EAko presidente Unai Ziarreta Pablo Isasiren aurkako epaiketan izan zen atzo, alderdiko kidea babesteko. Auzitegira sartu aurretik adierazi zuenez, Isasi «jazarpenaren eta manipulazio mediatikoaren» biktima izaten ari da. Amurrioko alkatea «kanpaina bidegabea» jasaten ari dela nabarmendu du Ziarretak eta Isasik zein EAk «terrorismoaren kontra eta giza eskubide guztien urraketen kontra» beti izan duten konpromisoa gogorarazi du. Ziarretak Amurrioko alkatea libre utziko dutela espero du, «ez hankarik ez bururik ez duen» prozedura honentzako «irtenbide posible eta arrazoizko bakarra» hori omen delako. AVTren SALAKETA Pablo Isasi Amurrioko (Araba) alkateak (EA) atzo epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Eleder Zalbide kulturako zinegotzi ohiarekin eta Arkaitz Quincoces eta Alfredo Remirez Herriarenak konpartsako kideekin batera, AVT elkarteak haien aurka jarritako salaketagatik. 2005ean Santos Berganza eta Jose Angel Biguri herriko presoak izan ziren Amurrioko herriko jaietako Erregina eta Ohorezko Dama. Pablo Isasik eta Eleder Zalbidek esku hartu zuten Berganza eta Biguri presoak Erregina eta Ohorezko Dama izendatzeko udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zen ekitaldian. Epailearen aurrean egindako deklarazioan, Isasik ukatu egin du ekitaldi harekin «terrorismoa goratu» edo biktimak «mespretxatu» nahi zituenik, AVT elkartearen salaketak dioenaren kontra. Amurrioko alkateak adierazi du jaietako bi pertsonaiak, Erregina eta Ohorezko Dama, herriko hainbat taldek aukeratzen dituztela urtero eta, 2005ean, Herriarenak konpartsako lagunek izendatu zituztela Santos Berganza eta Jose Angel Biguri . Erabaki horren gainean alkateak ezin duela eragin nabarmendu du Isasik epailearen aurrean. Herriarenak konpartsak Berganza eta Biguriren itxura zuten kartoizko bi irudi egin zituen, Erregina eta Ohorezko Dama izendatzeko jaietako lehen egunean egiten den ekitaldira eramateko. Arkaitz Quincoces eta Alfredo Remirez izan ziren kartoizko irudiak jaso eta udaletxeko ekitaldira eramateaz arduratu ziren Herriarenak konpartsako kideak. Ekitaldian xingolak ezarri ohi zaizkie Amurrioko jaietako pertsonaia nagusiei, baina Isasik uko egin zion kartoizko irudiari xingola jartzeari eta koadrilako ordezkariari ipini zion. Beste xingola jartzeko ardura orduan kulturako zinegotzia zen Eleder Zalbidek hartu zuen. Zalbidek epailearen aurrean esan duenez, une hartan ez zekien nor ordezkatzen zuten kartoizko irudiek; hurrengo egunean jakin zuen, prentsan irakurrita. Quincocesek eta Remirezek ere agertu behar izan dute epailearen aurrean ekitaldi harengatik eta Berganza eta Biguri zergatik hautatu zituzten azaldu dute epaiketan. Biek euskararen alde egindako lan publikoagatik aukeratu zituztela azaldu dute Herriarenak konpartsako kideek, eta baita bi gizonezko izendatu nahi zituztelako ere, «modaz pasea» iruditzen baitzitzaien Erregina eta Ohorezko Dama, ordura arte, beti emakumezkoak izana. Isasi, Zalbide, Quincoces eta Remirezentzat hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute. Horrez gainera, Pablo Isasik hamar urtez kargu publikorik ez betetzeko eskaria du egin du akusazioak.
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta