zer iritzi diezu Gazte Abertzaleek Javier Madrazo sailburuari egin dizkioten kritikei?
Oso adibide txarra da, onartezina da, eta hartu beharreko neurriak aztertzen ari gara. Politikan irainak erabiltzea ez da ona, eta, beraz, ondorioak izango ditu alderdiaren barruan.
Hauteskundeei begira, EAJrekin koalizioan ala bakarrik aurkeztuko zarete?
Nire alderdian azterketak egiten ari gara, geure zerrendak prestatzen ari gara… Alegia, alderdi guztiak ari diren moduan. Hauteskundeen aurrean azterketa politiko serioa egin behar dela uste dugu, bai alderdiaren programa zehazteko, bai egoeraren inguruko hausnarketa egiteko. Egia esan, koalizioan joateak edo ez, horrek duen interesa ez dut ulertzen; barregura eragiten dit beti hori galdetzeak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna