Unai Ziarretak Zarautzen eman dio hasiera denboraldi politiko honi eta Gobernu zentralaren “zapalkuntza berri” honen aurrean Eusko Alkartasuna ez dela “geldi” geratuko gaineratu du

Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidenteak Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Kontsultaren aurkako debekuaren aurrean “estrategia aldatzea” beharrezkoa dela esan du.

Gainera, horren aurrean “etsipena bakarrik” eskaintzea egotzi die beste alderdi batzuei,  eta haien helburu politikoetan “neurtutako anbiguotasuna” izatea ere, independentziarako “urrats bat gehiago” ez emateko.

Ziarretak Gobernu zentralaren “zapalkuntza berri” horren aurrean EA ez dela “geldi” geratuko azpimarratu eta Auzitegi Konstituzionalak aurkako erabaki bat hartzeak ez duela “prozesuaren amaiera” eragingo ohartarazi du, “goizago edo beranduago, euskal gizarteak etorkizunari buruzko iritzia emango duelako”.

Eusko Alkartasunako presidenteak estatutuetako egungo markua “gainditu” behar dela adierazi du, “motz geratu zaigulako eta gero eta gehiago estutzen gaituelako”.

Zarautzen egin ditu Unai Ziarretak adierazpen horiek, urte politikoari hasiera emateko Eusko Alkartasunak urtero egiten duen ekitaldian. Garaikoetxea lehendakaria, Begoña Lasagabaster, Eusko Jaurlaritzako Larrañaga eta Campos sailburuak eta Ejekutiba Nazional zein Gipuzkoako batzordeko hainbat kide egon dira besteak beste ekitaldi politikoan EAko ehunka kideekin batera.

 

PDF: Ikusi PDFa
Jatorria: Eusko Alkartasuna/EP