Igandean Zarautzen egingo den Gipuzkoako ikastolen jaian parte hartuko du Eusko Alkartasunako ordezkaritza batek. Mikel Goenaga, Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinatzailea, eta Andone Salbarredi, alderdiko Hezkuntza idazkaria, egongo dira Zarautzen, euskal eskola publikoarekin batera gure hezkuntza sistemaren eskaintza osatzen duen ikastolen proiektuari babesa adierazteko.
Kilometroak 2019 antolatu duen Salbatore Mitxelena ikastolaren ibilbidea goraipatu du Eusko Alkartasunak, euskaraz ikasi ahal izatea eskatzen ari zen inguru euskaldun batean ekimena abiatu zuelako, gainera pedagogikoki aurreratua den proiektuarekin: “Zeuden kateak askatzeko herritik sortutako proiektuen eredu da, eta beti da ikastolen sortzaileek izandako ausardia aldarrikatzeko une egokia”.
Orain arteko formatuan egiten den azken Kilometroak jaiarekin -“Ni, hi, hura, ikastola mundura” lelopean antolatuta- bat egiteko deialdia egin dio euskal gizarteari Eusko Alkartasunak.