Berrikuntza krisiari aurre egiteko ezinbestean kontuan izan beharreko tresna dela dio Larrazabalek
Eusko Alkartasunak Legebiltzarrean aurkeztu duen mozio batek Zientzia eta Teknologiaren Legea sei hilabeteren buruan egin dezala eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, Autonomia Estatutuak Ikerkuntzan, Garapenean eta Berrikuntzan (I+G+b) jasotzen dituen eskuduntza guztiak sustatzearren. EAk lege bat eskatu du berrikuntza arloan politika zehatzak bultzatzearren, hori krisiari aurre egiteko funtsezkoa izango baita, eta Euskadiri arlo horretan marko legal bat ematearren. Izan ere, horrek berrikuntzaren euskal sistema egituratzea, helburu zehatzak jartzea, baliabide egokiak ezartzea eta Ikerkuntzarako Euskal Agentzia sortzea ahalbidetuko du.
EAren mozioa Jesus Mari Larrazabalek Legebiltzarrean iragan ostiralean Industria eta Berrikuntza sailburuari eginiko interpelazioaren ondorio da, honen erantzunak Patxi Lopezen Gobernuak berrikuntzari buruzko politikarik ez duela agerian utzi zuelako, hain justu ikerkuntzaren aldeko apustu egitea krisiari aurre egiteko ezinbestekoa denean. “Jaurlaritzak asko hitz egiten du berrikuntzaz orain modan dagoelako, baina praktikan ez du ezer egiten. Madrilen egiten denari jarraitzen dio, baina ez du berezko politika bat”, salatu du EAko legebiltzarkideak. Horregatik, topikoak alde batera utzi eta berrikuntzari benetako bultzada eman diezaiola exijitu dio lehendakariari.
Larrazabalen aburuz, Euskadik Zientzia eta Teknologiaren Legea behar du, “esparru horretan beste inon baino gutxiago ezin gaitezkeelako espainiar Gobernuaren zain egon; Zapatero ez dago berrikuntzan interesaturik eta argi utzi du 2010erako aurrekontuan %15eko jaitsiera onartuz”. Gainera, nabarmendu du EAko agintariak, krisialditik ateratzeko eta merkatu globalizatu batean lehiakorrak izateko beste biderik ez dago Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntzaren alde apustu egitea baino. “Hainbat herritan lan-eskuaren kostuak hain txikiak izanda, haiekin lehiatzeko bide bakarra berrikuntza da, euskal produktuen kalitatea eta euskal langileen formakuntza; lehiatu ahal izateko beste bidea lan-kostuak jaistea litzateke, baina hori, ezinezkoa izateaz gain, erabat onartezina da”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna