Leire Pinedo legebiltzarkideak zerga politiken inguruko interpelazioa aurkeztu du Osoko Bilkuran. Honen bidez, jakin nahi izan du “ze neurri hartuko dituen Jaurlaritzak EAEko zerga politika Europa eta mundu mailan martxan dagoen estrategia berriarekin lerrokatzeko”.
Zentzu honetan Leire Pinedok gogoratu du zerga politikaren garrantzia, izan ere, “politika publikoen erdigunean dago, zerga politika baita politika publikoak garatzeko diru iturri nagusiena”.
“Azken urtean bizitzen ari garen pandemiak agerian utzi ditu aurretik zetozen hainbat arazo eta gabezia, baita zerga politikari dagokionez ere: enpresa handien ekarpen gero eta txikiagoa sozietate zergaren bidez, aberatsen eta diru sarrera handienak dituztenen mesedetan diseinatutako ihesbide legalak, edo fiskalitate berdeak egiteko duen bide luzea”.
Leire Pinedok dioenez “ongizate-estatu sozial eta duina garatzeko dugun erronkaren aurrean, lehentasunezkoa da baliabide nahikoak edukitzea herritar guztien oinarrizko eskubideak ziurtatzeko, eta gure produkzio-sarearen defentsan jarduteko”. “Hurrengo urteetan egin beharko diren inbertsio guztien ordainketa ezin dira inolaz ere hurrengo belaunaldien bizkar utzi, eta horretarako zerga sisteman aldaketak egin behar dira zerga bilketa handitzeko”.
“Zoritxarrez pandemia bat iritsi behar izan da stablishmenteko ahots batzuek tonua alda dezaten eta Covid tasaz, edo korporazio handiei gutxieneko zerga orokor bat jartzeaz hitz egiten hasteko”. Zentzu honetan Leire Pinedok NDF, G7, Europar Batasuna eta Estatu mailan pausuak ematen hasi direla azaldu du, zergen inguruko erreformak egin eta garai berrietara egokitzeko.
EH Bilduk hainbat proposamen plazaratu ditu azken urte hauetan “zerga sistema hobetzeko, berritzeko eta mende berriaren erronkekin lerrokatzeko, eta horretan dihardugu”.
“Beraz aldaketa haizeak daude zergapetzearen alorrean. Eta aspaldi zerga sistemaren berritzea eta norabide aldaketa aldarrikatu izan dugunoi orain arte beste irakurketa ezberdinean zeuden hainbat aktore ekonomiko eta politiko gehitu zaizkigu”, esan du legebiltzarkideak.
“Europa mailan eta mundu mailan halakoak ikusten ari garen bitartean, zerga politikan neurriak hartzearen beharra gero eta agerikoagoa denean, gurean bai Jaurlaritza bai Foru Aldundien partetik ezer gutxi entzun dugu”, adierazi du Pinedok eta ondorioz interpelazioa egin du.