EAE-ANV baztertzea «iraganera» bueltatzea dela iritzita, zuzenketa jarri dio PPren proposamenari
Eusko Alkartasunak ez du uste EAE-ANVko hautetsiei alkatetzak kentzea lagungarria denik bakean eta normalizazio politikoan aurrera egiteko. Areago, EAE-ANV «jo eta botatzeko» estrategiaren aurkakoa da. Hori dela eta, osoko zuzenketa jarri dio EAE-ANVk gutxiengoan gobernatzen duen udalerrietan zentsura mozioak bultzatzeko eskatuz PPk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenari. Ezker abertzalea baztertzea bilatzen duen estrategiarekin ez duela bat egingo esan du EAk, «iraganera, alegia, Ajuria Eneko Itunera» bueltatzea delako. EAE-ANVk gehiengo sinplearekin agintzen duen udalak «demokraziarako» berreskuratzeko proposamena aurkeztu zuen PPk Legebiltzarrean hilaren hasieran. Indar politiko «demokratikoei» zentsura mozioak aurkezteko eskaria egiten dute popularrek ekimen horretan. Proposamenari testu alternatiboa aurkeztu dio orain EAk, uste duelako zentsura mozioak Arrasatetik kanpo zabaltzeak «arrisku bizian» jarri dezakeela udalerrietako gobernagarritasuna, eta hain justu hori bermatzea ezinbestekoa dela hiritarren ongizatea lortzeko. Hiru puntuko zuzenketa erregistratu du Unai Ziarreta EAko talde parlamentarioko bozeramaileak Legebiltzarrean. ETAren jarduera irmo gaitzetsi du EAk testu horretan, eta gaineratu du bakean eta normalizazio politikoan aurrera egiteko ezinbestekoa dela alderdi guztietako ordezkariek giza eskubideen aldeko oinarrizko printzipioak bere egitea. Besteak beste, «bizitzeko eskubidea» errespetatzea, giza eskubide «guztien» aldeko defentsa egitea, «pluraltasun politikoa, soziala, ideologikoa eta identitarioa» aitortzea, eta «bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuen» alde egitea funtzeskoa da, EAk testuan dioenez. E. Begiristain
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta